Holi, hinduen koloreen jaialdia 2024 MAR. 19 - 08:00h Testua: Eli Txapartegi Argazkiak: AFP eta Getty Images Berriz ere, udaberriarekin batera, milioika hindu kalera aterako dira koloretako pigmentuak elkarren artean jaurtitzera. Bi egunez gaizkiaren gaineko ongiaren garaipena ospatuko dute, pintura, oihu, dantza, kantu eta kasten arteko besarkadaz zipriztindutako eztanda kaotikoarekin. Holi jaialdia da. Belaunaldiz belaunaldi bizirik mantendutako kondaira baten arabera, Kashipu, deabruen erregea, jainko bakarra zela uste zuena, bere seme Prahlad hiltzen saiatu zen, Vixnuren jarraitzailea izateagatik. Zenbait saiakeratan huts egin ondoren, bere alaba Jolikari agindu zion anaiarekin batera su baten erdian jartzeko, hura akabatzeko. Denek uste zuten alabak ez zuela suaren eraginik jasaten, baina, Vixnuk babestuta, semea salbatu egin zen eta, aitzitik, Jolika hil egin zen. Horixe da Holi Jaialdian debozioz parte hartzen dutenek sinisten dutena, eta horrexegatik ospatzen da urtero Holi Jaialdia udaberriaren hasieran, gaizkiaren gainetik ongiaren garaipena ospatzeko. Bi egun luzez irauten duen kolore eta alaitasun eztanda da. Lehen egunean, Holika Dahan izenekoan, sua egiten dute simaur eta egurrarekin, Holikaren heriotza oroitzeko, eta bigarren egunean Rangwali Holi, hinduak gogotsu irteten dira kalera euren artean kolorezko pigmentu distiratsuak (gulal izenekoak) eta ur koloreztatuak elkarren artean jaurtitzera. Horrenbestez, irudi zalapartatsu eta koloreduna sortzen da kaleetan, pinturaz, musikaz, dantzaz, jolasez eta oihu alaiez margotutakoa. Jaialdi honekin udaberriaren etorrera ospatzen dute hinduek urtero. Eta, bereziki, alargunek gozatzen dute, duela gutxi arte debekatuta baitzuten jaialdian parte hartzea. Festan denak berdinak direla diote, koloreek klaseak mozorrotzen dituztela, kasta sistema bi egunez desagertzen dela eta atzerritarrak bertakoekin nahasten direla inolako arazorik gabe. Tradizio errotua dela defendatzen dute, kolore kaotiko eta burrunbatsuz tindatua. Jaialdiak bi egun irauten badu ere, prestaketak oso goiz hasten dira. Adibidez, haurrek jaurtiketak nola egin entseatzen dute eta emakumeak gujiya prestatzen hasten dira, fruituz betetako enpanadilla. Batzuek bhang gehitzen diote menuari, kimuen pasta batekin eta Himalaian landatutako kanabisaren hostoekin egindako edaria. Eta, batez ere, koloretako hautsak pilatzen dituzte eguna iritsi aurretik. Garai batean, sendabelar, lore, espezie eta sendatzeko ahalmen terapeutikoa zuten beste material natural batzuekin egiten ziren, baina egun hauts artifizialak erabiltzen dira, kolore biziagoak lortzearren. Hori bai, aldatu ez dena koloreen esanahia da. Kolore bakoitzak berezia izaten jarraitzen du, esanahi bakarrekoa. Pintura gorriak maitasuna eta emankortasuna sinbolizatzen segitzen du. Urdinak oraindik Krishna irudikatzen du. Horia kurkumaren kolorea da oraindik ere. Eta berdea, berriz, udaberriarekin eta hasiera berriekin lotzen da, beti bezala. Koloreen erabilera ere kondaira batez azalduta dago, zehazki Radha eta Krishnaren arteko maitasun istorioaz. Azken honek bere amari, Yashodari, galdetu zion ea zergatik zeukan Radhak azal zuria eta berak, berriz, iluna. Eta erantzuna izan zen irtenbide bat izan zitekeela Radhari aurpegia kolore ilunez margotzea. Horrela, bi maitaleak berdinak izango lirateke. Krishnak kasu egin zionez, harrezkero maitale guztiek Holiren koloreekin margotzen omen dute aurpegia.