2024 API. 08 - 21:05h Berdeguneek haurren garapen kognitiboan eragina izan dezakete, EHUren ikerketa baten arabera EHUk 1.500 haur baino gehiago bildu dituen ikerketa batek ez du ebidentzia garbirik azaldu inguru berdeagoetan bizitzearen eta lan-oroimenaren errendimendu handiagoa izatearen artean. Aldiz, agerian jarri du ikertzen jarraitu beharra dagoela. Ikerketa bera Europako beste lekutan egingo dute. Mikel Subiza EHUko ikertzailea. (UPV/EHU) NAIZ EHUko Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia Saileko zenbait ikertzailek Haurtzaroa eta Ingurumean (INMA) proiektuan parte hartu dute. Honen baitan, inguru berdeen eta urdinen eta haurren garapen kognitiboaren arteko harremana aztertzen duen ikerlana argitaratu dute. Inguru urdinak ura, edozein motatara, barruan hartzen dutenak dira. Unibertsitateak ohar batean azaldu duenez, Estatu espainoleko 1.500 haur baino gehiagorekin egin dute ikerketa, eta lan-oroimenaren errendimendu handiagoa izatearen eta inguru berdeagoetan edo urdinagoetan bizitzearen arteko froga garbirik azaldu ez badu ere, oraindik lanean jarraitu behar dute. Mikel Subiza ikertzailearen hitzetan, lan honetan «2000ko hamarkadan haurdun zeuden emakumeen kohorte bat bildu zen, haien datuak jaso ziren eta urteetan zehar jarraipena egin zitzaien, haien osasunaren eta seme-alabarenaren bilakaera aztertzeko, hainbat eremutan. Horrela, aztergai izan dituzte bizitokiaren inguruko gune berde eta urdinek haurren garapen kognitiboan dituzten eraginak, inguru berdeagoetan bizi diren haurrek puntuazio hobeagoa lortzen ote zuten ikusteko. «Zehazki, haurren lan-oroimena aztertu dugu: oroimenaren eta arretaren eragin-trukerik sortzen den funtzio exekutibo bat, informazioa denbora-tarte laburretan mantentzeko eta manipulatzeko aukera ematen diguna», azaldu du Subizak. Ikerketak, baina, ez zuen apenas frogarik aurkitu abiapuntuko hipotesia babesteko, hau da, «bizigune berdeago eta urdinagoetan bizitzeak lan-oroimeneko probetan hobeto aritzen laguntzen duela». Subizaren arabera, nazioarteko zenbait ikerketak ondorioztatzen du auzorik berdeenetan bizi diren gazteek emaitza hobeak lortzen dituztela adimen edo oroimen probetan, eta beste lan batzuek, aldiz, ez dute halakorik erakusten. «Gure ikerketan bizitokiaren berdetasunaren neurri batzuk lotuta daude lan-oroimenarekin, baina beste batzuk ez», gaineratu du ikertzaileak. Literatura espezifikoari ekarpena «Ikerketa-arlo honetako ebidentzia ahula bada ere, eta adostasun zientifikoa lortzeko oraindik lan egin beharra dagoen arren, gure emaitzek ekarpena egiten diote literatura espezifikoari, eta etorkizuneko azterlanak justifikatzen dituzte —esan du—. Berdeguneak izateak izan dezake zerikusirik haurren lan-oroimenarekin, baina ikertzen jarraitu beharra dago», azaldu du. Ikertzaileak erantsi duenez, «badago ebidentzia iradokitzen duena berdeguneek, naturak, lagundu egiten digutela estres-maila txikitzen, gure arreta fokuratzen, eta neke mentaletik suspertzeko bidea ere ematen digutela, besteak beste. Garapen kognitiboari dagokionez, baina, ezin dugu oraindik ospakizunetan hasi, azterlan gutxi dagoelako eta ebidentzia oraindik ere mistoa delako». Gaur egun, Subizak Europako LifeCycle (Horizon 2020) proiektuan dihardu lanean, eta proiektu horrek Europako hainbat kohorte-azterlanen ikerketa-datuak biltzen ditu. INMAren antzeko diseinua duen azterlan-sare bat da.