Elkarrizketa Anari Musikaria «Errelatoa garrantzitsua da, eta errealitateari lotuta joan behar du» 2024 API. 14 - 00:00h Iker Gurrutxaga Elkarrizketarako eseri eta Anari Alberdik bere musika ibilbidearen errepasoa egin du, sorkuntzaren, musikaren eta feminismoaren bidezidorretan sartuta. «Giza zarata» da azkoitiarraren lanik berriena, baina ondoko lerroetan datorren solasaldiak ertz gehiago ukitzen ditu. Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen. Bizirik daraman denbora kontuan hartuko bagenio Anari Alberdi Santestebani (Azkoitia, 1970), Ekuatorean, erdi-erdian legoke bere lehen diskoaren kaleratzea. Hogeita zazpi urte pasatu dira ‘Anari’ lana eta ‘Giza zarata’ lanen artean. Erraz esaten da. Urte batzuk lehenagotik hasi zen, ordea, musika munduan. Bideak erakutsitakoaz eta bidean sortu duenaz hitz egin dugu berarekin. Kaixo Anari, zer moduz? Kaixo, ondo, gustura. Aitortu behar dizut nik urduritasun puntu bat badudala. Bueno, bueno, faborez. Ez dakit halakorik sumatu ote duzun batez ere zure ibilbidean gehitzen joan garen elkarrizketatzaileon artean. Hau da, zurekin bidea paraleloan egin dutenekin akaso ez, baina etorri garen berriokin, zu nolabait ere beste errespetu batekin edo tratatzearena. Ez nuke nahi, ezta? Denetara ohituta gaude eta esango nuke gure garaian edota gure garaitik datozen denekin ere ez direla beti apreziatzetik izan elkarrizketak. Bai errespetutik, baina denetik egon da. Hori kostatzen zait, ez daukat arrazoi objektiborik ez ezer zugandik edo gazteagoa den batengandik distantzia bat hartzeko. Bai, egia da zuzenekoetan ere, ‘Zure aurrekari penalak’ diskotik esango nuke, jende oso gazte asko bildu zaigula kontzertuetara. Orain jende gaztearentzat sumatzen dut naizela, Kaurismäkiren pelikula bati generoa aldatuz, ‘Lehenaldirik gabeko emakume bat’ bezalakoa. Askotan gertatu izan zait gaur egun 25 urte dituzten jendearekin hitz egitea eta ikusten nautela ez dakit nik zer lekutan. Eta ni ez naiz sekula honetatik bizi izan; asko jo dut, jotzen dut eta urte askoan joko dut, seguru asko, 50 pertsonen aurrean, eta nire talde erreferentziazkoak eta nire ingurua ere horrela dago. Eszena underground batetik gatoz. Akaso ni urderground horretan oraintxe bistan nagoen arren, baina undergroundak gara. Ni laguntzen nau nire kontestuan ulertzeak. Galdera nahiko bitxia irudituko zaizu akaso egin behar dizudan hau. Anari zara, sortzez Ana Rita deitu zizutelako. Baina zergatik zara Anari eta ez Anarri? Tira, ez zabiltza oso gaizki. Niri Ana Rita jarri zidaten izena eta oraindik ere horrela daukat NANean, une batez ez nuelako denbora hartu aldatzeko eta orain ez dudalako nahi. Nire inguruko batzuek, asko maite dudan jendeak ere, Rita deitzen didate eta asko gustatzen zait. Niri Anari ikastolako andereño batek jarri zidan, bospasei urte nituela, beraz, Azkoitiko jendeak badaki istorio hau. Garai hartako ikaskideren baten amak esan izan dit Anarri, hortik zetorrelako, baina hau andereño batek asmatu zuen, haur hezkuntzan edo lehen hezkuntzan. Gerora, duela urte batzuk ezagutu nuen lehendabiziko Anari, eta harrezkero asko ezagutu ditut, egia esan. Egunen batean, elkarteren batean, bazkariren bat egingo dut Anari denekin, niretzat zerbait kuriosoa delako. Ibilbideari errepasoa ematen hasteko, Psych Out taldean ingelesez jardutetik euskarazko erreferente garbia izatera igaro zara. Bide horretan zein unetan esaten duzu, «begira, hori ere egiten nuen». Gaur egun ere ematen dira horrelako kasuak, ezta? Nahiz eta orokorrean oso katastrofistak garen. Orain, esaterako, EZEZEZ edota Vulk bezalako taldeak erdaratan hasi eta euskarara pasatu dira. Beraz, gauza oso ederra da oraindik ere pasatzea. Kontua da nik Psych Out taldean bateria jotzen nuela, ez nuen abesten, maketaren batean edo zerbait egingo nuen arren. Akaso askori harrigarriagoa egingo zaiona zera da, Azkoitia askorentzat arnaslekua baino birika izango dela euskararentzat, eta bertan prestigio gutxi zeukan trikitixa eszena indartsu bat geneukan eta rockaren eszena zegoen bestalde, eta azken hori gaztelerara oso emana zen. Gure erreferentziazko taldea, Dirección Obligatoria zen, eta ez zuten euskaraz egiten. Gainera, Azkoitiko gaztetxean pop espainiar asko entzuten zen, Nacha Pop, Radio Futura, Golpes Bajos… Antonio Vega jainkoa zen Azkoitian. Hortaz, lehenengo shocka izan zen ni Azkoitian abesten hastea, euskaraz abesten hastea, eta, beraz, euskara batuan abesten hastea. Nire ingurukoentzat ere shocka izan zen. Apurtzailea izan zinen zu eszena horretan eta pausoa ematera ausartu zinen. Zerk esaten zizun barruan urrats hori egin behar zenuela? Gasteizera ikastera joan nintzenean, Gabonetarako, gitarra klasiko bat eskatu nuen, orduko bost mila pezeta balio zituena eta, jotzen ez nekienez, ez nintzen bertsioak jotzen hasi. Akauzazteko Roge Astigarragak astean abesti bat erakusten zidan, nik ikasten nuen Lou Reeden ez dakit zer abesti Re Maior, La Maior eta Mi Minor progresioa zuena. Edota R.E.M. taldearen bat, oso zalea nintzena, La minorra eta Re minorra… minorrak topera. Eta egun batean akorde segida bat jo nuen, eta beste melodia bat asmatu nion horri. Bada, hori izan zen bultzatu ninduena, intuizioa eta letrak idazten hasi nintzela. Zazpi akorde maior eta zazpi minor ikasi nituen, eta zazpi disko eta abar egin ditut horrekin. Eta, aizu, ez dakit gehiago jotzen, baina honaino iritsi naiz, ez da gutxi. Bueno, beharrik bai gitarra joko banu, baina horiekin moldatu naiz. Lou Reed edo R.E.M. bezalako musika erreferentziak aipatu dituzu, baina sasoi hartako literatura erreferentziak zein ziren? Alde batetik hor dago nire COUko irakaslea, literaturako irakaslea; muxu handi bat hemendik Ana Mendietari, eta ederra izan da berarekin nola lotu naizen berriz ere liburua idatzi ondoren. Harremana ere izan dugu. Egun bigarren batxilergoko bigarren maila den eta orduan COU zen ikasturtean, poesiari buruz ikasi genuen, 98ko belaunaldia eta 27ko belaunaldia deitzen direnak, eta niri hor zerbait ireki zitzaidan. Ez naiz ona izan gauza askotan bizitza honetan, baina testu iruzkinak egiten crack bat nintzen, izugarri gustatzen zitzaidalako. Unibertsitatera joan nintzenean, Gasteizera, niretzat mugarria izan zen igande arratsalde batez, Azkoitiko Beckett tabernan nintzela, Ruperren abesti bat entzutea. «Ni puta bat nahiz ohiztutatu zuen» [kantari dio], eta nik nire buruari esan nion, «hau zer da?». Bada hor niri gehien gustatzen zitzaizkidan bi gauzen arteko konfluentzia bat ikusi nuen. Gustukoa nuen beste gauza bat futbola zen, baina ordurako uzten ari nintzen; atezain jokatzen nuen. Aste horretan Ruperren diskografia erosi nuen, ‘Hautsi da anphora’ eta aurretik aterata zituenak. Horrek ireki zidan niri gerora hainbeste eman didan Bernardo Atxaganako leihoa. Abeste haren bidez ezagutu nuen Bernardo Atxaga, eta irakurri nituen orduan ‘Etiopia’ eta abarrak. Bueno, irakurri ez, estudiatu egin nituen. Gasteizen nintzela atera zuen ‘Obabakoak’, eta harekin sentitu nuena sekulakoa zen. «Gauero aterako nintzateke paseatzera» zioen ipuinak kolokatu egiten ninduen. Benetan esan dezaket musikak eta literaturak halako trantze egoeratara eramaten nindutela. Hor dago niretzat denaren muina. Beraz, COUko garaian hasi nintzen abestiak egiten, hori euskaraz idazten hasi nintzen, abesten nituen ikasle pisuan. Eta, egun batez, pisukide batek Gasteizen kontzertu bat antolatu behar omen du. Haren galdera: «Joko duzu, ezta?». Jotzera animatu nintzen. Maketa lehiaketa ere hortik gertu zen. Garirekin partekatu nuen oholtza, eta teknikari lanetan zebilen pertsona jator eta eskuzabalari, hil berri den Jonan Ordorikari, eskatu nion bizpahiru abesti grabatzeko, mesedez. Ziurrenik ‘Gure mundua’ eta ‘Eszeptikoa’ eskatuko nizkion, lehiaketa hartara aurkezteko asmoz. Ezetz esan zidan, abesteko lasai eta grabatuko zidala beste une batean. Hortik zazpi hilabetetara nire lehen diskoa grabatzen ari nintzen. Hasieratako Anariren diskoan badira teklatu hotsak edo gaur egunean oraindik ere badituzun beste zenbait elementu. Egun boladan dauden nazioarteko hainbat musikari miresten gabiltza eta zuk 27 urte daramazu «modernoa» den hori egiten. Seguru asko denbora guztian egitea eta berregitea da, ezta? Entzuten nuena egiten eta berregiten ibiltzen nintzen ni ere. Bat artistikoki sortzen hasten denean, ia denok %80 imitazioa gara, eta %20 geurea. Intuizio handia izan nuen hasiera hartan, gerora jakin dudana esplikatzen, ezta? Nire ustez, lehen diskoaren muina Nirvanaren ‘Unplugged’ izan zen. Nirvana, Mudhoney, Sonic Youth… hauek denak nituen gogoko. Nik gogoratzen dut martxoaren 11n edo irailaren 11n non nengoen, baina era berean gogoratzen dut non entzun nuen lehenengoz Nirvanaren ‘Nevermind’, eta hori Azpeitiko gaztetxea zen. Intuizio batek esan zidan, jakin gabe, nik disko akustiko bat egin nahi dudala, baina rock edo grungetik datorren mundutik grabatua. Euskal Herrian bagenituen erreferentzia akustikoak, klasikoagoak edo folkiagoak, eta intuizioz egindako zerbait izan zen aipatu dudan bidea hartzea. Hasierako ideiara itzuliz, halako ibilbide batean, hasieran, %80-85 besteek eragindakoa bazara eta gainerakoa zu, 25-27 urte pasatzen direnean, alderantziz izan behar du. Hau da, %85 zu eta %15 influentzia, hori ere beti badagoelako. Hau da nire maxima xelebreetako bat. Beste bat da, zu jotzen hasten zarenean zerbait interesgarria egiten ari bazara, zure gurasoei ezin zaie gustatu. Gazteak molestatu egin behar duela, hori askotan esan izan da. Artistikoki eta bestela ere bai, zenbat eta gehiago, hobeto. Norabide onean molestatu egin behar da, edo txarrean, baina fundamentuz. Instrumenturen bati, gailuren bati -gitarraren bat, anplifikagailuren bat, pedalen bat edo zubito bat- izan diozu halako maitasunik edo esan duzu «hau ez dut askatuko». Ez. Gitarra bera, akaso. Baina esango nuke uneren batetik aurrera biolontxeloa izan dela asko eman didan instrumentua. Dena dela, zubitoa aipatu duzu, eta niretzat orain elementu oso garrantzitsua da. Aspaldi ohartu behar nuen horretaz, baina ez nintzen konturatu. Abesteko tonua bilatzeko ezinbestekoa da. Zuk abesti bat egon behar zuen baino grabeago abestu eta grabatzen duzu, eta gero ohartzen zara batzuetan, tonu bat edo tonu eta erdi altuago jarrita, kantuarentzat askoz hobeagoa dela. Drama handiarekin deskubritzen da hori, baina ondoren oso adi egotera pasatzen zara kontu horretan. Beti izan naiz autodidakta, eta gauzetara berandu eta nire kabuz heldu naiz. Baina bueno, badaukat intuizio hori, eta baita puntu basati eta ez bezatu bat, eta horrek asko eman dit. Beraz, ea orain asmatzen dudan bi gauzak uztartzen. Mikel Txopeitia, Drake, Strubell… Zu giro horretan hasi eta hazi zara. Beti musikari onak inguruan, baina beti gizonezkoak. Horri ere erreparatuko zion askok. Beti gizonezkoak, bai. Musikari onak, musikari autodidaktak, bai Mikel eta bai Drake; beraz, Anarik zerbait izan badu da inoiz ez garela aski onak izan guri gustatzen zitzaigun hori modu perfektuan egiteko. Eta hori ona da; izan ere, askotan, talde bat ona, oso-oso ona denean, estilo ariketa batera mugatzen zara. Beti gizonak? Bada, bai, ez dudalako emakumerik bilatu bidean. Hasieran, Mikel eta Drake sartzen diren unean, ez dizut esango emakumezkoak bilatzen nituenik. Mursego egon zen gurekin teklatuak eta biolontxeloa jotzen denbora batez, adibidez. Egia da ez zela egon zerbait kontzientea emakumeak bilatzeko. Orain nire taldeko edozein musikarik ezingo balu jo, nire lehentasuna Anarirekin jotzen den moduan jotzea litzateke eta, horrekin batera, emakume musikaria balitz askoz ere hobe. Gorka Urbizuk inbidia handia eman dit bi emakumerekin taularatu delako. Nahiko nuke emakumeren bat taldean. Dena dela, taldeko gizon feministekin ere konformatzen naiz. Emakumeen presentzia asko nabarmendu da oholtzan. Ibil Bediren adibidea etortzen da nolabait ere, zure eragina izan duen talde bat argi eta garbi. Baina estilo denetan daude emakumeak, eta zu horrekin txoratzen egongo zarela pentsatzen dut. Bai, bai, niretzat sekulakoa da daukaguna, gauza oso ederra da. Garrantzitsua da, eta uste dut garrantzitsua dela aipatzea badirela emakumezko abeslari batzuk niri batere gustatzen ez zaizkidanak eta, are garrantzitsuagoa iruditzen zaidana, haiei Anari gustatzen ez zaienak. Beti genealogia zuzen bat egiten da emakumeetan, baina hori ez da zuzena. Are gehiago esango nuke, uste dut gaur egun euskal musikan dauden emakume gehienak ez direla nik influentziatuak izan, eta badirela mutilak nik influentziatu ditudanak, eta hori diot haiek esan didatelako. Hau da azpimarratu nahiko nukeen zerbait behin eta berriz. Gizonezkoen eragina duten gizonak badirela argi dago, gizonen eragina duten emakumeak badirela ere bai, baina ez dakit aski nabarmentzen ote ditugun emakumeen eragina jaso duten gizonak. Eta, beraz, utzi genealogia faltsu hori alde batera, ez baita erreala. Niri aipatzen dizkidate ez dakit zenbat emakume, baina askotan haiekin ez dut zerikusirik. Noski, badago ahizpatasun bat, ziurrenik gure munduan ere gauza antzekoen biktimak garelako, eta haiekin konektatuko dut tokiren batetik edo bestetik, baina genealogia horrekin hautsi behar dugula iruditzen zait. Amaia Mirandak berak, Gorka Urbizurekin taulan agertu denak eta disko berria kaleratu berri duenak, gogoratzen dut esan zidala berak ez zuela emakumea zelako inork deitzerik nahi, baizik eta gitarra ongi jotzen zuelako nahi zuela agerlekuetara igo. Pentsatzen dut zuk ere nabarituko zenuela. Erabat. Zeu bakarrik iristen zaren tokietan batez ere. Oso gogoan daukat ‘Egunkaria’ itxi zutenean, eseri nintzela mahai batean nik ez dakit nolatan eta gogoan dut esan nuela bertan jarri nindutela titiak behar zituztelako. Nik bertan ikusten nituen niretzat erreferentzia ziren pertsona askoz ere esanguratsuagoak tente eta nire atzean, eta seguru asko publikoki lehenengoz hor izan nuen inpostorearen sindromearen adibidea kontzienteki. Ondoren etorri zen feminismoa, eta hainbeste gauza bezala hori ere esplikatu zigun eta jabetu nintzen hori askotan bizi izan nuela, askotan sentitu nuela eta sentiarazi didatela. Artista eta kideengatik ere zeharka ere iritsi zait, Anarik duena duela emakumea delako, eta kuriosoa da. Hasieratik jaso dut hori. Orain, ordea, emakume sortzaile gehiago dagoenez, gizonezko asko deskokatuta dago, ze gizon askok bere tokia ez du gizon bezala ikusten, baizik eta elementu neutro baten moduan. Emakumea beti da markatua, feminismoa beti da markatua, zeren matxismoa beti hor dago… Inork ez du matxismoa aipatzen, baizik eta horren kontrako indarra bakarrik aipatzen da, baina kontraindarraz beste dagoen guzti hori matxismoa da. Esan Ozenki, Bidehuts… autogestioan murgildutako etxeak nolabait ere. Orain Tristuraren Industria zigilua sortu duzu, beste pauso bat bide horretan. Ez da pauso erraza izan, musikan gehien maite eta miresten dudan jendea Bidehutsen dagoelako. Nire taldekideak Bidehutsen daude, eta zer esanik ez Txap, Mursego, Audience… eta ez dut segituko beste denak ahaztea delako. Nik uste dut faktore desberdinak izan direla pausoa emateko erabakia hartzean. Behar bat nuen nire egitura arintzekoa. Ez noa urrutira, ondoko etxean nago. Eta kostatu zitzaidan, euskaldunak baikara; urteetan landutako gauza bati agur esatea kostatu egiten zaigu. Hasieratik oso ulertua sentitu naiz ordea, eta nire dolu txikia pasatu ondoren uste dut erabaki ona izan dela. Undergroundean ibili zarete beti. Gure ekosistema txiki honetako hainbat zenbakik zorabioa ere eragiten dute, izan katxeak, izan aretoak beteta daudela aurresalmentan… Zu, ordea, beti, xumetik aritu zara. Zorabiatzeko moduko eskaintzarik etorri zaizu eta zuk erabaki ezetz, zure bidetik segiko duzula? Mitoa elikatu behar nuke, eta baietz esan; baina ez, ezin dut esan Sony etorri zaidanik nire diskografia erostera eta milioi bat euro jarri didanik mahai gainean, hori horrela izan balitz hartu egingo nituzkeelako. Ez dut horrelako epikarik sortuko. Guk lanak ditugu estudioko lana bera diskoarekin ordaintzeko. Baina badago gaia katxeen inguruan adibidez, jende gaztearen eta lehendik gatozenen artean eta abar. Baina bizitzan badaude arau batzuk berez horrela gertatzen direnak, eta kito. Nik ez ditut 25.000 euro kobratzen jotzeagatik, baina nik ez ditut 2.000 pertsona eramaten plaza batera. Uste dut doituta egoten dela gauza bat bestearekin, normalean, beraz, ni undergroundean egonagatik ere, horren alde nago. Ez baita zer baldintzatan zauden bakarrik, baizik eta errelatoak ere kontatzen du. Nik orain errelato bat egin dezaket sold out bat daukagulako Donostiako Intxaurrondon eta ia beste bat Bilboko Kafe Antzokian, baina ez da egia, hori ez delako gure errealitatea. Batzuek aipatu dute disko honekin egongo dela halako salto bat, eta hori ere ez da horrela. Errelatoa garrantzitsua da, eta errealitateari lotuta joan behar du. Iruditzen zait sold outaren, salduenaren eta ez dakit zeren kontuak pisu gehiegi daukala. Baina ez, ni ez naiz hori. Eta ez naiz milioi bat euro mahai gainean jarri eta ezetz esango duen hori ere. Literaturan egin duzu sarrera. Bi urte kasik, «Gari eta goroldiozko» atera zenetik. Bestelako diziplinetan ibiltzeko aukerarik izan duzu edo beste diziplinak zurera ekartzeko aukerarik? Izan irratia, telebista, dantza, antzerkia, zinema, arte plastikoak… Undergroundean batez ere gauza hauek gehiago ematen baitira. Bueno, irratian Rogerekin eta Joxerekin ‘KK Flax’ egin genuen hasieratan. Eta ordezkapen bat ere egin nuen lagun batena Egin Irratian, ojo [kar, kar]. Niri ez atera hori e? Auzitegi Nazionalak izango du, bada ez dezala askatu, mesedez. Baina zerbaitekin jo badut edo ukitu badut, hori zinema izan da. Gidoigintza ikaragarri gustatzen zait eta bada zerbait erakartzen nauena. Tristuraren Industria hori ere bada, eta ez ditut gauzak aipatu nahi, ez badira ateratzen gero ez direlako ateratzen, baina gidoigintza bada hor dagoen zerbait. Zinemak asko erakartzen nau; zinema esperimentalak, esate baterako. Esan duzu literatura irakasle moduan ibili zarela urte luzez. Eta ibiliko ere bai nire ustez, eta ibili beharko ere, gustura gainera. Hezkuntzaren maitale, hizkuntzaren maitale… Nola ikusten duzu hizkuntzaren erabilera? Eta ez naiz ari euskaraz, baizik eta dena delako hizkuntzaren mailaz eta kalitateaz. Uste dut munduko hizkuntza denetan dagoela zikintze bat. Bastarta izatearen zera hori, animaliak nahasten direnean eta ematen denean ere gertatzen dena. Hizkuntza bat beste hizkuntzekin zikintzen da. Espainiarrak ere oso arduratuta daude reggaetonaren hizkuntzarekin eta frantsesak ere bai, baina baita ingelesak ere, hinduek ematen dioten zikintze horrekin. Garai global honetan badago hizkuntza denen bastarteranzko zera bat. Zer gertatzen da? Euskara oso txikia dela. Beraz, hor nola asmatu erregela mantendu dadin eta bastardotasunak eta nahasteak, munduan egoteak ematen dituen gauzak uztartzeko? Nola zaindu eta aberastu, onari jaten eman, baina baita erlaxatu eta bestelako erabilera batzuk emateko? Euskara denak behar ditugulakoan nago. Gehiago kezkatzen nau kazetari baten euskara maila eskasak edo pelikula bat ikustera joan eta bertan dagoen euskara maila eskasak. Hor jende profesionala dago, edo egon behar luke, hizkuntzaren adituak behar luketenak. Horrek gehiago kezkatzen nau Chill Mafiaren hizkuntza hautuak baino, musikan esango nukeelako bermatuta dagoela euskararen presentzia. Nire ibilbide artistikoagatik ez lirudikeen arren, ni pertsona positiboa naiz, eta euskal musika egoera oso-oso onean dagoela uste dut. Mezu politikoz beteta zegoen garaian akaso ez, baina gerora abestietan protesta asko egin duzu. Bidea beti da mugitzea, denontzat. Zuk pentsatu behar duzu Esan Ozenkiren katalogoan zer frikada ginen Akauzazte eta Anari. Bi taldeak azkoitiarrak. Jende askorentzat erridikuloa izango zen hori. Nik uste, garai hartan ulertzen nindutenak gehiago zirela gaztelerazko eszenan zeudenak euskarazkoak baino, nahiz eta Ama Say eta abar garai horretan hasi ginen. Mikel Urdangarin nirekin batera hasi zen, baina segituan lotu zen beste tradizio batera. Ni ez nintzen eta ez ninduten horretara lotu, lotuago nengoen gazteleraz egiten ziren zenbait proposamenekin. Nire errebantxa, kar kar, izan zen alderdiren batek ‘Eskerrak ahulak garen’ esaldia aukeratu zuenean. Nork esango zidan niri eslogan politikoak egiten bukatuko nuenik era eta modu hartan hasita, kar, kar. Gero harrapatu ninduen olatu feminista horrek, eta hor dago benetako aizkorakada, zentzu denetan. ‘Amua’ kantuaren bidez, erakusten didate eta irakasten didate kantu hori politikoa dela. Pertsonala politikoa dela garai horretan, ezta? Feminismoak eman dit begirada hori. Azken galdera bat egingo dizut. Herriak noiz utzi behar lioke protesta egiteari? Herriak? Protesta? Inoiz ez. Protestatzeko gero eta aitzakia gehiago dago, eta azken diskoan protestatzeko gehiago sentitu dut, hala daukadalako. Herri batek ez lioke sekula ere protestatzeari utzi beharko; ea gizarteak eta politikak lortzen duten jendeak futbolarekin protestatzen duen maila berean protestatzea, gauzak horrela sentitzea, ezta? Euskara eta ez dakit nik zer sentituko bagenitu jendeak Athletic sentitzen duen bezala, ibilian-ibilian agian sekulako litzateke. Badakit gauza pentsatua dela, zerbait ideologizatua, eta bai Athleticen eta bai Realean dagoen jende eta belaunaldi euskaldun eta ideologizatu batengatik daude orain futbol zelaietan abeslari euskaldunak. Nork esango zigun, baina akaso horietan daukagu salbazio eremu bat. Auskalo. Ea zer datorren. Eskerrik asko, Anari. Eskerrik asko, zuri.