GAIAK

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

‘Txalupa’ kantuaren bideoklipean, Ines Osinaga eta Itziar Ituño elkarrekin

‘#itsasoadabidebakarra’ diskoaren kantuetako bat da ‘Txalupa’, Joseba Sarrionandiaren hitzak dituena. Duela ia urtebete sortutako ideiari forma eman diote Iker Maguregi eta Aitor Arrutiren zuzendaritzapean, eta orain argitaratu. Maiatzaren 31n Andoainen aurkeztuko du diskoa Ines Osinagak.


Duela kasik bi urte eman zuen argitara Ines Osinagak bere azken lana, ‘#itsasoadabidebakarra’. Hala, orain bizi berri bat eman dio diskoari Itziar Ituñorekin batera egindako ‘Txalupa’ kantuaren bideoklipa aurkeztuta. «Iazko udara amaieran, Euskal Herrian eta Kuban zuzenean aurkeztear geundela grabatu genuen bideoklip hau», kontatu digu Osinagak. Iker Maguregi eta Aitor Arrutik zuzendu dute ikus-entzunezkoa.

Bideoklipean egindako bidaiari eta itsasoari berari egin diote erreferentzia: «Argi geneukan bidaiari buruzkoa izan behar zela, eta itsasoan busti behar ginela grabatzean». Itziar Ituño aktore basauriarra da bideoko protagonista, eta Ines Osinagaren amets bat du abiapuntu moduan: «Itziarrekin amets egin nuen behin, eta ametsetan txalupan agertzen zitzaidan… audio mezu bat bidali nion kontatzeko. Berak zer erantzun, eta grabatu egingo genuela!». Bada, orain egin da publiko, grabatu eta ia bederatzi hilabete pasa direnean.

Abesti emozionala da eta emozio hori transmititzea bilatu du bideoarekin Osinagak. «Beste bati begiratzean norbera topatzen duzuneko une hori irudikatu nahi izan genuen. Une hori, zeinetan elkarri bizitza salbatzen diogun», azaldu du arrasatearrak.

Protagonista nagusiak Osinaga bera eta Ituño diren arren, Getariako traineruak ere badu bere garrantzia bideoklipean. «Olatu eta erauntsi artean, arraunean ahizpekin ikusten ez den portu horren bila joan gineneko bidaia da honakoa. Getariako arraunlariek itsasora traineru handia sartu eta Izaro Lestayo patroi zutela zuriz jantzi zirenekoa», kontatu du Osinagak.

Kuba eta Euskal Herria lotzen dituen lana da ‘#itsasoadabidebakarra’ eta hor sartzen da hitzen egilea ere. «Joseba Sarrionandiaren hitzak ditu kantu honek, eta oraindik gogoratzen dut 2011ko urrian, testu hau lehenengoz irakurri nuenean, nola barruan dardara bat sentitu nuen. Yemayari deiadar bat da hau», bukatzen du Osinagak.

Maiatzaren 31n Andoaingo Basteron izango da ‘#itsasoadabidebakarra’ diskoaren hurrengo aurkezpen emanaldia. «Bertan izango naiz nire ahizpa kubatarrekin batera zuzenean hau eta beste hamaika abesti kantatzen. Bazatoz?», luzatu du gonbita Ines Osinagak. Sarrerak dagoeneko eskuratzeko moduan daude.

eta itsasoak beldurra ematen didan arren, hau da horren bila noan bigarren aldia

itsasoa da bide bakarra

Ines Osinaga