Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. 2024 MAI. 14 - 12:00h Barricada taldearen ‘Mañana sera igual’ Modus Operandi eta Afrikaren eskutik ‘Atzo/Gaur’ diskoko bost moldaketek ikus-entzunekoa dute gisa honetara, abesti bakoitzari bideoklip bana egin baitio Modus Operandi taldeak. Bost klasiko berrikusi dituzte 2023an ateratako diskoan. NAIZ Latzenen ‘Laztana’ Aiora Renteriarekin, Berri Txarraken ‘Oreka’ Danae Riañorekin, Ken Zazpiren ‘Itsasoa gara’ Janus Lesterrekin, La Pollaren ‘Ellos dicen mierda’ Duplarekin, eta, orain, Barricadaren ‘Mañana sera igual’ Afrika Bibangekin. Bost kantu, bost moldaketa, bost kolaborazio eta bost bideoklip. Hori da ‘Atzo/Gaur’ disko bikoitzaren ‘Atzo’-k eman duena. «Barricada talde garrantzitsua izan zen 80ko hamarkadan gaztaroan ginenontzat, eta gero gure atzetik etorriko zirenentzat ere bai. Gure omenaldia da», kontatzen dute Modus Operandi taldekoek. Haien hitzetan, abestia «35 urte atzera doa eta garai hartako emakumeen egoera azaltzen du. Testuinguru horretatik egin behar da gaur egun hausnarketa. Drogasek emakumeari egindako omenaldia da, batez ere etxeko lanetan zihardutenentzat, amentzat». Musika aldetik cumbia eta elektronika uztartu dituzte, «Bomba Estereo taldearen antzera». Estilo aldetik, berezko kantutik aldaketa izugarriak ditu eta taldeak berak esan duenez, «rocketik gehien urrundu» diren abestia da, «sousofoia ere sartu diogu, pentsa. Modus Operandi taldearen aurpegi berri bat osatzen du abesti honek», bukatu dute. Kontzertu sorta luzea Aurreko asteburuan Usansolon izan ostean, maiatzaren 18an Astigarragan eta 19an Jatsun izango dira hilabetea Ondarroan bukatzeko. Ekainean eta uztailean ere lau emanaldi izango dituzte, Oiartzunen eta Sestaon ekainean, eta Zaraitzun eta Zallan uztailean. Abuztuan, berriz, zazpi kontzertu iragarri dituzte momentuz, tartean Gasteizko Aihotz Plazan emango dutena Andra Mari Zuriaren egunean.