GAIAK

Kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa 74 urtera arte luzatzea aurreikusten du Osakidetzak

Osakidetzak kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa 74 urte arteko biztanleengana zabaltzeko asmoa du, hau da, egungo programan ezarritakoa baino lau urte gehiagora. Programa hori 50 eta 70 urte bitarteko adin taldean biltzen da gaur egun.

Osakidetzak kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa 74 urte arteko biztanleengana zabaltzeko asmoa du. (Irekia)

Lakuako Osasun sailak eta Osakidetzak bide-orri bat dute kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa EAEko biztanle guztiengana zabaltzeko, 50 urtetik 74 urtera arte, eta horrek «balantze positiboa ekarriko du kostuari, eraginkortasunari, efizientziari eta ekitateari dagokienez», Sailak ohar batean baieztatu duenez.

Nabarmentzen duenez, 2009an kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa programa abian jarri zenean «aitzindarietako» bat izan zen Osakidetza, eta 2013an 50-69 urte bitarteko biztanle guztiengana iristea lortu zuen. Gaur egun, Osasun Sailak nabarmendu duenez, programak «erreferente» izaten jarraitzen du, %72ko partaidetzarekin, Estatuko eta Europar Batasuneko handienetakoarekin.

Duela lau urtetik hona, EAEn 70 urteko pertsonei ere eskaintzen zaie koloneko minbizia bahetzeko programan parte hartzeko aukera eta, gainera, protokoloak indartu dira, eskaintza handitu da eta zirkuituak berrantolatu dira. Pandemiaren ondorioei erantzuteko Lakuako Osasun Sailak eta Osakidetzak hartutako neurri horiei esker, programa, gaur egun, «xede biztanleria osoarengana» iritsi da, eta proba hori egiteko adina 74 urtera arte luzatzea du helburu.

Emaitzak

Kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa programari esker, abian jarri zenetik 4.519 tumore gaizto detektatu dira, %71 hasierako estadioetan, eta horrek bost urtera %95eko biziraupena ekarri du programan parte hartzen duten pertsonen artean.

Gaur egun, 50 eta 70 urte bitarteko 300.000 pertsona gonbidatzen dira urtero batez beste, %72ko partaidetzarekin eta kolonoskopiekiko %91ko atxikipenarekin, kasu positiboetan.

Osasun Sailak azpimarratu duenez, datuek «prebentzio politiken garrantziaren berri ematen dute, Osakidetzak egindako detekzio goiztiarreko programa horien bidez eta minbiziaren eta beste gaixotasun batzuen arrisku faktore nagusiak saihesteko bizi-ohitura osasungarriak sustatzera bideratutako jardueren bidez».

Halaber, funtsezkotzat jo du detekzio goiztiarra, «koloneko eta ondesteko minbiziak eragiten dituen kasuen eta heriotzen kopurua murrizteko eginkizun erabakigarria duelako, nahiz eta azken bi hamarkadetan horien intzidentziak eta hilkortasunak nabarmen behera egin duten».

Urtero detektatzen diren kasuen kopurua gizonena emakumeena baino ia bi aldiz handiagoa bada ere, emakumeen parte-hartzearen ehunekoa %74koa da, eta gizonena, berriz, %68koa. Hori dela eta, Osasun Sailak programan oraindik sartu ez diren pertsona guztiei parte hartzeko deia egiten die, «horrek osasunean eta egungo eta etorkizuneko bizi-kalitatean duen garrantzia dela eta».