2024 MAI. 16 - 08:00h Larhun: trenean eroso, oinez ere goxo Larhun Pirinioetako lehen gailurra da Kantauri Itsasotik ekialdera. 905 metroko begiraleku aparta da, telekomunikazio eta bentaz josia. Kremailera-trena iristen da gailurrera Sarako Santinazio lepotik, baina oinez ere aise igo daiteke Lapurditik eta Nafarroatik. Andoni Urbistondo Handi kutsua du ia denak Larhun mendian, Nafarroa eta Lapurdi arteko mugan. Mendia bera da handia, 905 metrorekin. Fisionomiaz ere mendi puska handia da, eta gailur multzo aberatsa. Larhun inguratzeko buelta ederra eman behar da Bera, Sara, Azkaine eta Urruñan barrena. Lapurdiko kostaldetik eta Landetatik ere oso tente agertzen da, kilometro askotan ikusten den lehen mendia baita. Handitasun horren adierazle, mendiak dituen hainbat datu. Garrantzitsuena: Euskal Herrian bisitari gehien jasotzen duen mendia da. Ez nolanahiko kopuruarekin: milioi bat pertsona jasotzen omen du urtero Larhun mendiak. Bakarren batek esango du, kremailera-trena daukan mendia ez dela mendia. Edo gailurrera kremailera-trenean igotzen dena ez dela mendizalea. Trenean, oinez, korrika edo bizikletan, Larhun tontorra bisitatzen dute denek. Kremailera-trena 1924an hasi zen martxan eta mende bat beteko du datorren hilean. Oso turistikoa da egun. 350.000 bat lagun garraiatzen ditu 5 kilometro eskaseko trenbide estu batean gora: 120 lagun eramaten ditu tren bakoitzean. Egun eguzkitsu edo epeletan jende eman ikaragarria dauka kremailera-trenak, eta udan gailurrera trenean igotzeko asmoa baduzu, erreserba egin garaiz. Santinazio lepoko aparkalekuak ere txiki geratzen dira sarri, auto putzua hartu ezinik. Dagoeneko zeure buruari galdetuko zenion, irakurle, oinez zenbat jende igotzen ote den Larhunera. Honatx erantzuna: kremailera-trenean igotzen denaren kopuru bikoitza. Alegia, 600.000 lagun pasa. Hori bai datu potoloa. Kremailera-trenean eroso, beraz, baina oinez ere goxo. Hainbat bidetatik igo daiteke Larhun tontorrera: Beratik eta Ibardin lepotik pistaz edo xendaz. Lizuniaga lepotik xendaz, hego isuritik, eta Santinazio lepotik trenbidetik gertu doan xendatik. Azkaine bertatik ere igo daiteke Larhunera, mendiko xendan barrena. Kremailera-trenaren aukera itsustu gabe, txango honetan Santinazio lepotik oinez Larhuneraino igotzen den bidea proposatuko dugu, ipar isuritik. Ordu pare bateko igoera dauka. Ez da samur-samurra, 700 metroko desnibel metatua duelako, baina eskaintzen dituen bistak benetan dira ederrak. BISTA IKUSGARRIAK LAPURDI ALDERA Bidea kremailera-trena erabiltzeko aparkalekuan hasten da. Bada atseden gune bat geltoki gainean, eta hura zeharkatu eta maldan gora jarraitu behar da porlanezko pista batean barrena. Pista bukatuta, trenak gorde eta konpontzeko orubearen aurretik pasatuko gara, gailurrera doan trenbidea gure ezkerrean utzita. Pirinioetako pinu basoan barrena egingo dugu bidea aurrena. Errekasto bat zeharkatu eta malda gaiztotu egiten da nabarmen, Korale Handi izeneko txokora iritsi arte. Handik sekulako ikusmira agertuko zaigu ipar eta ekialderantz. Lapurdiko eta Landetako kostalde laua, hondartzetako harea ukitzeko moduan. Baita Aturri ibaia Baionan itsasoratzen den argazkia ere. Ekialdera Urtsuia, Baigura eta Artzamendi kaskoak agertu dira, abeltzainek erretako larreek eragindako su keen gainetik. 400 metroko desnibela irabazten da ordu erdi pasatxoan, baina ondorengo ordu erdia lasaia da, Andriola lepoa igaro, Altsanga mendia inguratu eta Trois Fontaines edo Hiru Iturrietako zabala iritsi arte. Paisaia idilikoa da Hiru Iturriak parajea, kabalak libre bazkan, errekasto emaritsu batean edaten, eta Larhun tontorra gure bizkarrean. Hortik aitzina bidea sigi-sagak egiten hasten da Larhun tontorreraino iritsi arte. Azken aldapan izerdia botako dugu lodi. Ordubeteko igoeratxoa da, Errepausuko lepoan barrena, eta, malkar handirik ez badu ere, tontor gaineko eraikin eta telekomunikazio antena erraldoiak nekez hurbiltzen dira mendizalearen begietara. Xenda zabala da, harritsua, baina tarteka halako eskailerak daude, eta eroso irabazten dira metroak eta altuera. Ibileran jabetzen da mendizalea oinez ere jendetza handia bertaratzen dela Larhun aldera, jendea gora eta behera baitabil etengabe. TRENAREN KRAKATEKOAK Ingurune basatiaren bakea eta isiltasuna kremailera-trenaren krakatekoak hausten du. Tontorrera iristear denean, bozina hotsak ozen entzuten da. Makinistek bi aldiz jotzen dute bozina, bentetako langileei dozenaka lagun gailurrera iritsi direla jakinarazteko. Mendizaleak ere badaki, bozina soinua entzutean bere sufrikarioa bukatzetik gertu dagoela. Trenak gustuko badituzu, haien iritsiera ikustea gozamena izango da. Argazki hori ikusi ostean, erraila zeharkatu beste lanik ez zaigu geratuko, dozena pare bat eskailera igo eta tontorra zapaltzeko. Hauspoari buelta eman ondoren, tarte bat hartu 360 graduko ikusmirarekin gozatzeko. Ikaragarria baita. Konparazioak beti dira mingarriak, baina Euskal Herrian mendi gutxi izanen dira Larhunek adina ikuspegi aberatsa dutenak. Pirinioetako lehen gailurra da, mendebaldetik hasita, eta, Nafarroa eta Lapurdi arteko mugan egonda, kokapen aparta dauka. Mendebaldera Anbotoraino hedatzen da bista, Aizkorri, Aralar, Hernio eta Aiako Harriak aurretik dituela. Hegora Mendaur agertzen da, baita Saioa bera ere. Eta ekialdera Auza piramidea, Adi erraldoia, eta Orhyko kukulla, zuriz pobre eguzkiak azken egunetan elurra lurmendu ondoren. Denak zaintzen Hiru Erregeen Mahaia eta Auñamendi dotoreak ere garbi ikusten dira. Eta iparrera, Lapurdiko kostaldea. Donibane Lohizune, Miarritze, Baiona eta Landetako hondartzak. Noraino ezin jakin, baina oso iparrera, batere lainorik gabeko egurats garbiko egunean. Bista eder horrekin gozatuta, beste bi gozatu hartzeko aukeran izanen zara. Bentaren batean ogitarteko goxo bat eta edari fresko bat dastatu, eta mendian behera abiatu nahi ez bazenu, kremailera-trena hartu eta ordu erditxoan Santinazio lepoko aparkalekuaren atsedenera bueltatu. Euskal Herriko kremailera-tren bakarrak ematen dituen plazerak!