2024 EKA. 07 - 10:52h ‘Ezin ulertu’ single berria argitaratu du Addar taldeak Addar taldeak abesti berria sareratu du, ‘Ezin ulertu’, norberaren barrualdera begiratu eta identitateaz eta bizitzan hartutako norabideaz hausnartzen duen kantua. Ohiko rock gordina oinarri, melodia landua eta gitarren presentzia nabarmena dituen kantua da. NAIZ Addar taldeak ‘Ezin ulertu’, kantu sorta berriko bigarren abestia sareratu berri du. Taldeak apirilean aurkeztu zuen lehena, ‘Lehertu da’, eta hura bezala hau ere Koba estudioetan grabatu dute, Jose Manuel Sampedro ‘Xanpe’-ren eskutik. Ohar bidez azaldu dutenez, ‘Ezin ulertu’ kantu «introspektiboa» da, «barruan sentitzen den ezinegonari buruz» hitz egiten duena. «Norberaren autopertzeptzioa, nor garen, edo bizitzan hartutako norabideak bezalako galderak sortzen dituzten ezinegonak eta ulergaitzak, abestiaren ildo nagusiak dira», azaldu dute taldekideek. Era berean, melodia landua duen kantua dela nabarmendu nahi izan dute, eta, Addarren konposaketetan ohikoa den moduan, gitarrei berebiziko garrantzia eman diete. Kantuaz gainera, bideoklipa ere aurkeztu dute, taldekideak eremu mortu batera eraman dituena. Azaldu dutenez, bideoa Bardeetan filmatu zuten eta eremu hau aukeratu zuten «aurreko bideoaren kolore eta estetikarekin guztiz apurtu» nahi izan dutelako. Bideoa Danel Garayren gidaritzapean filmatu dute eta azalaren ilustrazioaren sortzailea Imanol Rodriguez izan da. Addar 2018an Bermeon sortutako rock taldea da. 2020an argitaratu zuten euren lehen diskoa, ‘Sugarra’, eta atzetik etorri ziren ‘Errautsak’ (2021) eta ‘Gordinik’ (2022). 2020an Rockein lehiaketan euskarazko musika talderik onenaren saria jaso zuen. ‘Ezin ulertu’ bere abesti sorta berritik aurkeztu duten bigarren kantua da eta eskuragarri dago ohiko streaming plataformetan.