2024 EKA. 21 - 02:42h Brigade Loco, Azkena Rock Festival eta euria eskutik hartuta beste behin Txopet taldeak kontzertu oso on bat eman ostean, Brigade Locoren txanda izan da ARFko lehen egunean. Iaz bertan behera geratu zen eguraldi txarraren ondorioz. Aurten euria baino indartsuago izan da talde gipuzkoarra. Euria protagonistetako bat izan bada ere, Brigade Locok kontzertua osorik eskaini du Azkena Rocken. (Endika PORTILLO) Iker Gurrutxaga Ateak 18:00etan puntuan zabaldu dituzte Mendizabalako aparkalekuan Azkena Rock Festival berri bati hasiera emateko. Iaz adina jenderik ez da pilatu lehen orduetan, eguraldiagatik ziur asko. Zeruari begira ekin baitio 2024ko edizioak. Txopet taldea izan da lehena 18:15etan, Bilboko taldeari egokitu zaio aurtengo edizioari hasiera ematea. Iaz BBK Liven hirugarren oholtzan egotetik, aurten Azkena zabaltzera pasa dira. Hirurehun inguru pertsona kontzertua hasterako oholtza aurrean ziren, zain-zain. ‘Nahiz eta Jausi’ diskoa aurkeztera etorri dira bilbotarrak, 2023aren bukaeran aurkeztu zuten beren estudioko lehen lan luzea. Jon Fernandez gitarra eta ahotsarekin hasi da kontzertuaren lehen uneetan, bera bakarrik. Autotunea, chorusa eta jarrera dira taldearen motore nagusiak eta horixe da bertan topatu duguna. Oso freskoa den proposamena inondik ere. Bigarren kantua bukatzerako agur esaten eta guzti hasi dira, txantxetan jakina. ‘Aiztoa erakutsi’ kantuarekin segi dute ordea, diskoko singleetako bat, publikoan zegoen batek baino gehiagok gogotik abestu duen kantua. Beste askoren aurpegiari begiratuta nabarmena zen taldea ezagutzen ari zela gaurkoan. Hala ere, lehen ordu laurdenean publikoa hirukoiztu da. Dinamikekin jolas asko egin dute, barealdi eta parte azkarrak ondo tartekatuz. Hitzartzetan umoretsu Jon Fernandez. Eskerrak emanaz hasi da horietako batean, hiru hizkuntzatan eta bere ingelesari barre eginaz. ‘Neska zaharrak’ oso zuzen sartzen den kantuada, barruraino, eta kontzertuan bada are gehiago. Horren adierazle izan da jendea dantzan jarri dutela. Katamalo taldearen ‘Gurarika’ abestiaren moldaketa kuriosoa ere jo dute, kontzertuaren ostean «aldez aurretik barkamena eskatuz eta errespetu osoz egindako moldaketa» dela esan digute taldekideek. Ia disko guztiari eman diete errepasoa eta ‘Dorrean gora’ izan da azkenekotako abestia. Ahots efektuaren muturreko erabilera egin dute ia bukaeran eskaini duten ‘Nire hitzen gezurretatik’ kantuan. Jon Fernandez jendartera ere jaitsi da, Iñigo Guemesen baxua eta Andoni Barinaga-Rementeriaren bateria soilik erabili dituzten kantuan. ‘Circle pit’ bat osatu, oholtzara igo eta horrela esan du agur Txopetek. Brigade Loco garaiz hasi da eta geratu gabe jo ditu lehen kantuak. Kaskamotz mugimenduan erreferente dira Euskal Herrian, baina gaur bestelako publiko bat zuten aurrean, hala ere mugimenduko batzuk bai eta zaleak ere bai, ez gutxi gainera. Mendizabalako aparkakeku erdia beteta zela ekin dute kontzertua. «Aurten errespetatzen gaitu euriak» esan du Lander Aznalek, baina hori esan orduko lehen euri tantak erori dira. Azkena Rock, Brigade Loco eta euria, eskua emanda doazela dirudi. Jendea berotuz joan da eta «Aupa Reala!» ohiukatu eta ‘Bultzada’ abestia jo dutenean, ukabilak zerura igo dituzte publikoko zenbaitek. «La siguiente canción va dedicado con todo nuestro odio a los fachas que van a El Hormiguero a reirle las gracias al tontolaba ese», bota du segidan Aznalek eta «Euskal Herritik ez dira pasako, Gora Euskal Herria Antifaxista!» oihu egin ostean, beren erreserkietako bat eskaini dute, ‘Ez dira pasako’. Aldarriz-aldarri ibili dira eta «Gora Euskal Herria Askatuta!» ere egin dute oihu. Nabarralderekin elkarlanean egindako ‘Gaztelu beltza’ jo dute orduan, eta horrekin batera eguraldi beltzak bere agerraldia egin du. Publikoak eutsi dio nola ahala kontzertuko lehen lerroetan eta taldeak ere horrela erantzun du, topera, ia atsedenik hartu gabe kantuen artean. Iaz Rancid ikusten egon zenik egon bada gaur, kontzertu gogoangarria eramango zuen etxera. Euria protagonista gaua sartu arte Euriak zapuztu digu Whispering Sons taldearen kontzertua. Urrunera entzuten genuen gure babesgunetik zerbait, baina gauza gutxi, egiari zor. Ty Segallen musika alternatiboa euripean gozatzera, ordea, gerturatu gara. Laukotea indartsu agertu da oholtzan, 90etako izpiritua beren soinuetan barreiatu dutelarik. Publikoa aterki eta xirez hornituta zegoen, kolore asko publikoaren jantzietan Azkena Rock Festival izateko. Koralak, taldekideen arteko batasuna… Forma onean daude Ty Segall eta konpainia eta publikoak tamainako erantzuna eman du. Erritmoetan oso jostari, intentsitateak eta abiadurak gora eta gora egin du; publikoa ere horren neurrian joan da berotzen. Gitarra eta baxu pisutsurik ere entzun da, ‘My Best friend’ kantutzarra horren adibide. Baina, nahikoa bustitzen ari ginenez, Trashvilleko karpara egin dugu salto. Los Sirex 1959an Herrialdi Katalanetan, Bartzelonan, sortutako taldea genuen han zain. Soinua doitu eta beren orduan hasi dira. Adinean aurrera egin dutenak dira, bidean geratu direnak ere badituzte taldean, baina hasieratik dauden bostetik hiru kideak a zer nolako martxa dauten. Gainerakoak ere, gazte-gazteak ez dira. Rock and roll klasikoa eskaini dute eta ‘San Carlos Club’ izan da lehen abestia. Trashville hankaz gora jarri dute beren traje granateak soinean zituztela, beti erabili izan duten janzkera mota da trajearena. 1965eko ‘Los celos’ abestiarekin jarraitu dute, debuteko diskokoa, askoz ere disko gehiago ez dituzten arren. Abeslariak, Antoni Miquel ‘Leslie’k 80 urte bete ditu arren, baina frontman bezala sekulako energia du. ‘Que eso rock’ bezalako kantuekin ‘Jailhouse Rock’ eta halakoak ekarri dizkigute gogora, Elvis Presleyren eragina nabarmena da haiengan. Oso forma onean etorri dira Gasteiza, bi gitarra jotzaileei adinak ez die askorik eragin jotzeko maneretan: solo perfektuak, eta gainerakoak erritmoari bikain eutsiz. Txantxetan 4 ordu jotzeko baimena eman dietela aipatu du Lesliek eta norbait gogoz bada etxera haiekin eraman eta bidetik kantatuko dietela esan du. Koreografiak ere egin dituzte, baita popurriak ere. ‘Yo soy tremendo’ kantutzarrarekin, denak dantzan hasi dira eta beste hiruzpalau kanta geratu gabe eskaini dituzte, ‘Que se mueran los feos’ tartean. Eskola batean izandako pasarte bat kontatu du segidan Lesliek, baina diskurtsoan zaharkituta geratu den musikari horietakoa da. Kanta idatzi zuten garaian 16 urte zituzten neskei eskaini die kantua Lesliek eta ‘Bonita muchacha’ zen kantu hori. Krak egin digu barruan eta Tarque ikustera egin dugu ihes. Rock indartsuagoa, riffaren garrantzia. Horregatik taldeak ere izen hori darama, Tarque y la asociación del riff. Argi espektakulu polita eskani dute, ateri zen ordurako, gaua sartuta…Beste aldarte bat nabari zen. Euskaraz eskerrak ere eman ditu Tarquek, nahiz eta Espainiako rockaren ikur garrantzitsua izan. Badaki nora etorri den. Dena dela, jendea gutxika gutxika God oholtzan tokia hartzen hasia zen bere emanaldiaren lehen minutuak pasa orduko. Jane's Addiction, kartelburu justifikatua 23:35ean hasi dira. Puntual. Trantze egoeran sartzeko moduko abesti batekin eman digute ongietorria, baxua bere marrazkiekin eta gitarra solista atmosfera sortzen, abeslariak hitz bakan batzuk eta nota luze batzuk eskaintzen zizkigun bitartean. Bateriak erritmoaren zama bere gainean hartu du lehen unetik. Berriz ere 90etara egin dugu salto God oholtzan. Erritmoen konplexutasuna eta elkar ulertzeko duten gaitasuna sekulakoa da Jane's Addiction taldean. Bakoitzari bere espazioa ongi ematen diote. Elementu bakoitzari atentzioa jartzen ari ginela, kasik ez gara ohartu argien jolasez, bikainak izan dira. Bitartean, Dave Navarroren joan etorri etengabekoek oholtza betetzen zuten. Bitxikeria moduan, deigarria egin zaigu halako talde batean abeslariak berak kontrolatzea ahotsaren efektuak. Lana bere gain hartu du Perry Farrell abeslariak. Euskal Herrian udan euria egitea ea normala den galdetu dio publikoari eta hemengo ardoa oso ona dela esan lehen hitzartzean Farrellek. Tarte horretan, Eric Avery baxu-jotzailea eseri egin da eta ‘Summertime rolls’ kantua jo dute segidan. Sentikorra, indartsua, amorrua askatzeko horietakoa. Publikoa kantari jarri dute eta Dave Navarrok oholtzatik alde egin du. Gitarra akustikoarekin agertu da eta Averyk ere gauza bera egin du, biak eserita jarriz. Kaliforniakoak direla eta han mendirik eta elurrik ez dutela ikusten esan du jarraian Farrellek, baina mendian ibiltzea eta snowa egitea maite duela. Folkieagoa den kantua eskaini dutelako esango zuen hori, ‘Jane Says’ abestia eskaini duten unean izan baita. Bi akordeko kantuak MTV unplugged mitikoak ekarri dizkigu gogora. Grungearen zera hori akustikoan… saihesteko zaila zen memoriaren atal horretara bidaia. Ardo botila eskuan kantatu du Farrellek. Dave Navarro aurkeztu du segidan eta gitarra-jotzailea nafarra dela esan du. Une horretan ea nafarrik baden Mendizabalan galdetu du eta publikoak bero erantzun dio. ‘Ocean size’ indartsua etorri da horren atzetik, Navarroren gitarra erabateko protagonista duen abestia. Hori bai, ezin aipatu gabe utzi Stephan Perkins bateria-jotzailearen pultsua atabalak mugitzerakoan, a zer nolako teknika duen. «Mundua erotuta dago baina ederra izatea nahiko genuke. Mundu guztia elkar maitatzen, zein diren, zenbat diru duten, zenbat aldiz zakutik hartzera bidaltzen dugun elkar… inporta gabe. Emazteak beti esaten dit txarrak ahazteko eta hari eskaini nahi diot abesti hau», aipatu du Farrell abeslariak. Abesti progresiboa, pasarte desberdin asko dituena, rock banda on batek bere errepertorioan eduki beharreko horietakoa, jam tarte zabalarekin eta kide bakoitzak berak nahi duena egiteko espazioarekin. Hori da eskaini digutena. «Bakean ikusi nahi dut dena, nire haurrak zuenekin jolas egiten ikusi» esan eta jendeak izugarri maite duen ‘Mountain song’ eskaini dute. Izkander Fernandezek esan zigun NAIZ Irratiko MusikHaria saioan diskografian kantu oso garrantzitsua dela honakoa. ‘Stop’ kantuaren introa jartzean, publikoa gora etorri da. Kantutzarra da. Indarra du ertz guztietatik. Dinamika asko duen kantua, sekzio erritmikoak sekulako garrantzia duena eta Navarro nekaezin baten gitarrak jolas asko egiten duena. Jendeari ea kantu bat gehiago nahi duten galdetu diete bukaeran, publikoak noski baietz eta Red Hot Chili Peppersen mundura gerturatu gaituzte. Ez da harritzekoa, Navarrok John Frusciante ordezkatu baitzuen tarte batez talde kaliforniarrean. Bukatzeko hiru tinbal lehen lerrora, hiru instrumentu jotzaileak jolastera beren atabal desberdinekin. Batukada bat bailiran, deskarga soniko eder batekin eman diete bukaera Jane's Addictionek gaurko kontzertu nagusienari. Puak, atabalak, tinbalen partxeak… dena opari eman eta joan dira oholtzatik. Eta gu ere horrekin batera etxera. Bihar Azkena Rock Festival gehiago.