2024 EKA. 22 - 23:49h Folkak ere indarra duela ikusi da Azkena Rock Festivalen azken egunean Moonshine Wagon gasteiztarrek, Glen Hansard irlandarrak edota Sheryl Crow amerikarrak folk eta countryaren inguruko doinuak landu dituzte Azkena Rock Festivalen azken egunean. Haien artean Pi.L.T. talde mungiarrak burua atera du, eta nola gainera, euripean kontzertu aparta eskainita. Etxean aritu dira gaurkoan Moonshine Wagon taldekoak, zaletu askoren babesarekin. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) Iker Gurrutxaga Orduz puntual hasi da gaurko eguna ere. Ordubete lehenago erori diren euri tantek ez dute publikoa lehen orduan atzokoan bezain beste erakarri, eguzkiak horretan asko laguntzen du. Gasteiztarrak diren Entropia taldea izan da oholtzara igotzen lehena, Respect oholtzan. Gaztelerazko rock progresiboa, sinteek lagunduta, gozotasuna nagusi, post rockaren eta hard rockaren mundutik ere edaten duen taldearen eskutik. Tabernan dauden langileei eskerrak eman dizkie Jon Bellido teklatu-jotzaileak, haiek ere badirela ARFren parte. Keinu polita langile klaseari. Bi euskal talde, oso desberdin, ordu berean bi oholtzatan segidan. «Tell me why» abestuz urrunetik entzuten ari ginen Moonshine Wagon taldekoak, country musika, bluegrass indartsua zehatzago esanda haien eskutik. ‘First world problems’ kantuarekin jarraitu dute, hau ere beren ‘Self destruciton’ azken diskokoa. Mungiako Pi.L.T. taldearen itzulera handik bost minutura hasi da. Mungiako taldeak jende pixka bat bildu du oholtzaren bueltan. Lauak elkarrekin sartu dira oholtzara, beltzez jantzita, Aitor Abio teklatu-jotzailea gona luzearekin. ‘Automatak bezala’ kantuarekin hasi dute kontzertua, ‘Denbora’ diskoko abestia. Ileak urdindu zaizkie taldekideei, baina pilak goraino beteta dituztela ikusi da eta eskuetan herdoilik ez. ‘Hotzez minduta jo dute’ segidan, hau ere Denbora diskokoa. Gasteizera itzultzeko gogoz zirela esan du Rafa Ruedak, pozik eta hunkituta ere nabaritzen zitzaion hitz egiterakoan. Gitarrari kolpe batzuk eman eta aurrera segi dute, ‘Zuloa’ kantua etorri baita ‘3’ diskotik, ahotsarentzar oso esijentzia handiko kantua, baina bikain eraman du aurrera Ruedak. Tarte batez oholtzaz aldatu gara, Moonshine Wagonekoek ea zer nolako giroa zuten ikustera. Bada, jende asko zen bertan, eta iritsi garenean, ezkontzeko eskatu dio Victor Martin kontrabaxu-jotzaileari bere bikoteak oholtzara igota, Goiatz Dutto biolin-jotzaileak Bachen ‘Minuet’-a jo duen bitartean. ‘Days go bye’ kantu hunkigarria eskaini dute atzetik. Azkenan egin diren ezkontzak ikusita, akaso hauena izango da datorren edizioan. Whiskey garestidun botila batetik trago bana eman die bikoteak gainerako taldekideei. Fandome garrantzitsua du laukote arabarrak, haien izena zeramaten kartelak eta guzti ikusi ditugu publikoan. Pozarren ziren emanaldia bukatu denean. Bueltan God oholtzara itzuli gara eta Pi.L.T. ‘Zein’ kantua jotzen ari zen euri zipriztinak ere erortzen hasi direnean zerutik. Segidan etorri da klasikoetan klasikoena, taldeari ospea ‘Hil Da Jainkoa’ jotzen hasi dira eta publikoaren erreakzioa berehalakoa izan da. Indarrez segi dute ‘Jo’ kantuarekin eta hor iritsi da Abioren unea, mikroarekin, trantzean zen kontzertuaren hasieratik eta lurrean bueltaka bukatu du. «Plazera izan da zuekin elkartzea», esan digu bertaratuei Rafa Ruedak; bukaera azkar etorri da. Arratsalde anitza The Frames talde irlandarrean hasi zen aspaldi eta bakarkako bidean ari da egun Glen Hansard. Irish-rock musikaren bueltan lau disko egin ditu, azkena 2019ko ‘This Wild Willing’. Kantu gozo eta lasaiak, doinu benetan indartsu eta energiaz betetakoekin tartekatuta. Jende mordoxka baten aurrean aritu dira, publikoa emana zegoen erabat. Bidenabar, a zer nolako ahotsa duen Hansardek eta a zer nolako eskuin eskua, erritmikoa, gitarra jotzerako garaian. Zerikusirik ez The Detroit Cobras taldearen musikak, beste energia bat dute haiek, taldearen izenak adierazten zuen zerbait. Egun taldean Marcus Durant dute abeslari, Zen Guerrilla taldekoa, Rachel Nagy berezko abeslaria hil egin baitzen. Hasieratik hor dagoena, ordea, Mary Ramirez da, gitarra jotzaile aparta. Estatu Batuetako rock alternatiboan murgildu gara haiekin. Europa eta amerikaren arteko desberdintasunak ongi markatzen zituzten bi proposamenek. Warren Haynes Band Ipar Karolinako taldea etorri da segidan, groove asko duena. Musikari beltzak kideen artean edukitzeak arrazoitu dezake hori guztia. Rock blueseroa, Warren Haynes beraren gitarrak nagusi dituena. Dagoeneko 64 urte dituen arren, forman dago. Saxoa eta teklatuen doinuak ere apartak izan dira. Baina bateria hori, sinplea bezain bikaina izan da. Hard rockaren mundua eta soularena ere besarkatu dituzte beren kantuetan. Jendea pilatzen joan da nabarmen Azkena Rocken, siesta orduak ez du barkatu itxuraz. Ez dakigu gaur folk generoa nagusiago zelako izan den edo ez, baina koadrodun alkondara asko ikusi dira eta John Deer enpresaren bisera ugari ere bai. Enpresa hori traktore berdeak egiteagatik da ezagun munduan. Mavis Staplesen txanda etorri da gero. Chicagoko abeslariak 85 urte ditu, oholtzara lagunduta sartu da; elegantzia pertsonan. Baxua, gitarra, bateria eta lau ahots, erabat organikoa musika guztia. Koristen artean zuri bat, soloak egin dituenero ulertu dugu zergatik dagoen Staplesen bandan. Soula izan da nagusi, gospel ukituekin. Bandakoak ere adinean aurrera egindakoak ziren, gazteenek 60 urteren bueltan ziango zituzten. Bere zatiak bukatzean eseri eta tea edanaz ibili da Staples, eserita ere abestu du kanturen bat edo beste. Nekeak gaina hartzen ziola lasai kontatu digu bertaratuei. Eta, eserita ere, sekulako potentzia du bere ahotsak. Publikoari zuzendu den lehenengo aldian, jainkoak zaindu gaitzala opatu digu. Chicagoti, Illinoistik datorrela esan du jarraian, down home bluesaren etxekoak direla, Miles Coltrane bezalakoak izan ditu gogoan. «Rocka nahi baduzue, guk emango dizuegu» esan du eta kantu berri bati ekin. Iaz Ana Popovicekin eraman genuen sorpresaren tamainakoa izan da gaur Mavis Staplesen eskutik etorri dina. Bukaera aldean ‘You Are not alone’ sentikorra etorri da, a zer nolako maila erakutsi duen talde guztiak. ‘Slippery People’ funky batekin jarraitu dute, groove askoko kantua. Publikoa dantzan aritu da aldarte zoragarrian. Banda oholtzan zela agurtu gaitu Staplesek. Bejondeiola. Oroitzapenak desblokeatuz Sheryl Crowe 22:00etan hasi da bere emanaldiarekin. Rock And Roll Hall Of Famean sartu berritan jakin genuen bazetorrela aurtengo Azkenara. Introrako Rolling Stones ‘Start me up’ hautatu du Crowek, baina minutu bat pasa denerako hasi da bera, gitarra elektrikoa zintzilik, ‘Real Gone’ abestiarekin, eta hurrengorako akustikora aldatu da ‘A change would you do good’ eskaintzeko. Seikotea izan dira oholtzan, saloon bateko estetika zirudien orkestrazioarekin. Pareteko pianoa eta hammonda, naiz eta bestelako gailuren bat ere ikusi dugun. Estetika nahikoa countrya zuten aurreko aldean, bi cowboy gitarra banarekin baitzituen Crowek ondoan. Sherylen estetika ez zen hain texastarra. Missourikoa izan bera. Motorrean ibiltzeko larruzko txupa bat, azpitik kamiseta bat eta galtza bakero ezkoztatuak. Lehen hitzartzean jendeari a ingelesez badakien galdetu eta berak gazteleraz ezetz aipatu du. Gasteiza berriz itzultzeaz pozik agertu da eta etorri ziren aurreko aldian publikokoak oso umeak zirela esan du txantxetan. ‘Run, baby, run’ balada jo dute segidan. Gaztelerari aipamenak egiten jarraitu du gero, ez daki nonbait Euskal Herrira etorri dena. Dibertsioa nola esaten den gazteleraz galdetu, dibertigarria den ‘All I wanna do’ eskaintzeko. Hori sikiera. Publikoak gogotik abestu du kantua, egiari zor. Bandaren herena emakumeek osatu dute gaurkoan, ahotsetan eta teklatuetan zegoen Crowez gaindi bigarrena, Nashvillego Jen Guderman. Abesten fin eta teklatuetan are finago aritu den musikaria. Instrumentu trukaketa egin dute ‘My Favorite Mistake’ abestian, Sherylek baxua hartu du soinean. Pop kantu modernoagoei ere zabaldu diete tartea, oso 2000etako soinua duen ‘Leaving Las Vegas’ kantuarekin, 2009koa den abestia, ahotsen konponketa ederra duena. Publikoak ere hartu du parte abestian. Country eta folk mundura eraman gaitu segidan ‘Strong Enough’ abestiarekin Sheryl Crowek. Soinu beroa, xehetasunak zenbat nahi beste gitarra eta teklatuetan. «Etxetik oso urrun gauden arren, oso gustura aurkitzen gara hemen. Kultura sortzen dugu eta zuentzako da hori», aldarrikatu du musikari estsatubatuarrak. Gitarra jotzaile bakoitzak lauzpabost erabili ditu kontzertuan. Azpiegitura aldetik, ziurrenik, talde esijenteenetakoa izango zen aurtengo Azkena Rock Festivalen Crowena. Edateari buruzko kantu bat zetorrela aipatu du segidan Crowek: «Non duzue edaria? Nirea falta da! Tea dirudi baina bourbona da. Horri buruzko kantua, da segidan datorrena, berria». ‘Evolution’, izen bereko 2024ko diskoko abestia, disko horretako bakarra dena esan behar bada. 12 sokako gitarraren soinu disdiratsuak eman dio jarraipena kontzertuari, Cat Stevensena den kantu baten bertsioa eskaintzeko erabili dute, ‘The First Cut is the Deepest’ kantu lasairako. Atzetik rockera bidaiatu dugu, baina ‘If It Makes You Happy’ hasi denean publikoan «ooooh» sakon bat entzun da eta kantari hasi dira guztiak. Kantu aski ezaguna, bere entzunenen artean hirugarrena. Beste ekoizpen bat duen kantua etorri da gero, argiagoa eta poztasuna sortzen duena, ‘Soak Up the Sun’. Belaunaldi batzuentzako sekulako oroitzapenak ekarri dituen kontzertua iza da, nostalgia dosi handikoa. ‘Everyday Is a Winding Road’ etorri da ia bukaeran, Erin Brockovich pelikularen soinu bandako kantua eta bisik gabe segidan jo dute azkena ‘Steve McQueen’, bukaera ederra kontzertu eder batentzat. Gau luzea aurretik Estilo aldaketa Pshycedelic Porn Trumpets Australiarren eskutik etorri da lehendabizi Love oholtzan. Jende ugari zen iritsi garenerako haiek ikusten. Boskotea, erritmo eta riffetan jostari rock alternatiboaren bueltan. Handik gertu, 2025eko sarrerak erosteko ilaran ere jende asko ikusi dugu. Ia uneoro zegoen ilara ticketak erosi nahi zituen pertsonez osatuta. Rock lasaiago bat eskaintzen ari ziren bitartean St. Paul & The Broken Bones taldekoak, haize sekzio interesgarri batekin. Rocka geroz eta funkyago bihurtu da, ordea. Aurten oholtzan ikusi dugun haize sekzio bakanetakoa izan da eta oso onak izan dira kobrezko instrumentu horietatik ateratzen ziren soinuak. Gozatu ederra hartu dute bertan izan direnek. Band of Horses hasi eta berehala bukatu dugu aurtengo kronika. Jendez mukuru oholtza nagusia, folk-rock teorian, batzuetan power-pop mundura gerturatzen dena eta tarteka emoa ere besarkatzen duena, ordu eta erdiz hori izango da bertan entzungo dena. All Them Withces eta Lendakaris Muertosen zain ere asko eta asko daude. Ea nolako bukaera izaten duen aurtengo Azkena Rock Festivalek. Beste behin ere pozik publikoa, datorren urterako gogoz joango dira ziurrenik gehienak.