GAIAK

Udako girorik gabe baina jai giroan piztu dira San Joan suak Euskal Herri osoan

Euskal Herrian zehar hainbat auzo eta herritan igande gauean izandako San Joan suek udari hasiera eman diote. Tenperaturak gorabehera, euriak ez zuen jaia zapuztu Hernanin, Agurainen, Tolosan, Guardian eta Gasteiz, Bilbo edo Donostian, esate baterako.


Udako eguraldirik gabe eta toki askotan euriak lagunduta, udako solstizioari hasiera ematen dioten San Joan suak izan dira igande gauean Euskal Herriko makina bat txokotan. Herri askotan, gainera, suak datozen egunak girotuko dituzten jaien hasiera izan dira.

Gipuzkoan Arrasaten, Eibarren, Tolosan, Andoainen eta Hernanin ospatzen dira San Joanak, besteak beste, baina ia herri eta auzo gehienetan piztu ziren suak. Bilbon bakarrik, 17 auzotan piztu zuten sua igande gauean. Gainera, Getxon, Sopelan, Barakaldon, Galdakaon, Igorren, Bakion, Lekeition, Axpen, Durangon eta beste hainbat herritan ere ospakizunak izan ziren.

Nafarroan, Arbizun, Barañainen eta beste hainbat auzo eta herritan ospatzen dute San Joan. Arbizun igande gauetik, San Joan bezperatik, datorren larunbatera arte egongo dira jaietan murgilduta. Barañainen San Joan sua egon bazen ere, jaien egitarau ofiziala ekainaren 26tik 30era arte izango da, datorren asteazkenetik aurrera.

Arabari dagokionez, Agurainen, Ribabellosan, Manzanosen, Lukianon, Guardian, Trebiñun eta Ozaetan, besteak beste, egin ziren San Joan suak. Gasteizen ere Judimendi eta Arriaga auzoetan jendetza elkartu zen suaren inguruan igande gauean 2024ko udari harrera egiteko.