2024 UZT. 04 - 22:26h Airearen kutsadurak heriotzen %7 eragin ditu Indiako hiri handienetan Lancet Planetary Health-en argitaratutako ikerketa baten arabera, Indiako 10 hiri handienetan izandako heriotza guztien %7 baino gehiago airearen kutsadurak eragin zituen 2008tik 2019ra. Kutsadura New Delhin, Indiako hiriburuan. (Arun THAKUR | AFP) NAIZ Indiako 10 hiri handienetan izandako heriotza guztien %7 baino gehiago airearen kutsadurak eragin ditu, ostegun honetan zabaldutako ikerketa baten arabera. «Gure emaitzek, 2008tik 2019ra bitarteko Indiako hiri nagusietako datuetan oinarrituta, erakusten dute heriotzen %7 inguru egunero PM2,5 partikulen eraginaren ondorio direla», laburbildu du ohar batean Jeroen de Bont, Lancet Planetary Health-en argitaratutako ikerketaren egileetako batek. Ikerketa egiteko, minbizia eragiten duten mikropartikulen mailak aztertu dira Ahmedabad, Bengalore, Mumbai, Kalkuta Chennai, Delhi, Hyderabad, Pune, Shimla eta Varanasi hirietan. Diotenez, 2008tik 2019ra, urtean 33.000 heriotza baino gehiago izan daitezke Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) emandako gomendioen gainetik dagoen PM2,5 mailako esposizioagatik, metro kubikoko 15 mikrogramokoa. Egoera okerrena Delhi hiriburuan aurkitu dute, urtean 12.000 pertsona hil baitziren airearen kutsaduraren ondorioz hiri horretan, heriotza guztien %11,5. Airearen kalitate estandarrak gogortzea Poluzioa hain larria ez dela uste den hirietan ere, hala nola Mumbain, Kalkutan eta Chennain, heriotza maila handiak izan ziren, ikertzaileen arabera. Horregatik, airearen kalitate estandarrak gogortzeko eskatu zuten. Indian egungo gomendioa metro kubikoko 60 mikrogramo PM2,5 da, OMEren gomendioa baino lau aldiz handiagoa. Muga murrizteak eta betearazteak «milaka bizitza salbatuko» lituzke urteko, adierazi du Harvard Unibertsitateko Joel Schwartzek, ikerketaren egileetako batek.