2024 UZT. 09 - 13:04h BBK Live: Grace Jonesen zain, ‘gerraren’ aurreko lasaitasuna dago Kobetamendin Belardi hezearen gainean, jaialdiaren gune nagusiko hiru agertokien egiturak altxatzen dira. Teknikoak, argiztapenean eta soinu-dorreetan lanean. Sekula baino berdeago dago Kobetamendi; BBK Live jaialdira etorriko diren zale –35.000 bat espero dira– eta musikariei itxaroten ari da. Agertoki nagusian, lanean. (Oskar MATXIN | FOKU) Amaia Ereñaga Gure inguruan etenik gabe lanean ari diren arren –soinu-dorreak edo argi-dorreak altxatu, egiturak apaindu...–, asteartean Bilboko Kobetamendi parkean lasaitasuna da nagusi. Gerra piztu aurretik sortzen omen den lasaitasun geldo hori dagoela esango genuke; hemen, ostegunetik larunbatera bitartean, Bilboko BBK Live jaialdiaren edizio berri bat burutuko baita. Daukagun uda zoro honen eraginez, belardia berde-berdea eta bustita dago. Agertoki nagusian, egitura metalikoa bistan; ez baita plastikorik jarriko, jaialdiak horrela erabakita. Iaztik gelditu zitzaizkien egur batzuk berrerabili dituzte apaingarri gisa. Bigarren eszenatokia ere ia ‘biluztuta’ dagoela dirudi: apaingarri legez, soilik, negar tanten itxurako zintzilikario batzuk, agertokia inguratzen, eta atzean, Ezkerraldeko mendiak. Zapakinez eta algaz egindako biomaterial bat erabili omen dute apaingarrietan, aipatu digu Eva Castillok, BBK Live-ren komunikazio arduradunak. Zenbat agertoki daude guztira? «Hemen, Kobetamendin, zazpi. Guztira, jaialdiak 12 agertoki ditu», gehitu zuen bigarren agertokira gerturatzen ari ginen bitartean. Hedabideok azken prestaketa lanak aurrez aurre ikusteko aukera izan dugu. Sistema amerikarra Berdeagoa eta zabalagoa dirudi jaialdiaren gune nagusiak. Hemen hiru agertoki daude –nagusia, bigarren agertokia eta karpa bat–, eta gainerakoak parkean sakabanatuta daude. Gune nagusi honetan aldaketak egin dituzte, iaz agertoki nagusian egin zen bezala, bigarrenean ere argia eta doinuaren kontrola bi egituretan banatu direlako. Hau da, ohiko dorre handi eta bakar baten ordez –normalean kontzertu eremuaren erdian jartzen dena–, bi dorre txiki eta txapal ezarri dira, bakoitza alde batean. Honi amerikar sistema deitzen zaio, eta ikuspena handitzeko egiten da. Horrez gain, agertoki nagusiaren parean dagoen mendiaren malda eraikinez garbitu da: handik bertatik ere ikusi ahal izango dira kontzertuak. Nora Sarasola, BBKko Gizarte Ekintzaren zuzendaria; Alfonso Santiago, Last Tourreko CEOa eta Xabier Ochandiano zinegotzia. (Oskar MATXIN / FOKU) Mota honetako jaialdi bat antolatzea ez da erraza. Adibidez, baliteke hiru urtez artista baten atzetik ibili behar izatea. Hain justu, hori gertatu zitzaien Grace Jonesekin, Alfonso Santiagok, Last Tour musika sustatzailearen CEO eta fundatzaileak, aitortu digunez. 76 urte dituen ikono beltza, New Yorkeko 70eko hamarkadako gauen erregina, kartel-buru izango da ostiralean, 12an. Ostegunean, hilak 11, Massive Attack talde britainiarra izango da kartel-buru, eta larunbatean, 13an, Arcade Fire kanadarra. Larunbateko sarrerak, adi, ia agortzear daude. Jaialdi ereduak Last Tour da jaialdi honen antolatzailea, Bilboko udalaren laguntzarekin batera. Jaialdi erraldoien eredua modan dago, baina, era berean, kritikak eragiten ditu. BBK Livek eredu propio baten aldeko apustua aspaldi egin omen zuen, Alfonso Santiagoren hitzetan: «Gu ez gaude kantitatearen lasterketa horretan, kalitatearen lasterketan baizik. Guk aspaldi hautatu genuen eredu hau, 34.000 pertsonen neurrikoa. Oro har, egia da egungo joera formatu txikiagoetarantz doala, 2.000 eta 30.000 pertsona arteko kontzertuekin. Halere, musikaren joera gorantz egitea da. Azken datuen arabera, gaur egun musikak sarrera asko saltzen ditu, ia futbolak bezainbeste». Ados, buelta gaitezen aurtengo ediziora: «Garrantzitsuena letra txikia da; ez zaitezte bakarrik izen ezagun eta ospetsuenekin geratu. Agian, aurten entzungo duzun talde txiki bat urte batzuen buruan kartel-buru bezala itzuli daiteke Bilbora. Nire gomendioa hauxe da: ezusteak jasotzeko prest egon zaitezte», dio. Izen batzuk aipatu dizkigu: Parcels (ostiralean) –funka eta soul jorratzen dituen taldea; dantzatu nahi baduzu, hauek aproposenak– eta Mulatu Astatke, 80 bat urte inguruko musikari etiopiarra (larunbatean, Txiki eszenatokian). Azken honek afrocubop estiloa lantzen du eta, esaten dutenez, BBK Live-ren edizio honetako sorpresa handietako bat izan daiteke. Autobusean jaitsi gara Bilbora berriz, hurrengo egunetan musika zaletuek egingo duten bezala, doako autobusetan. Halere, igotzeko aurrez tokia gorde daiteke internetez (3,5 eurotan). Eta gomendio bat: gogoan izan sarrerak eskumuturrekoekin trukatu behar direla aurretik, zeren ezingo da jaialdiaren esparrura eskumuturrekorik gabe sartu.