GAIAK

Bestaren errepublikan, haurrak errege Baionan

Haurrei eskainitako egunean entsegu berezia emanen dute plantan Baionan. Herri giroa bultzatu nahirik, baita kale animazioan jarduten duten talde eta elkarteen lanari zor zaien begirunea agertzeko ere, hainbat ostatuk kalean ezartzen dituzten bozgorailu isilduko dira ilundu bitartean.

Baionako haurrek ez diote iskin egin Leon erregearen lehenengo iratzartzeari. (Patxi BELTZAIZ)

Haurrei eskainitako eguna izateaz gain, ostegun honetan, entsegu berezia emanen dute plantan Baionako besten karietara.

Herri giroa bultzatu nahirik, baita kale animazioan jarduten duten talde eta elkarteri zor zaien begirunea agertzeko ere, hainbat ostatuk ezartzen dituzten bozgorailu isilduko dira egunean zehar eta arratsaldeko 19.00ak arte.

Besta giroa birlokalizatzeko ekimenak izanen duen jarraipenaren zain, etxeko erregeek plaza hartu dute, gaur goizean goiz, Baionan.

Goizeko 8.30tan abiatu dira animazioak, Baiona Tipiatik gertu dagoen Mousserolles atean 'Mouss’Roll' izaneko animazioarekin, hain zuzen.

Iaz estreinekoz, Mousserollesen bizi diren auzoen bultzadapean, gune berria eskuratu zuten Baionako bestek.

Aurten, bigarrenez, egunean zehar topagune lasaia eskainiko zaizkie bertan bestazaleei.

Behin musika eta dantzarekin gorputzari lehen astindua eman ondoren, prest ziren haurrak eguerdi bitartean garatu beharreko besta ibilbideari ekiteko.

Txokolate edan eta entzierrora!

Txokolatearen hiriburuan, Betisoak peñak eskainitako edari gozoak botere magikoak ditu, omen.

Gaztetxoek forman direla erakutsi dutelako entzierro ttipiaren karietara. Lasterkaldi ausart batzuk ikusi badira ere, nehor ez da zauritu, zorionez.

 

Zezena bihurrikerietan hasten denean, hau beldurra! (Patxi BELTZAIZ)
Zezena bihurrikerietan hasten denean, hau beldurra! (Patxi BELTZAIZ)

Zezen batzuk bihurriak zirenez, izu aurpegiak ikusteko parada izan da entzierroaren ibilbidean.

Besteak peñak ez du, bestalde, kale egin eta buru handi eta danborradaren desfilea garatu du Jakes Portes eta Askatasun plaza artean giro paregabean txiki bezain handi diren bestazale horiek haien eginkizun nagusira emeki emeki bideratuz.

1996az geroztik haurrei eskainia zaien egunak une berezi bat duelako.

Hala, eguerditan tanko, Leon Erregea esnarazi dute oihuka, gurasok edo aitatxi-amaitxik lagundurik, Askatasunaren plaza mukuru bete duten haur eta gaztetxo baionarrek.

'Altxa, altxa, gora Leon!' kantatu dute milaka eztarri txikiek aurten gortearen jostunek eginiko lan bikainari esker janzkera berriturik dotore balkoian azaldu den Leon Erregea.

Leon erregearen lehen itzartzea bermatu ostean, udal balkoitik hiri gaztetxok jautiriko gakoak jabeturik, bestazale gazteak egunak eskainiko zaizkien beste hamarnaka animazioaz gozatzera joan dira.

Herriko Etxeak berritu duen Poternako parkean garai bateko jolasak antolatu dituzte. Hala arku-tirorako ikastaroak eginen dituzte baita antzar jolasak ere.

Ezin da ahantzi, ordea, pottoken gainean baladak egiteko parada izanen dela baitaere.

Gaia elkartearen eskutik, jolasak Patxa plazan

Besta alternatiboen eskutik, 13:00etan Gaia haurrendako jokoak izanen dira.

Arratsaldean, berriz, aizkolarien tenorea izanen da Patxa plazan.

Beti ere euskal kulturaren eskutik, Karrikaldi tipia antolatua izan da haurrendako. Euskal Museoan, bestalde, goiz eta arratsaldean familiei zuzendutako pista jokoak antolatu dituzte aurten ere.

Santespirita auzoan, Didam museoan, atelierrak proposatuko dizkiete haur eta haien familiei, kultura eta besta artean lotura eginez.

Kale animazioa entzunarazi

Ostegun honetan, ordea, haurren algara ez da soinu-banda bakarra Baionan. Aipatu bezala, besta batzordeak esperimentazioa eman du plantan Lapurdi hiruburuko bestek bere soinu propioa ukan dezaten.

Azken urtetan, ostatu anitzek bozgoragailuak ematen dituzte karriketan, Baionako besteekin zerikusi gutxi dituzten musika eskaintzak bolumen zinez altuan emanez.

Aurtengo jaiak aurkezteko agerraldian, isunak soilik ez lokalak hesteko agindua emateko prest azaldu zen Jean-Rene Etchegaray auzapeza.

 

Dultzainero eta txistularien erronda Baiona Ttipian. (Patxi BELTZAIZ)
Dultzainero eta txistularien erronda Baiona Ttipian. (Patxi BELTZAIZ)

Kaleak girotzen dituzten bandak, txistulariak, gaiteroak edota joteroak izan, bestak girotzeko jardute duten musikarientzat begirunea galdetu zuen udal agintariak.

Besten eredua eraldatzeko jarduten duen 2032 Kolektiboaren sostenguz, udalak hauxe erabaki du: gaur, egun osoan zehar, eta arratsaldeko 19.00ak arte, ostatuek ezin idute musika arrotz horiek barreiatu sekulako burrunba sortzen duten gailuen bidez.

Besta ez da mututuko, beste doinuak gailenduko direlako.

Esaterako, 16:30tik eta 23.0ak arte hitzordua emana da Jakes Portes plazan bigarren Karrikaldirako.

Leinua eskola, Pauline Junquet, Dantzazpi, Baionan Kantuz eta Otxo txandakatuko dira oholtzan.