2024 UZT. 12 - 11:15h Besta eremuan sartu ahal izateko 15 euroan erositako eskumuturrekoa jartzeko eguna 2018an indarrean eman zuen ordaindutako besten ereduari heldu dio geroztik Baionako Herriko Etxeak. Are, aurtengoak ezohiko datetan egin izanak diru-sarreretan apaltze bat ekar dezakeela aurreikusita gaurdanik Baionatik kanpo helduko direnek iaz baino hiru euro gehiago beharko dute ordaindu. Udalak gaurdanik itxiko den besta eremutik kanpo utzi duen Santespiritako zubia jendez beterik. (Patxi BELTZAIZ) Maite Ubiria Baiona Gaur goizetik hasita eta asteburu osoan zehar baionarrak kenduta gainerako bestazaleek 15 euro ordaindu beharko dute besta eremuan sartu ahal izateko. 2018an abian eman zuen ordaindutako besten ereduari heldu duo aurten ere Baionako Herriko Etxeak. Ñabardura batzuekin, besta perimetroari dagokionez. Hala Santezpiritu zubia, Reduit plaza eta Boufflers etorbidea doako eremuan geldituko dira. Parisko Olinpiar Jokoak tartean, besten data aldatu da Baionan. Aldaketak diru-sarreren apaltzea ekar dezakeela uste du Udalak eta balizko galerari aurre egiteko iaz baino hiru euro gehiago ordainaraziko dizkie bisitarie besta eremuan sartzeko. Hainbat arrazoi eman ditu horretarako tokiko erakundeak. Alde batetik, aurtengo Baionako bestek sanferminekin talka egin dutela oroitarazi du. Asteazkenaz geroztik jende anitz ibili da Lapurdiko hiriburuan. Alta, asteburuan zehar aurreko urteetan baino jende gutxiago espero dute Baionan. Segurtasunari dagokionez, onura handirik ez Jaien eremuan sartzeagatik sarrera bat ezartzeko hautua azaltzeko orduan segurtasunari loturuko arrazoiak nabarmendu zituen, hasiera batean, Udalak. Izan ere, urteak joan urteak etorri erabaki horrek ez duela hainbesteko eraginik izan «besta lasaiagoak bilakatzeko» orduan agerian gelditu da. Gaurdanik besta eremuan sartzeko erakutsi behar den eskumuturra. (Patxi BELTZAIZ) Oso urrutira joan gabe, iazko bilana begiratuta –baionar bat hil zen jipoituta eta bortxaketei loturiko bost salaketa izan ziren– horretaz jabetu daiteke. Ondorioz, arrazoi ekonomikoa gailentzen da besta eremua ixteko erabaki horretan. Lehen urteko balantzeak argiki erakutsi zuen Herriko Etxeak egin beharreko ekarpen ekonomikoaren ikuspuntutik ereduak emaitza ekartzen duela. Inbertsioaren urtea izan zen 2018koa. Dena berria zenez, kontrol postuak ezarri behar izan zituzten, eskumuturrekoak ekoiztu eta, bistan da, langileak emendatzea zekarren kostuari aurre egin. Orotara, dispositiboa plantan emateko 600.000 euro inguru ordaindu zituen Herriko Etxeak. Alta, 1,3 milioi euro sartu zituen kutxan 2018ko jaietan 168.000 eskumuturrekotik gora saldu zituelako. Geroztik, besta eremuan ibiltzeko baimenaren prezioa igotzen joan da. Urte batetik bestera bi euroko igoera agindu du Udalak. Iaz 12 euroan saldu zen eskumuturrekoa. Teorian 14 euroan behar zuten saldu aurten, baina hiru euroko igoera erabaki du Udalak. Iazko bilanak ez du azaltzen ezohiko igoera. 2023an «tamaina handiko bestak» izan zituen hiriak. 238.000 eskumuturreko saldu zituzten (2,8 milioi euro) eta bisitarien uholdeak utzitako dirutzari esker Udalak gastu eta diru-sarrerak orekatzea lortu zuen. Buxetaren oreka da lehentasuna Buxetaren oreka lortzea da Jean-Rene Etchegaray buru duen udal gobernuak ordaindutako besten eredua sutsuki defendatzeko behin eta berriro aldarrikatzen duen argudio nagusia. Besta egiteagatik ordaindu behar izatea ez du begi onez ikusten oposizioak, bere ustez jaien komertzializazioaren norabidean eginiko hautua delako. Neurria martxan eman zuten lehen urtean kritika handiak entzun ziren. Geroztik, dela jendea ohitu delako, dela besta eragile eta herritarren kezkak beste nonbaitera zuzendu direlako, ez da hainbeste kexa entzuten. Jaien aurrekontua 4,3 milioikoa da aurten. Kostuak gora egin du, besteak beste, uztailaren 14a jai eguna izanik frantses Estatuan, langileei ordaindu beharreko soldatak emendatu direlako. Kostuetan izan den %6ko igoerari aurre egiteko beharrak azalduko luke besten baimenari ezarritako hiru euroko igoera. Herriko Etxeak zuhurtziaz jokatu du balizko diru-sarrerak espero baino apalagoak izango direla beldur delako. Bisitarien kopurua %15 apaldu daitekeela aurreikusi du. Orotara 200.000 eskumuturreko. Salmenta maila horrekin ezinezkoa litzaioke aurrekontuaren orekari eustea. Bi euro ordez hiru euroan igo du eskumuturrekoaren prezioa, hala 120.000 euroko diru-sarrera gehituz. Kalkulu onak egin dituen jakiteko jaien osteko bilanari itxaron beharko zaio.