GAIAK

Ezohiko datetan ospatu diren Baionako bestak agurtzeko ordua heldu da


Olinpiar Jokoak gaitzat hartu ditu Corsoak. Igande gauean ospatutako gurdien desfileak argitan jarri du hiriko bestak ezohiko datetan ospatzea behartu duen kirol gertakaria.

Handik aurrera, bertatik bertara harturiko erabakiak gailendu dira Baionako karriketan. Besta alternatiboak indartsu agertu dira, esaterako, eta zuzeneko musikari eskainitako eguna eskertu dute belarriek.

Santizpirituko auzotik abiatu da Corso argitsua eta ondotik agur esango diete aurtengo besteei.

Ezohiko datak eta ezohiko igandea gaurko hau ere. Izan ere, Iruñearekin duela 64 urte dagoen senidetzea ospatu ohi da egun honetan, baina aurten Sanferminak batera burutu direnez nafar hiriburuko ordezkariak ezin izan dira bertaratu. Hurrengo urterako utzi beharko da lagunen arteko topaketa. Iruñean ere, jakina, antzeman dute aurten Lapurdi eta ondoko herrietako bestazale askoren hutsunea...

Atseden hartzeko ordua heldu da orain, eta bilanak egitearena. Zazpi sexu eraso gertatu direla aurreratu da baina gehiago ere izan litezke azken ordu hauetan.

Ostegun gauean izandako beste eraso batek ilundu du besta. Landetako Ondresetik etorritako gizon bat oso larri dago erietxean, hil ala biziko egoeran, buruan kolpe gogorrak jaso ondoren. Atxilotua dago erasotzailea.

Larunbatetik iganderako gaua lasaiago joan zen, datu ofizialen arabera.

‘Pass Fêtes’ delakoak izandako eragina neurtzeko momentua izango da ere. Aurten 15 euro ordaindu behar izan dituzte bestara asteburuan hurbildu direnek, eremu mugatuagoan.