GAIAK

Bilan ofizialaren arabera, bestazale kopurua apaldu da Baionan, baita delitu kopurua ere

Udal eta Estatu administrazioaren arduradunek agerraldia egin dute Baionan igaro berri diren besten gaineko behin-behibeko bilana eskaintzeko xedez. Data aldaketaren ondorioz bestazale kopurua %15-20 apaldu dela jakinarazi dute.

Udal eta Estatu ordezkariek besten bilana aurkeztu dute Suprefeturan eskainitako prentsaurrekoan. (Patxi BELTZAIZ)

Gutxiago, gehiago da. Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapeza ez da damu. Joan zen uztailaren 10ean hasi eta bost egunez luzatu diren bestetan iazko errekorretik (1,3 milioi bestazale) urrun geldituko direla onartu du astearte honetan eginiko agerraldian. Bere ondoan izan ditu bai udal ordezkariak baita Estatuaren, Fiskaltzaren eta Poliziaren arduradunak ere.

Bestazale kopurua batez beste %15-20an apaldu dela kalkulatzen du Baionako Herriko Etxeak.

Behin betiko xifren zain, milioi bat pertsona inguru batu zirela «tokiko giroa berreskuratzeko» norabidea markatu duten bestetara azaldu du udal agintariak.

Besta antolaketari buruz martxan eman diren hainbat aldaketak, hala nola jendearen joan-jinak hobetzeko egindakoek, emaitza ona eman dutelako kontent azaldu da auzapeza.

Aldaketaren onurak

Olinpiar Jokoek behartu bazuten ere besten data aldatzea eta horrek, albo kalte gisara, sanferminekin talka egitea ekarri bazuen ere, oro har baionarrentzat aldaketa ez dela txarra izan, alderantziz baizik, iradoki du Etchegarayk.

Heldu den urteko besteei begira hartu beharreko irakaspenak hor direla nabarmendu du auzapezak. Dagoeneko, besten irekitzeari buruzko aldaketa -22:00tan ordez, 17:00tan iragan zen zeremonia uztailaren 10ean- eta kaleko musika sustatzeko 'esperimentazioa' -uztailaren 11an, egun osoan zehar, hainbat ostatuk karrikan ematen dituzten bozgorailuak isilarazi zituen udalak- biak ala biak egonkortzeko berrikuntzak direla iradoki du Etchegarayk.

Fabrice Rosay prefetordeak Estatuak plantan eman dituen zerbitzuen bilduma eskaini du.

Armada, Gendarmeria, Polizia eta segurtasun pribatuko uniformedunek osatu dute segurtasun dispositiboa. Haiekin batera babes zibileko langileak aritu dira. Orotara 900 bat agentek jardun dute egunero «herritarren segurtasuna bermatzeko» besten garaian.

Jerome Bourrier prokuradoreak zehaztu duenez, iazko bilanarekin alderatuta erdira murriztu da delituen kopurua. 256salaketa jaso dituzte aurten sagurtasun indarrek. 2023an 532 izan ziren. Era berean bikoiztu da atxiloketa kopurua. 54 lagun atzeman dituzte besten garaian.

Hiru eraso matxista jakinarazi dituzte

Horrendako segurtasun dispositiboaren eraginkortasuna nabarmendu dute Estatu arduradunek.

Hala eta guztiz ere, «larritasun bereziko» gertakari bi izan direla aitortu dute.

Hala, Euskaldunen plazan, autobus baten piztu zen borrokaren ondorioz oso egoera larrian erietxeratu zuten 58 urteko landestar bat besten hasieran.

Bestalde, istripu larria gertatu zen asteburuan harresietan. Debekatuta dagoen eremuan kanpin-denda jarri ondoren sei metroko altueratik lurrera erori zen bikote gazte bat.

Finean, sexu indarkeria saihesteko egitasmoak indartu ondoren, emaitzak izan direlako konforma azaldu dira agintariak.

Itaia talde feministak ezarritako babesgunean dozena bat lekukotasun jaso badituzte ere, prokuradorearen esanetan guztira hiru sexu eraso jakinarazi ziren igaro berri diren bestetan.

Alta, «ez sexu erasoarengatik ez bortxaketagatik salaketarik ez dela izan» nabarmendu du fiskalak.

Bestetako «benetako emaitza ona» hori izan dela gaineratu du.

Bere kargua hartu zuenetik, 2020an, «gutxienez bortxaketa salaketa bat izan dela besten edizio guztietan» oroitarazi du Jerome Bourrierrek.