2024 UZT. 16 - 21:25h Etnaren erupzioa areagotu egin da Italiako Etna sumendiaren erupzioa areagotu egin da azken orduetan. Laba isuri handi bat izan du eta itsasoaren mailatik 6.000 metroko altuerara iritsi den errauts zutabea eragin du. Etna sumendiaren erupzioa, astelehen honetan. (Giuseppe DISTEFANO | AFP) NAIZ Italiako Sizilia uhartean dagoen Etna Europako sumendirik handiena da. Azken orduetan bere erupzioa areagotu egin da; izan ere, laba isurketa handi bat izan da eta 6.000 metroko altuera iritsi duen errauts zutabea eragin du. Geofisika eta Bulkanologiako Institutuak (ING) arreta handiz jarraitzen du erupzioa, gorabeherak izan baititu azken egunetan. Zaintza kameren analisiak Voragine kraterreko laba iturriaren aktibitate handia baieztatu zuen asteleheneko 22.00etan. Une horretan, Etna errautsak jaurtitzen hasi zen, eta azkenean zutabe handi bat sortu zuten, itsasoaren mailatik 6.000 metro inguruko altuerara iritsi zena. Hauts zutabea, haizeak ekialderantz bultzatuta, sumendiaren magalean dauden Acicastello eta Viagrande hiriguneetara hedatu zen. Etnaren erupzioak errauts zutabe handia eragin du. (Giussepe DISTEFANO/AFP) Gainera, Voragine kraterretik, sumendiaren puntu altuenetik, sortu zen laba isurketa bat ere ikusi ahal izan zen, 3.000 metro inguruko altuera iritsi zuena. Bi ordu inguru iraun zuen eta gero gelditu egin zen isuria. Adituen arabera, badirudi egoera egonkortu egin dela, eta laba iturria agortuta dagoela, nahiz eta isuria «oraindik ere elikatuta dagoela ematen duen, ahul bada ere». Beraz, auzokide eta turistek Etnak eskaintzen duen ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dezakete datozen orduetan. Ikuspegi sismikotik, dardara bolkanikoaren batez besteko anplitudeak goizaldeko 1.00ak arte balio maximoak lortu ondoren, beheranzko joera erakutsi du, eta goizaldeko 5.00etan batez besteko balioen tartean kokatu da, INGVren arabera. Dardararen iturriak 3.000 metroko altueratik gorako kraterren eremuan daude. Aktibitate infrasonikoa txikia da, batez ere hego-ekialdeko kraterrean kokatzen diren gertaerekin, erakunde horren arabera. Etnatik oso gertu, Estromboli sumendiak ere egun batzuk daramatza aktibo, Tirreno itsasoko uharte txiki batean, eta bertako biztanleak adi daude, nahiz eta fenomeno horretara ohituta egon krater horren leherketa ugariengatik.