2024 UZT. 31 - 14:33h EH Bildu ez da Lizarrako suzirian izango txosnek pairatu duten debekua salatzeko EH Bildu ez da izango ostiralean Lizarrako jaiei hasiera emango dien suziriak. Modu honetan, UPNk txosnen eta La Bota peñaren txosna ohiko tokietan paratzeko baimena ukatzeko hartu duen erabakia salatu nahi du. Lizarrako EH Bilduren zinegotzien prentsaurrekoa. (EH BILDU LIZARRA) NAIZ EH Bildu ez da ostiralean piztuko den Lizarrako jaien suzirian egongo. Horrela eman du jakitera gaur talde abertzaleak emandako prentsaurrekoan. Erabaki honen atzetik, UPNren erabakiz txosnen eta La Bota peñaren txosna ohiko tokietan paratzeko baimena ukatu izana da. Izan ere, EH Bilduk, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeetako zinegotziek debeku hau atzera botatzea eskatu zuten astelehenean egin zen udalbatzarrean, baina UPN, PSN eta PPk atzera bota zuten. «Udal-gobernuak bazter utzi dituelako festetako zenbait jarduera eta, ondorioz, hainbat lizarratarren parte hartzea. Izan ere, gobernu-talde horrek, alde batetik, ez dio baimenik eman La Bota Peñari beren txosna Santiago Plazan jartzeko; eta bertzetik, debekatu egin dio Festagiro Taldeari beren txosnak autobus geltokiko atzealdean paratzea. Hori dela eta, uste dugu tenorea dela gure kezka handi hori jendearekin partekatzeko eta, bide batez, kalteturik gelditu diren talde horietako kideenganako elkartasuna adierazteko», azaldu du EH Bilduk. Bi ereduen arteko talka Koalizio subiranistaren zinegotziek nabarmendu nahi izan dute aipatu erabakiak «garbi uzten duela bi festa-eredu arras diferenteak daudela. Alde batetik, UPNrena; hona, adibide gisa, Ana Duartek udalbatzan erranikoa: ‘Festak gobernu-taldeak antolatzen ditu’. Bertzetik, EH Bildurena, zeinak garbi baitu ‘hiritarron festak herriak antolatu eta gozatu egin behar dituela’, eta halaxe jokatu du gobernu-taldean aritu denean». Gisa horretan, gogorarazi egin dute eragile sozialek eta elkarteek festen antolaketan duten berebiziko garrantzia; azken batean, «aipatu kolektiboek aunitzez ikuspegi aberasgarriagoa eta askotarikoagoa eskaintzen dute, eta ikusi bertzerik ez dago orain arte antolatu izan dituzten adin guztietarako jarduerak». Akitzeko, EH Bilduk dei egin nahi ditu hiritarrak, parte hartzeko eragile sozialek zein elkarteek antolaturiko ekitaldietan. Horrekin batera, koalizioaren nahia da herritarrok goza ditzaten ostiralean hasiko diren festak, eta gozamen horren oinarriak izan daitezela errespetua, lasaitasuna eta irribarrea; azken batean, «EH Bilduk bizikidetzaren aldeko konpromisoa izan du beti, eta, hortaz, nahiko luke festak ahalik eta alaienak zein aniztasun handienekoak izan daitezen». Iazko jaietan ere polemika heldu zen Lizarrako jaietako suzirira, Udaltzainburuak EH Bildu Elisabet Ciordia zinegotzia Udaletxeko balkoian ikurriña erakusteagatik indarkeriz astindu zuelako.