2024 IRA. 20 - 09:28h PI L.T. taldeak disko berriaren bigarren aurrerapena aurkeztu du: ‘Banpiroak’ Sare sozialetan proiektatzen dugun edo «hobe esanda, proiektatzen ez dugun» irudi horren inguruan hausnartzen du PI L.T. taldeak abesti berrian. 20 urte eta gero disko berri bat kaleratzear da taldea eta hau da bigarren pilula. PI L.T. taldeak disko berriaren bigarren aurrerapen abestia aurkeztu du. (Balaunka) Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen. NAIZ «Mundu irreal baten menpekotasunerantz. Hamaika min eta ezin "like" andanen atzean». Zuzen eta indartsu hasten da PI L.T. taldearen azken lana. Ostiral honetan eman dute abestiaren berri, ‘Banpiroak’ izenpean dagoeneko entzungai dagoena. Taldearen disko berriaren bigarren aurrerapena da. Kanta «zuzena, gordina eta energiaz betea», Balaunka ekoizleak nabarmendu duenez. Lehen hitz horietan argi geratzen den moduan «sare sozialean proiektatzen dugun irudiaren inguruko hausnarketa egiten da». Eta hor uzten du taldeak hausnarketa. «Hobe esanda, proiektatzen ez dugun irudia, gure B aurpegia edo... gure A aurpegia da?» Rafa Ruedak (ahotsa eta gitarrak), Aitor Abio (teklatuak), David Gonzalez (baxua) eta Xanpek (bateria) osatzen duten taldeak udaberrian iragarri zuen disko berria kaleratuko zuela. 2004an kaleratu zuten bere orain arteko azkenlana: ‘Game Over’. Handik gutxira taldea desegin zen eta 2017an iragarri zuten kontzertu batzuk eskaintzeko bilduko zirela berriz. Martxoan lan honen lehen aurrerapena eman zuten ezagutzera, ‘Garai honetan’ eta gaurkoarekin diskoa osatzeko bigarren pausoa eman dute. «20 urteren buruan batu eta elkarrekin berriz sortzearen fruitua. Nola bueltatu daiteke sorkuntzara Pi L.T. bezalako talde bat horrenbeste denbora geldirik egonda? Zeri kantatu diezaiokegu? Zer ekarri diezaiokegu gaur egungo gizarteari?», galdegin zuten orduan prentsara helarazi duten oharrean. Gaurkoa, galdera horren erantzun gisa ere irakur daiteke. Egun PiL.T. osatzen duen laukoteak –Rafa Rueda, Aitor Abio, Jose Manuel Sampedro ‘Xanpe’ eta David Gonzalez– ibilbide zabala egin dutela elkarrekin sortzeari utzi zietenetik. Izan ere, Rafa Ruedak urteak daramatza bakarkako ibilbidean murgilduta, Xanpe Gu Ta Gutarrak taldean aritu da Davidek, berriz, Berri Txarrak taldean egindako ibilbideaz gainera, Gari eta Pettiren taldeetan aritu eta Cobra taldea sortu zuen.