2024 URR. 01 - 06:00h Artisau-garagardoak, mundu bat deskubritzeko «Craft» mugimenduak garagardoa artisau-ekoizpenari lotu eta etengabe berritzeko aukera eman zien sektoreko esperimentu zaleei. Profesional bilakatutako afizionatu horietako lauk, tartean hiru euskal ekoizlek, artisau-zerbezak dituen aukerak eta erronkak aztertu zituzten EDA Beer Summit topaketan. Hurrenez hurren, Jabi Ortega moderatzailea, Oscar Saenz (Basqueland Brewing), Aran Leon (La Pirata Brewing), Igor Berrios (Meta Edabeak) eta Eneko Neira (Laugar Brewery). (Jon URBE | FOKU) Maddi Txintxurreta Zerbezarena mundu bat da; mundu bat, deskubritzeko; izan ere, Euskal Herriko kontsumitzaileez ari bagara, garagardo bat disfrutatzeko, ez da nahikoa tamaina (zuritoa edo kaña) eta kolorea (horia ala tostatua) zehaztea: zerbeza bat edo zerbeza jakin bat eskatzearen artean badago aldea. Mundu hori erakusteko, lau garagardo ekoizle elkartu zituen astelehenean Donostiako Basque Culinary Centerren egin zen EDA Beer Summit topaketak: Basqueland Brewing-eko (Hernani) Carlos Saenz, La Pirata Brewing-eko (Bartzelona) Aran Leon, Meta Edabeak-eko (Astigarraga) Igor Berrios eta Laugar Brewery-ko (Gordexola) Eneko Neira. Jabi Ortega Basque Beer-eko gerenteak zuzendu zuen mahai-ingurua. «Hitz egiteak, elkartzeak, teknika berriak elkarbanatzeak... horrek eragin du sektorea haztea» Craft zerbeza egiten dute; hau da, era guztietako kalitate altuko artisau-garagardoa, marka industrialetara ohitutako ahosabaiak, askotan, gogor sentitzen duena. Eta ekoizle txikiak dira, aurreko mahai-inguruan parte hartu zutenek ordezkatu zituzten enpresen aldean -Heineken, Mahou, San Miguel eta Damm, besteak beste-; txikiak, onerako eta txarrerako: bolumen txikiekin lan egiteak merkatura «azkar» egokitzeko gaitasuna ematen dietela esan zuten guztiek baina, era berean, merkatu hori multinazional gutxi batzuek hartuta dagoela deitoratu zuten. «Marka industrialek bideak ixten dizkigute, haien esku daude banatzaile handiak... ez digute muturra sartzen uzten», agertu zuen Leonek. Ekoizle artisauek, aldiz, lan egiteko modu kolaboratzaileago bat defendatzen dute. Lehiatik harago, elkar laguntzen aritzen direla ziurtatu zuten; besteak beste, craft zerbezen munduak hala eskatzen duelako. «Guk, adibidez, frutarekin lan egiten dugu, eta hainbatetan telefonoari heldu behar diogu, hemen ez dagoelako horri buruzko literatura askorik», agertu zuen Meta Edabeak-eko ekoizleak. «Hitz egiteak, elkartzeak, teknika berriak partekatzeak... horrek eragin du sektorea haztea», berretsi zuen Bartzelonako garagardogileak. Garagardoa duindu Bestalde, lehia gupidagabearen legeek agintzen duten merkatuan tokitxo bat hartzeko, ekoizle bakoitzak bere berezitasunak esplotatzen ditu. Adibidez, sasoiko eta bertako fruta erabiliz hartzidura mistoak zein berezkoak egiteak bereizten du Meta, eta Laugar-en ikurra barrikan egindako garagardoa da. Nork bere nortasuna du, baina etengabeko berrikuntzan oinarritzen da guztien lana. «Geldiezinak izateak definitzen gaitu, beti gauza berrien bila aritzen gara», adierazi zuen Saenzek. Lan egiteko modu horrekin kalitate handiko eta mota askotako zerbezak lortzen dituzte, eta arrakasta dute lau ekoiztetxeek. Baina kanpoan Euskal Herrian baino gehiago. Moderatzaileak adierazi zuenez, Estatu espainiarrean baxua da craft garagardoen kontsumoa: zerbezaren kontsumo osoaren %1 besterik ez. Horren arrazoien inguruan galdetuta, ekoizleek esan zuten marka industrialen hegemoniak dakarzkien zailtasunez gain, garagardoaren kultura falta duela euskal kontsumitzaileak eta, horregatik, ez duela ulertzen artisau-garagardoen prezioa. Ondorioz, zerbeza industrialera jotzen dute askok, edari merkeagoen bila. «Onena hemen saltzea izango litzateke eta gure produktuak kanpora garraiatzeko beharrik ez izatea» «Garagardoaren kulturarik ez bada, pentsaezina da IPA hirukoitz bat hartzeko hamar euro ordaintzea», aitortu zuen Basqueland Brewing-ekoak. Egiaz, azaldu zuenez, artisau-garagardoak egiteko prozesuak askoz luzeagoak eta konplexuagoak dira eta, hortaz, ekoizteko garestiagoak dira. Hala, zerbezaren sektorea «duindu» behar dela iritzi dio Neirak, eta ardoarekin egiten den moduan, gastronomiarekin uztartzeko duen ahalmenaa aitortu. «Jatetxeetan garagardoen karta oso laburrak dituzte. Karta anitzagoak izango balituzte, eta garagardoen inguruko informazioa eskainiko balute, jendearengan interesa piztuko litzateke eta, beraz, garagardoaren kultura hazi», adierazi zuen. Kilometro zero Kalitate handiko emaitza eskaintzeaz gain, tokian tokiko ekonomiari ekarpena egiten diete garagardo ekoizle hauek, ahal duten neurrian zero kilometroko lehengaiak erabilita. «Gustatuko litzaiguke ananarekin edo mangoarekin zerbeza egitea, baina oso urrunetik ekarri beharko litzateke fruta. Gu saiatzen gara kiwia, adibidez, bertan ekoiztua izan dadin, eta berdin lupuluarekin eta maltarekin», agertu zuen Igor Berriosek. «Gainera –jarraitu zuen Saenzek–, zerbezaren kasuan, tokikoa bada, freskoa da eta, beraz, hobea». Lehengaiak zero kilometrokoak erabiltzen dituzte, orain, falta dute kontsumitzaileak ere zero kilometrokoak izan daitezen. «Onena hemen saltzea izango litzateke eta gure produktuak kanpora garraiatzeko beharrik ez izatea. Oxala egoera horretara iritsiko bagina», amestu zuen Eneko Neirak.