Francis (Doctor Deseo), Aiora Renteriarengana (Zea Mays) hegaka. (Marisol Ramirez | Foku) Fernando Madina (Reincidentes), Euskal Herriaren laguna beti. (Marisol Ramirez | Foku) Pello Reparaz, dena ematen. (Marisol Ramirez | Foku) Zea Mays, ezinbestekoa. (Marisol Ramirez | Foku) Olaia Inziarte eta Olatz Salvador. (Marisol Ramirez | Foku) Cifu (Celtas Cortos), Palestina gogoan. (Marisol Ramirez | Foku) Fernando Velazquez, guzti honen motorea. (Marisol Ramirez | Foku) Malkoak eta algarak, biak askatu ditu Ura Bere Bidean berri honek. (Marisol Ramirez | Foku) Uxue Amonarriz eta Josune Arakistain, jendetzaren artean. (Marisol Ramirez | Foku) Tomas Lizarazu (Bulego). (Marisol Ramirez | Foku) 2024 URR. 25 - 23:54h Gabonen atarian jarri gaitu Ura Bere Bidean ekimenak Urtetik urtera jende gehiagorengana iristen den ekimena da Ura Bere Bidean. Aurtengoan, 24.000 pertsona bilduko ditu BECera bi emanaldi eta entsegu ireki batean. Euskal Herriko pop kulturako artista ugari oholtzan, BOS eta Bilboko Koral Elkarterekin eta Fernando Velazquezen gidaritzapean. Iker Gurrutxaga Gabonak gerturatzen ari direla ekartzen digu gogora Ura Bere Bidean ekimenak, ez dago gaizki ekarria, beraz, «Ur berri, urte berri» esamoldea. Izan ere, ohikoak dira batean eta bestean halako kontzertuak Gabon garaian, baina Euskal Herrian urriko azken asteburuan hartu du tokia, agidanez kutsu horretako ikuskizunak. Bi mila inguru lagun izan ziren osteguneko entseguan eta ostiralean adina lagun izango dira larunbatean ere, 10.000 ikusle eguneko, Barakaldoko BECen musikaz gozatzen. Gaurkoan, Olatz Salvadorrek eta Mikel Urdangarinek hogeina minutu izan dituzte beren azken lanak aurkezteko, ‘Zainak eman’ eta ‘Mundua eder’, Biak ala biak Durangoko Azokan izango dira eskuratzeko moduan. Jendea gutxika joan da sartzen Bizkaia Arenara. Boskoteak oholtzan lan berriko abestiez gainera, ‘Aho uhal’ diskoko kanturik ere eskaini du, ‘Gelditu hor’, eta, Idoia Asurmendi bertan zela aprobetxatuz, Olatzek eta biak elkarrekin abestu dute. «Kantu hau zuena dela sentitzen dut urteen poderioz eta hori da kantu baten bide politena» esan ostean, ‘Korapilatzen’, lehen diskoko abestia, jo du Salvadorrek, ‘Basan’ kantu berriarekin emanalditxoa bukatuz. ‘Mundua eder’ diskoko kantuak estreinakoz jo ditu atzetik Mikel Urdangarinek, Durangoko Azokan aterako du diskoa. Diskoaren azala ezagutu dugu gaur: pertsona bat leihotik begira, gorriztak diren koloreei. Eder baino, odolez zipriztindutako mundua zirudien akaso. Estilo aldaketarik ez Urdangarinen musika, Ruedaren gitarra gozoek besarkatzen gintuzten bitartean, oholtza bueltan frac-ez jantzitako musikariak agertzen hasi dira. Bost minuturen faltan, BEC beteta zela, Zea Mays taldearen ‘Elektrizitatea’ kantuaren 25. urteurreneko bertsioaren bideoa jarri dute. Euskal eszenako emakume sorta luzea abestiaren bueltan. Azaroaren 7an egingo da publiko abestia eta haren bideoklipa, eta, egun horretan, okerrik ezean, MusikHaria saioan jakingo ditugu xehetasun guztiak Aiora Renteriaren eskutik. Halako batean, argiak itzali dira eta Iban Garate aurkezlea giroa berotuz publikoaren hartu-emana bilatzen ibili da. Orkestrako denak atzean kokatuta zituen ordurako. «Bilgune handi bat da gustu, estilo eta jatorri desberdinetako kideak elkartzen direlako Ura Bere Bideanen baitan. Gaur sentitu egin nahi zaituztet eta hori gertatuko da», esan du Garatek. Aurtengoarekin ehun bertsio sinfoniko eta koralerako berrogeita hamar moldaketa ere egin ditu Fernando Velazquezek eta aurten behin ez, birritan beteko da BEC horren ondorioz. Aipatu, erabat euskaraz gidatu duela aurkezpena Iban Garatek, hasi eta buka gure hizkuntzan aritu da. Ia ordubeteko beroketaren ostean, asko urte guztian itxaroten izan den emanaldia hasi da Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Koral Elkartea eta Fernando Velazquez aurkeztu ostean. Galaz jantzi da BEC Pop kultura eta orkestra uztartzearena ez da gauza berria, baina Euskal Herrian oso apika egin den zerbait izan da, harik eta ekimen hau hasi zen arte. Iñaki Irastorzak diseinatutako argi ikuskizunak pisu handia hartzen du Ura Bere Bidean espektakuluan, artisten lana dotore janzten duelako. Baina, gaurkoan, bestelako efektu bereziak ere izan dira. Abeslariak sabaiatik zintzilik, jendartean abesten… Denetarik izan dugu gaurkoan. Oholtzara igo diren lehen abeslariak Kalakan taldeko Jamixel Bereau eta Xan Errotabehere, ‘Kantuz’ eta ‘Sagarra jo’ abestiak eskainiz. Hauek badute esperientzia orkestrarekin, Euskadikoarekin diskoa egin baitzuten duela ez urte gehiegi. Ahotsa eta perkusiorako danbor bana zituztela abestu dituzte kantuak. Bai berek eta baita BECeko 10.000 pertsonek ere, txaloka eta kantari hasi baitira bertaratuak lehen unetik. Azken sagarra jo kolpeekin sua ere ikusi da oholtzaren bueltan. Esti eta Mikel Markez aita-alabak segidan, ‘Oroitzapenek esnatu naute’ kantua abesten, Estiren lehendabizikotako sorkuntza. Jendearen eskumuturrak argiztatu dira orduan eta denak ezker-eskuin besoak mugituz hasi dira, kantu gozoari jarraika. Pena sorpresa horrekin jendea hizketan hasi dela eta kantuaz ezin izan dugula behar beste gozatu. Sorotan Belekoen txanda iristean, urtebete lehenago egindako dantzak ekarri ditu gogora Iban Garate aurkezleak. Lau igo dira beren kantuen halako medley edo nahasketa bat egitera: Gorka Sarriegi, Urbil Artola, Ritxi Salaberria eta Aitor Etxaniz. ‘Zortzi Orduko Ekaitza’ izan da lehen kantua, BEC lehertu duena, baina handik gutxira ‘Marinelaren Zai’ kantuarekin samurtu dituzte guztiak, atzetik berriz ere gora egiteko ‘Arratsalde honetan’ kantuarekin. Intro oso sinfonikoa eta dotorea egin du orkestrak azken honetan. Gorka jende artera jaitsi da eta publikoa zutik jarri du, baita kantatzen ere. Teknikoki arazotxoren bat izan du, soinu-akopleren, bat, baina bertaratuek pozik segi dute saltoka eta kantari. Aurretik ere igo den Olatz Salvador berriz igo da tranpaldora, oraingoan Olaia Inziarterekin ‘Behe klasekoa’ abesteko. Olaiak laster kaleratuko ditu abesti berriak, baina bitartean halakoez gozatu dugu. Olaiak bere zatia abestu du lehendabizi eta dotore asko aurkeztu Olatz gero, izan ere Olaiaren ‘Lengo Lepotikan Burua’ diskorako egin zuten kantu hau. Zea Mays taldeko Aiora Renteria eta Piti izan dira hurrengoak, ahotsarekin bata eta gitarra akustikoarekin bestea. ‘Kemena’ asko luzitu dute orkestrak eta koralak, akaso bateriaren konponketak Zea Maysen unibertsora gehiegi gerturatu duen arren gero kantua. Hasieran zerbait askoz ere sinfonikoagoa irudikatzen baitzen kantua. Valladolid, Uruguai eta Andaluziatik Euskal Herrira Kanpotik etorritako lehen taldea Celtas Cortos izan da, Valladoliden sortutako taldeko kideak ‘Aita-semeak’ abestera igo dira eta Jesus Cifuentes abelsariak, ‘Freee Palestine’ jartzen zuen kamiseta soinean zeramanak, hitza hartu du: «Kaixo. Honekin omenaldi bat egin nahi diogu Oskorriri musikari egindako ekarpenagatik eta Mikel Zarateri bere letra eta obra literarioagatik». Gozo hasi da kantua baina bat-batean halako jingle batean bihurtu dute abestia eta publikoa txaloka eta kantari jarri da, sekulako zaparrada jaso dute kantua bukatzean. Nøgen taldearen txanda izan da segidan, ‘Gora Palestina!’ oihu lotsatiren bat entzun den bitartean agertu dira oholtzara. Lehen gaztelerazko hitzak haiek ekarri dituzte Ura Bere Bideanen 2024ko ediziora, La M.O.D.A. taldekoekin egindako ‘Ez da ondo aterako’ kantua eskaini dutelako izan da hori. Valladolidkoak euskara hutsean eta donostiarrak elebitan, pena. Hala ere, gerora gehiago izan dira gazteleraz entzun ditugunak. Izaro eta Mikel Urdangarin izan dira hurrengoak, mallabiarrak eta zornotzarrak ‘Errefuxiatuena’ abestu dute publikoarekin batera. Ezaguna zitzaigun kantu sinfonikoa, moldaketa pandemia garaian Euskadiko Orkestrarekin abestu zuelako Izarok, orduan ere Velazquezen gidaritzapean. 2004ko ‘Eco’ diskotik hautatu du Jorge Drexler uruguaitarrak ‘Todo se transforma’ kantua, eskerrak eman ditum gazteleraz, kantuan hasi aurretik. Bertaratuei ez zaie hain ezaguna egin itxuraz abestia, isiltasuna nagusi izan baita kantuak iraun duen denboran. Egurrezko instrumentuek eta sokek kantuari ematen dioten kolorea nabarmentzeko aproposa izan da isiltasuna, orkestraren konponketaz ondo gozatzea zaila baita halako ekimenetan. Emozioek irabazten dute eta pop kontzertu batetara gehiago hurbiltzen da guztia, gainera, BECen akustikak ez du laguntzen orkestraz gozatzeko. Drexlerrek euskaraz «Dena aldatzen da» ere abestu du, izenburua gure hizkuntzara ekarrita. Reincidentes taldeko Fernando eta Barea igo dira atzetik, Sevillako taldeko kideek ‘Guk euskaraz’ kantua eskaini dute, publikoa zutik eta saltoka jarriz. Ahoskera bikainean, bere bi abesteko moduak nahastu ditu Fernandok, atzetik koralak eta publikoak errepikak abesten laguntzen zien bitartean. Urkok sortutako kantuaren aldarriarekin bat egin du Bizkaia Arena guztiak. Momentu gorena izan da, orkestrak ere halako bis bat eginaz oso bero jarri dute publikoa. Behetik gorako emanaldia Emanaldiaren sabaia jo genuela uste arren, ez du jaitsierarik izan ikuskizuna. Bulego taldeko Tomas Lizarazuk momentu hunkigarri horietako bat eskaini du, alaba Juliari idatzitako ‘Zure begi horiek’ abestu duenean, soken laguntzaz eta oholtzan eserita. Gero zutitu da kantuak aurrera egin duen heinean eta ingurukoak ere hasi dira abesten, gaztetxoenen ahotsak gehiago nabaritu dira hemen. Eñaut Elorrietaren momentua segidan, Ken Zazpik Orkestrarekin grabatutako diskoan zegoen ‘Itsasoa gara’ kantua abestu du gernikarrak. Isiltasuna nagusi, jendeak badaki kantu hori ere barruraino iristen dela. Uneak eskatzen zuen solemnitatea eman die publikoak Eñauti eta oholtzako musikariei. Biolinaren solo zoragarria ere egin du orkestrako kide batek, emakumea bera, izenik ez dakigun arren. ‘Abrázame’ kantua eskaintzeko Francis Diez atera da jendaurrera eta publikoak bero-bero hartu du, hankekin harmailetan burrundada sortuaz. Aiora Renteriarekin egin zuen garaian kantua, bideoklip oso berezi batekin. Bada, gaurko emanaldian ere egon da halakorik, sokak sarreran, arpa doinuak eta halako batean Aiora ere kantari, jendartean zegoen tranpaldo batetik. Errepikan bertaratuak abesten hasi dira. Azken errepiketan Francis hegan atera da oholtzatik, Aioraren ingurura eraman dute sabaitik zintzilik zeuden sokekin eta sekulako irudi potentea sortu horrekin, bera besarkatzera jaitsi dutelarik azkenean. Une oso ederra, betirako gogoratuko dutena eta duguna. «Ez genituen sekula kantu tristeak egin jendea triste jartzeko, tristurari exorzismoa egiteko baizik eta tristurak utzi gaitzan, ekserrik asko», esanaz agurtu da Francis. Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida, Su Ta Gar taldeko kideak atzetik, Laboaren ‘Haika mutil’-en beren bertsioaren moldaketa sinfonikoa jotzera. Metallicak egindako ‘S&M’ disko mitikoaren emanaldia etorri zaigu burura. Kantuaren aurrean jarrera aparta pirotekniak lagundutako uneekin. Perkusioa osorik sartzean baterik berezko kantuan duen indarra sumatu zitekeen, baina, bestela, oso suabe zegoen kantuak eskatzen duenerako. Eta, nola ez, gitarren distortsioa falta zen una epikoa izateko. Dena dela, apartekoa moldaketa. Pello Reparaz ondora etorri zaigu bapatean, bere txanda iritsi da eta Su Ta Garrekoek bukatu orduko ‘Aralarko dama’ eskaini du, ‘AAZTIYEN’ munduan murgildu gara, estetika horrekin agertu baita Reparaz. Moldaketa bitxia elektronika eta sinfonikoa nahastearena. Elektronikarekin eta tradizioaren aldaketarekin segi dugu Sünerekin, kasu honetan ‘Lau korapilo’ kantua eskaini du Lasturgo musikariak. Orkestrak janzteko kantu horietakoa da ezbairik gabe ‘Dap dap’ abestia eta Janus Lesterren unibertsoa. Jokin Pinatxoren ahotsaren potentzia batzen bazaio horri, koktel majikoa egina dago, Bilboko Koral Elkarteko ahotsek lagunduta eztanda polita entzun da BECen. Denbora gutxi izan du, baina publikoa poltsikoratzeko beste izan zaio Jokin Pinatxori, hartu-emana etengabekoa bilatu baitu, denak dantzan, abesten eta oihuka jarriz. Itzulerak eta klasikoak Benito Lertxundik ezagun egindako ‘Oi ama Eskual Herri’ kantua abestu dute segidan Idoia Asurmendi eta Jorge Drexlerrek, errepikaezina den momentu horietako bat utziaz bertaratuei. Lertxundiren ‘Ahuen sinfonikoa’ diskoan egindako moldaketaren desberdina plazaratu du Velazquezek BECen. Hunkidura maiteak zion Benitok kantu bildumei izena ematean, bada halakoxea izan da Idoia eta Drexlerrek sorrarazi dutena. Iñigo Etxezarreta ere bero hartu du BECek, ETS taldeko abeslariak dantza garaikideko koreografia bat eskaini duen dantzari parea izan du alboan ‘Zurekin batera’ abesteko; baita Maren ere. Ereserkia bihurtu da kantua, ez dago zalantzarik; zahar eta gazte, guraso eta seme-alaba, denek abestu baitute kantuaren errepika. Martxoan toki berean hiru egunetan ospatuko du ETSk 20. urtemuga eta ez dira alferrik agortu ia sarrera guztiak. Itzulera bat izan dugu gaurkoan, izan ere Huntza berriz ere batu du hein batean Velazquezek, Uxue Amonarriz eta Josune Arakistain berriz ere Huntzaren abestiak jotzera igo baitira oholtzara. ‘Iñundik iñoare’ abestiarekin hasi dira eta festa lehertu da BECen., ‘Lasai-lasai’ kantuarekin segida emateko. ‘Buruz behera’ izan da mixeko azkena. Txalo zaparrada batekin agurtu dituzte bi neska gazteak 10.000 lagunek. Azken kantu bezala iragarrin dutenerako Gatibu taldeko Alex Sardui eta Haimar Arejita igo dira ‘Musturrek sartunde’ kantua jotzera, publiko guztia berriz ere abesten jarriz topera. Ukitu tropikal bat eman diote moldaketan BOSekoek abestiari perkusio latino, marimba eta tronpetekin. Gelditu ez den BISa Azkena zen teorian Gatiburen abestia, jendea irteten ere hasi da, baina hain gurea den «Beste bat, beste bat!» oihua sekulakoa izan da txalo zaparradarekin batera. Bada, eskatu eta eman, kantu sorta etenik gabe atzetik etorri dena. Celtas Cortos taldea lehendabizi ‘20 de abril’ abesten, publikoaren zati handi batek bazekien kantua eta batu egin dira taldearekin abestera. Zati bat euskarara ekarri dute, gainera, eta pantailan ere jarri dute publikoak abestu dezan. Detaile oso polita Valladolidgo taldearena. Geratu gabe segidan ‘Itzulera’ abestu du ZETAK taldeko Pello Reparazek, oso sinfonikoa oraingoan moldaketa eta, atzetik ‘Bueltan da’ eskaini du Tomas Lizarazuk. Bulegoren kantua ere ereserkia da. Maren gitarra klasiko batekin agertu da gero, Benito Lertxundiren ‘Loretxoa’ abestu du publikoarekin batera, atzetik Gatibu taldekoek beren moldaketa ere eginaz kantu berari. Huntzakoak berriz ere igo dira ‘Aldapan gora’ eskaintzeko eta Iñigo Etxezarretak ETSren ‘Aukera berriak’ kantua publikoaren erdian zegoen tranpaldotik eskainiz bukatu da ostiraleko emanaldia. Larunbatarekin beste 10.000 pertsonek beteko dute BEC tantaz-tanta ura bere bidera eramateko. Bide luzea egingo duen emanaldia da ezbairik gabe Ura Bere Bidean. Orain, pop artista ezagunenez gainera lurpean dabiltzan ibaietako ur tantak ere emari honetara batzea falta zaio Ura Bere Bidean festari. Askorentzat hain ezagunak ez diren artista askoren lanak sinfonikoan ezagutzea ederra izango litzateke-eta, horiek ere bai baitira aukera berriak.