GAIAK

Bost euskal abeslarirekin kulturarteko zubia eraiki du Judit Neddermannek ‘Artean’ diskoan

Katalunia eta Euskal Herriaren arteko zubia ontzera dator Judit Leddermannen ‘Artean’ diskoa. Izaro, Olatz Salvador, Maren eta Asurmendi ahizpak izan ditu bidaide.


«‘Artean’ nire bularretik jaio eta Euskal Herrira doan zubia da. Gure hizkuntzen ospakizun bat, emakumeen bilkura». Gisa honetan aurkezten du Judit Neddermannek ‘Artean’ diskoa, punta-puntako kolaborazioak dituen eta sei kantuz osatuta dagoen diskoa.

Izan ere, Bea Asurmendi (‘Gorantza/Amunt’ kantuan), Izaro (‘Neurean/La meva llengua’), Idoia Asurmendi (‘Ahizpa/Germana’), Maren (‘Zure ostean/ Deprés de tu’) eta Olatz Salvador (‘Lamiak/Dones D’aigua’, Irene Solaren ‘Canto jo i la muntanya’ eleberrian oinarritua, euskaraz ‘Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak’ izenpean Alberdaniak argitaratua) euskal kantarien parte hartzeak ditu diskoak. Olatz Salvadorrek, gainera, jatorriz Leddermannek katalanez idatzitako hitzak ekarri ditu euskarara. Azken kanta da kolaboraziorik ez duen bakarra, ‘Mendien artean’.

Diskoaren aurkezpenean abeslariak azaldu zuenez, «diskoaren helburua hizkuntzaren aberastasuna eta kantu konpartitua ospatzea da», eta horregatik proposatu zien bost euskal kantariei diskoan parte hartzea.

Lan berrirako kantuak konposatzeko, egokitzeko zein grabatzeko prozesu horretan «elkarbizitza eta elkartruke egun asko» egon direla ere baieztatu zuen autoreak, «eta, beraz, proiektu hau bi errealitateen arteko zubi bilakatu da».

Diskoaren ekoizpena Arnau Figueresen eskutik joan da eta EP grabatu duten musikariak Judit Leddermannen ohiko taldekideak izan dira, hau da, Isaac Coll, Dario Barroso eta Adri Gonzalez. Horrez gainera, Xavi Lozanok ere hartu du parte. Zuzenekoetan bere ohiko taldearekin batera ariko dela aurreratu zuen Leddermannek.