2024 AZA. 04 - 13:41h Osasuna, segurtasuna, hizkuntzak... Adimen Artifizialaren sei adibide Global Innovation Day-n Bilbon ospatu da astelehen honetan Global Innovation Day jardunaldiaren 13. ekitaldia. Bertan aurkeztu dira Adimen Artifizialari esker EAEn aurrera eraman diren sei kasu praktikoak, osasuna hobetzeko, segurtasuna bermatzeko edota hizkuntzak itzultzeko balio direnak. Bilbon ospatu da Global Innovation Day jardunaldia. (@Innobasque) NAIZ Global Innovation Day jardunaldiaren 13. ekitaldia egin da astelehen honetan Bilboko Azkuna Zentroan, Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatuta. EAEko Adimen Artifizialaren Zentroa (BAIC) eta Matematika Aplikatuen Euskal Zentroa (BCAM) lankide izan dira aurten antolaketan. Izan ere arreta-gune nagusia Adimen Artifiziala (AA) izan da, «bereziki adimen artifizial sortzailea, sektore eta tamaina guztietako enpresetan eragin handiko garapenak bultzatu dituen teknologia disruptiboa». Innobasquek ohar batean nabarmendu duenez, ekitaldi nagusia, hitzaldi, solasaldi eta kasu praktikoen aurkezpenez osatua, 18.00etan hasi da, eta «hautatutako sei kasu praktikoen aurkezpenean agerian geratu da Adimen Artifizialak gero eta garrantzi gehiago duela, Euskadiko enpresa- eta gizarte-ehunaren motor eraldatzaile gero eta nabarmenagoa dela, eta gaitasun handia duela izaera eta tamaina oso desberdineko enpresen garapen berritzailea bultzatzeko». Zornotzako Ariadna Grid ETE familiarra izan da hautatuetako bat, banaketa elektrikorako soluzioen garapenean espezializatutako enpresa. Haritz Zubiak, enpresaren sortzaileetako batek eta CEOak, azaldu du sistema bat sortu dutela manipulatutako kontagailuak detektatzeko. Horri esker, banatzaileek galera energetikoak murriztea eta fakturazioa zehaztasun handiagoz egin ahal izatea lortu dute. Mari Mar Escrig-ek, Eroski Taldeko Online Negozioko zuzendariak, online supermerkaturako garatu duten laguntzaile birtuala aurkeztu du, AA sortzailean oinarritua. Horren bidez, Elorrion egoitza duen elikagaien banaketa-taldeak bezeroarekiko arreta-zerbitzua hobetzea lortu du, batez ere gaueko ordutegian, telefono bidezko arreta eskura ez dagoenean. Bi ospitaleren kasu praktikoak ere izan dira, «eta bi adibide horien bidez argi geratu da AAk osasun arloa garatzen laguntzen duela, biomedikuntzan eta beste zenbait esparrutan izan ditzakeen erabileretatik harago», adierazi du Innobasquek. Lehena, Aita Menni Ospitalearen proiektua izan da. Buruko osasunean espezializatutako erietxe honetako zuzendari gerenteak, Mikel Tellaechek, adimen artifizialean oinarritutako bideozaintza-sistema eman du ezagutzera, eta jakinarazi du horren bidez pazienteen arreta hobetzea lortu dutela, zaintza prozesu proaktibo bihurtuta. Bilboko Santa Marina Ospitaleak (Osakidetza), berriz, Biobizkaia Osasun Ikerketarako Institutuarekin elkarlanean, Adimen Artifizialeko Neuroflash tresna ezarri du, baimen informatuko agiriak berridazteko eta irakurgarriago egiteko. Horrela adierazi du Sendoa Ballesterosek, Ospitaleko Erizaintza zuzendariaren ondokoak. Eibarko Tekniker zentro teknologikoak Adimen Artifizialean oinarritutako bideo-analitika sistema bat ezarri du, eta horren bidez laneko segurtasuna hobetzea lortu du. Sistema horrek denbora berean monitorizatzen du lan-ingurunea, eta sor daitezkeen arrisku-egoerak detektatzen ditu. Horrela jakinarazi du Aitor Gutierrezek, Sistema Autonomo Adimendunen unitateko ikertzaileak. Eszenatokira igo den azken kasua Trebe Language Technologies startup donostiarrarena izan da, hori ere jatorriz Adimen Artifizialaren bidez garatua. Enpresaren CEOak eta sortzaileak, Xabier García de Kortazarrek, azaldu du haiena dela euskarazko, galegozko edo katalanezko ahotsak denbora berean itzultzeko eta transkribatzeko aukera ematen duen lehen plataforma. ‘Lengoaiaren ahalmena’ Eguneko ekitaldi nagusietako bat adituen hitzaldiak eta ‘Global Innovation Dayko Solasaldia’ izan dira. «Bi pertsona adimentsuren arteko elkarrizketa hori erreferentziazko gune bihurtu da dagoeneko topaketa honetan», dio Innobasquek. Aurtengo ekitaldian, Innobasquek Ikerbasqueko ikerkuntzako bi irakasle gonbidatu ditu: Nicola Molinaro eta Román Orús. ‘Lengoaiaren ahalmena’ izan da bi adituen eztabaidagaia. Molinaro, Zientzia Kognitiboetan doktorea eta Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko Brain Rhythms and Cognition ikerkuntza taldeko burua, eta Orus, Fisika Kuantikoan doktorea eta Donostia International Physics Center (DIPC) zentroko irakaslea, gai hauek hizpide hartuta aritu dira eztabaidan: adimen biologikoaren eta artifizialaren arteko antzekotasunak eta aldeak, teknologia kuantikoak AAren lengoaia-ereduetan duen inpaktua, neurozientziak eta adar teknologiko horrek elkarri egiten dizkioten ekarpenak... Horrez gain, Global Innovation Day jardunaldian, ‘Adituen gune’ bat ere egon da, eta hor aritu dira Iñaki Suarez, Basque Artificial Intelligence Center (BAIC) erakundeko teknologia zuzendaria, eta Jose Antonio Lozano, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) zentroko zuzendari zientifikoa eta EHUko irakaslea. Leire Bilbao Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak eta Juan Ignacio Perez Iglesias Lakuako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburuak itxi dute jardunaldia, «abangoardiako berrikuntza zabaltzeko erreferentziazko topaketa gisa» sendotu dena. Hitzordu nagusi honekin abiatu da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XXIV. Astea.