2024 AZA. 14 - 14:05h Bide berriaren lehenengo mugarria ezarri du Sünek ‘Amaineman’ diskoa aurkeztuta Josune Arakistainek bakarlari gisa sortu duen lehenengo diskoa kaleratu du eta, horrekin, Süne proiektua aireratu. Berak naturaltzat dituen bi mundu elkartu ditu, elektronika eta trikitixa, eta entzuleari eman: ostegun honetatik aurrera, ‘Amaineman’ plataforma guztietan entzun daiteke. Josune Arakistain, Süne proiektuarekin eman duen lehenengo diskoa eskuetan duela. (Maialen ANDRES | FOKU) Maddi Txintxurreta ‘Amaineman’ diskoa kaleratu du Josune Arakistainek, Süne bakarkako proiektuaren bidean lehenengo mugarria ezarrita. Huntzatik datorren musikariak bere proposamen berriaren lagin bat eskaini du diskoa kaleratu aurretik, besteak beste, ‘Lau Korapilo’, ‘Sunday’ eta ‘Txitxarro’ aurrerapen kantekin; ostegun honetatik aurrera, baina, 11 kantuk osatzen duten lana osorik entzuteko aukera plataforma guztietara zabaldu du. Bakarlari gisa eman duen bere estreinako diskoan, etapa zaharren itxieraz eta aukera berrien galderez mintzo da Josune Arakistain, Huntza talde arrakastatsutik Süne proiektura eginiko trantsizioaren azalpen musikatua eskainiz. Eta trantsizio horren soinu-banda trikitixa eta elektronikarekin jantzi du. Itxuraz bateraezinak dirudite bi mundu horiek, baina «natural» sentitzen ditu Arakistainek, Donostiako Aquarium-ean azaldu duenez. «Ni Itziarkoa naiz, bertan trikitixa eta tradizioa oso presente daude, baina Txitxarro diskoteka ere hor egon da urte luzez, eta hango gazteok badugu erreferentzia hori. Gaueko 12.00etatik aurrera, ‘bakalao’ gogorra. Fusio hori naturala da niretzat», esan du. Eta natural bizi izan du Huntzatik Sünerako pausoa ere, «zerbait berria» probatzeko gogoak bultzatuta. Funtsean, bulkadek sortua da ‘Amaineman’, momentu konkretuetako sentipenak amuz heldu eta kantu bihurtu ditu Arakistainek azken bi urteetan. Hala, ez da kasualitatea diskoaren izenburua, ezta aurkezpen prentsaurrekoa Aquarium-ean egiteko hautua ere. «‘Amain eman’-ek gazteleraz fluir, dejarse llevar, esan nahi du. Diskoaren filosofia oso ondo deskribatzen du izenburuak. Amain eman dut, momentuoro atera zaidana sortu dut. Diskoaren iruditegiak islatzen du ni, medusa baten antzera, uraren jarioan mugitzen», esplikatu du, bere bizkarrean, beirate baten atzean, arrainak alde batetik bestera igeri egin bitartean. Bidaia eta bidaideak Euskal Herria eta Madril artean sortu du Itziarko musikariak ‘Amaineman’, Jimbo Paez ekoizle sonatuarekin. Buruan kantu baten melodia, «bizkar-hezurra», eta kotxeko maletategian lau trikitixa hartuta, Josune Arakistainek hainbat bidaia egin ditu Madrilera azken bi urteetan. Bidaia gozatu duela esan du, eta bidaideak, gehiago. Asko izan dira diskoan parte hartu duten artista gonbidatuak: Toledoko Veintiuno taldeko kideak euskaraz kantuan jarri ditu eta rock-aren garra sartu du ‘Hori bai’ abestian, Antia Muiño galiziarra eta Greta Ch’aska italiarrarekin honezkero publikoak ezagutzen duen ‘Milaka lore’ eman du, eta ‘Sunday’ fintzen lagundu du Rikki ekoizleak. Kolaborazio bereziena, baina, diskoa irekitzen duen kantuak dakar: Huntzako lagunekin sortu du ‘Kantauri’. «Horrek islatzen du nondik natorren eta nora noan», aipatu du. Spoiler bat Plataformetan entzungai den ‘Amaineman’ lana 11 kantuk osatzen duten arren, diskoa erosten duenak sorpresa bat aurkituko du bertan, nolabaiteko plus bat. Gaur egun diskoa erosten duten gutxi horiek «artistari laguntzeko» egiten dutela sinetsita, eskertza egin nahi izan die Arakistainek, eta hamabigarren kantu bat sartu du, soilik diskoan entzungai izango dena. «Keinu hori bueltatu nahi izan diet entzuleei», aipatu du. ‘Amaineman’ aurkeztuta, entzuleen usteen berri izateko irrikaz dagoela aitortu du Arakistainek, eta Durangoko Azokan egunero egongo dela iragarri du, lehen aldiz, Süneren stand-ean.