GAIAK

Sei urteren ondoren, Izaki Gardenak ‘Orube’ batean kokatu da eta disko berria ondu du

‘Orube’ diskoa argitara atera berri du Izaki Gardenak taldeak, azken publikaziotik «momentuak eragindako» sei urteko etenaldiaren ondoren. Iaz sentitu zuten proiektua berreskuratzeko gogoa eta berritasunez betetako bilduma hau jaio da. 2025eko urtarriletik aurrera zuzenean eskainiko dute.

Jon Basaguren, ‘Orube’ eskuetan duela, eta Libe Kortazar, astearte honetako aurkezpenean. (NAIZ)

«Indar gehiagorekin» bueltatu da Izaki Gardenak talde gasteiztarra berriki argitaratu duten ‘Orube’ lanarekin. Metaforari helduta, «eraikitzeko dagoen lurraz» baliatu dira «aurreiritzirik gabe zerotik hasteko».

Gasteizko Vinylora musika-dendan eman dituzte astearte honetan lan berriaren nondik norakoak Jon Basaguren taldeko gitarrista eta ahotsak eta Libe Kortazar teklista eta ahotsak. Basagurenek ‘Orube’ taldearen «diskorik onena, zalantzarik gabe eta alde handiarekin» bezala definitu du.

2018an ‘Dena oskol’ albuma argitaratu zutenetik proiektu paraleloetan aritu dira taldekideak, batzuetan elkarrekin eta beste batzuetan bakarrik. Pandemia erditik, ez zen iaz arte izan talde bezala itzultzeko gogoa sentitu zutela eta aurtengo udan grabatu dute lana, Granadako La Mina estudioan.

Itzulera bat bada ere, Basagurenek ez zuen «formulak errepikatzeko gogorik» eta taldearen izaera gorde bai baina kantak «beste era batera» egin dituzte oraingoan. Besteak beste, gitarrek beste efektu bat dute, ‘delay’ edo oihartzun efektua eta ‘chorus’ delakoa sartu dituzte eta beste sintetizadore batzuk baliatu.

«Ez da sekulako iraultza», ohartarazi du Basagurenek. Hala ere, soinuko berritasunekin batera, oraingo lan honen atzean ikerketa eta esperimentazio gehiago dagoela zehaztu dute biek ala biek. Konposatzerako momentuan ere aldaketarik egon da, Basagurenek azaldu duenez. Izan ere, musikari letra «berandu» eransteko ohitura dauka, baina oraingoan «agian gehiegizkoa» izan da atzerapen hori.

Diskoaren izena bera metafora izateaz gain, zortzi abestietan zehar zenbait kontzeptu errepikatzen dira, «aldentzea» eta «amaiera», kasu. Gero, ‘Jausi bitartean’ kanta, esaterako, «gizartearen dekadentziaz» ari da, diskoa etxean egitearen eta munduan gertatzen ari zenaren arteko kontrasteaz. «Doinuak egitea jausi bitatean kantatu ahal izateko», laburbildu du Basagurenek.

Jon Basagurenek eta Libe Kortazarrek sortutako Alde IlunA zigiluarekin gorpuztu dute Izaki Gardenaken disko berri hau. «Gure proiektuei heltzeko eta aurkezteko» sortu dute, «hasiera batean oso familiarra, baina batek daki».

‘Orube’ren azala ere beraiek egindakoa da, Libe Kortazarrek ateratako argazki analogiko batetik abiatuta, diskoaren soinuan antzematen den 1980ko hamarkadako soinuei keinu gisa. Kortazarren hitzetan, irudian agertzen den utzitako karabana hori «beste norbaitek har dezake eta etxe berri bat sortu» eta, beraz, hasiera berriak irudikatzen ditu.

Oholtzetara itzulera

Diskoarekin, zuzeneko emanaldien berri eman dute. 2025eko urtarriletik aurrera bueltatuko dira eszenatokietara eta Hendaiako Borderline Fabrikan hasiko dira, hil horretako 17an. Ondoren, 19an, Abadiñon izango dira, Amaraun Arte Fabrikan. Bereziak izango dira kontzertu hauek taldearentzat, «behar» duten gertutasunez egingo direlako, agertokirik gabe.

Bilbon, Atarrabian, Gasteizen eta Donostian ere joko dute. Zuzenekoetan, baina, Danilo Foronda taldeko baxu-jotzailea ezin izango da egon eta, haren ordez, Duluth taldeko Aitor Aguirre izango dute lagun.