GAIAK

Bertako arrautza, freskoa eta kalitate gorenekoa

Arrautza ekoizleen sektorea, beste askotan gertatzen ari den bezala, kanpoko konpainia gutxi batzuen esku geratzen ari da, baina bada baserritar talde bat gertutasunaren eta kalitatearen aldeko apustua egiten jarraitu nahi duena.

Elorrioko Aidazu oilategiko arduradunak, Aitzol Basauri eta Bego Zearsolo, arrautzak sailkatzeko lanetan. (Raúl BOGAJO | FOKU)

Euskal Herriko arrautza ekoizle talde batek EuskalOvo kooperatiba sortu zuen orain dela bi hamarkada, marka bakar baten gerizpean (“Hobea”) indarrak batu eta bezeroen eskariei hobeto erantzuteko. Gaur egun hamabi etxalde dira kooperatiba osatzen dutenak eta urtean 12 milioi dozena arrautza irteten dira beren oilategietatik.

EuskalOvo kooperatiba osatzen duten etxaldeak familiarrak dira eta beren ezaugarri nagusia hurbiltasuna da, hori baita produktu freskoena eta kalitaterik gorenekoa eskaintzeko bermerik onena. Elkarte horretan mota desberdineko oilategiak aurkituko ditugu: kaiolakoak, lurrekoak, landakoak eta ekologikoak. Landako oiloak hazteko etxaldea da orain dela bost urte Aitzol Basaurik eta Bego Zearsolok Elorrioko Aidazu auzoan zabaldu zutena.

Biak baserrian jaioak badira ere, oiloekin hasi aurretik beste lanbide batzuk zituzten eta kooperatiban ekoizle bila zebiltzala jakin zutenean, beste profesionalekin harremanetan jarri eta zenbakiak egiten hasi ziren. Hasieran duda handiak izan zituzten -batez ere tamaina erabakitzerakoan-, baina azkenean aurrera egin eta familiako lur-sail batean etxaldea eraiki zuten.

Lehen hiru urteetan landako oiloak izan zituzten, eta azken bi urteetan, merkatuaren eskariak bultzatuta, lurrekoak izan dituzte, kaiolarik gabe baina etxalde barruan ibiltzen direnak. 1.700 dozena arrautza inguru ekoizten dituzte egunero eta, Eroskiren bitartez, Euskal Herri luze-zabalean merkaturatzen dituzte, “Hobea” eta “Eroski” marka daramaten arrautza-ontzietan.

Aitzol eta Bego gustura daude euren lanarekin, oiloek larunbat eta igandeetan atsedenik hartzen uzten ez dieten arren. «Oilo bakoitzak goizero jartzen du arrautza eta urteko egun guztietan etorri behar dugu jaso eta ontziratzera».

Zinta garraiatzaile luze batek ontziratze gelara ekartzen ditu goizero arrautzak. Bertako makinak automatizatuta daude eta, pisuaren arabera sailkatu ostean, zenbaki identifikatzailea jarri eta kartoizko arrautza-ontzietan sartzen dituzte. Eskuz egiten duten ia gauza bakarra, beraz, ontzi horiek kaxetan sartzea da.

Prozesua automatizatuta dagoen arren, eguneroko lana ez dela batere lasaia azaldu dute. «Makinek beren lana egiten duten bitartean, begia kendu gabe ibili behar dugu dena ondo doala ziurtatzeko, eta, batez ere, arrautzarik ez puskatzeko, orduan dena gelditu eta garbitu egin behar delako».

Aitzolek eta Begok modu berezian zaintzen dute oiloen elikadura. «Pentsua Nafarroako ekoizle batek ekartzen digu eta oiloen elikadura beharrak asetzeko prestatua dago. Gainera, kalitate eskakizun zehatzak betetzen ditu, bai kooperatibak ezarritakoak, baita Eroskik ezarritakoak ere».

Aidazuko oiloak etxalde barruan daude aurten. Aitzolek dioenez, «modu horretan askoz hobeto zainduta daude, ez dute gaixotasunik hartzen eta errendimendu hobea ematen dute». Hala eta guztiz ere, instalazioak oiloak kanpora ateratzeko prestatuta daude eta laster batean erretiroa hartuko duen ekoizle baten ordezko produkzioa ere egingo dute aire libreko oiloekin.

SEKTOREA, BIDEGURUTZEAN

Arrautza sektorea egun bidegurutze batean dago. Euskal-Ovo kooperatibako zuzendari Alex Garmendiak honela laburbildu digu: «Alde batetik, urteak daramatzagu ahalegin berezia egiten oiloak aire librera ateratzeko, baita produkzio ekologikoa handitzeko ere. Baina bestetik, azken urteotan lehengaiek jasan duten prezio igoera dela eta, arrautza garestitu egin da eta bezeroen zati handi bat prezio merkeen bila itzuli da; hau da, kaiolako arrautzetara. Ondorioz, landako zein produkzio ekologikoko salmentak jaitsi egin dira».

Errealitatea hori bada ere, Alex Garmendiak zuzentzen duen kooperatiban argi daukate atzera bueltarik ez dagoela eta ahalik eta kalitate handieneko arrautzak ekoizten jarraituko dutela. «Momentu honetan heren bat besterik ez daukagu kaiolakoa eta datorren urtean gure asmoa da kaiolako arrautzarik ia ez ekoiztea», azaldu du.

Argi daukate, hala ere, ez dutela euskal merkatua kanpoko enpresen esku utzi nahi eta bezeroen eskariei erantzuten jarraituko dutela, horretarako euren esku dauden bide guztiak baliatuz.

Beraz, supermerkatura joan eta arrautzak erosterakoan, ontziaren atzeko etiketa begiratu eta EuskalOvok eginak direla ziurtatu besterik ez daukagu, modu horretan bertakoak, freskoak eta kalitate gorenekoak direla egiaztatzeko.

Arrautzak labean perretxikoekin

Oilo arrautzak giza osasunarentzat duen eragina eztabaidagai izan da urte askoan, batzuek osasun ona izateko lagungarriak direla diotelako, eta beste batzuek kolesterola igotzen duela uste dutelako. Azken ikerketek, ordea, kolesterol mailan eraginik ez duela egiaztatu dute eta, era berean, gizakiarentzat garrantzitsuak diren elikagaiak dituela nabarmendu dute, horien artean A eta D bitaminak, gantz osasungarriak, proteinak eta mineralak. Beraz, arrautza elikagai osoa eta orekatua dela esan daiteke eta egunero bat jatea gomendatzen da.

Arrautza labean eta modu osasungarrian kontsumitzeko modu bat honakoa izan daiteke.

Osagaiak

• 4 Hobea arrautza
• Gurina
• Perretxikoak txikituta
• 2 tipulin
• Ezkaia
• Esne-gaina
• Gazta birrindua
• Gatza
• Piperbeltza

Egiteko modua:

• Tipulinak ondo garbitu, zurtoinak kendu eta oso fin moztu.

• Zartagin batean gurina su ertainean berotzen jarri eta ia urtuta dagoenean onddoak, tipulin xerrak eta ezkaia gehitu.

• Gatza eta piperra gehitu eta 3 minutu inguruz nahastu. Bitartean, labea 190 graduan berotzen jarri.

• Lau kazola txiki gurin apur batekin igurtzi eta perretxikoak barruan zabaldu. Salteatuaren artean, txoko bat utzi eta bertan arrautza bat apurtu, esne-gain apur bat eta gazta birrindua gehitu.

• Dena 10-12 minutuz labean utzi eta ondoren zerbitzatu.