2024 ABEN. 17 - 18:30h Marrazo muturluze bat markatu du Aztik lehen aldiz Bizkaiko Golkoan Aztik marrazo muturluze bat markatu du lehen aldiz Bizkaiko Golkoan; arriskuan dagoen espeziea da eta hura kontserbatzen lagunduko duen ikerketa proiektu baten jarraipena da. Amalur izena jarri dio. Lehen aldiz marrazo muturluze bat markatu du Aztik Bizkaiko Golkoan. (OCEAN COLLECTIVE) NAIZ Azti lehen aldiz hasi da marrazo muturluze aleak (Isurus oxyrinchus) monitorizatzen. Espezie hori desagertzeko arriskuan dago Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren (UICN) zerrenda gorriaren arabera, eta Pasaian egoitza duen zentro teknologikoaren ikerketak «funtsezko informazioa emango dio arrantza sektoreari, arriskuan dauden espezie horien ustekabeko arrantza saihesteko eta haien kontserbazioa sustatzeko». Ohar batean azaldu duenez, marrazo muturluzeak, marrazo arrunta edo dientusoa bezala ere ezaguna denak, 4,5 metroko luzeera izan dezake eta 30 urte baino gehiago bizi daiteke. Beste leku batzuen artean Bizkaiko Golkoan aurki daiteke eta ICCATek egindako azken ebaluazioak gehiegizko ustiatze egoeran kokatzen du. Hori dela eta, ikerketa lana «funtsezkoa da marrazoen mugimenduei eta portaerei buruzko informazio berria emateko», marrazo muturluzea bezalako espezieak kontserbatzen eta berreskuratzen lagun baitezake, «espezie horiek funtsezkoak baitira itsas ekosistemetan, baita arrantza interesa dutelako ere». Amalur Bizkaiko Golkoan «ustekabean harrapatu ez dezaten», Azti lanean ari da 2023tik hainbat marrazo monitorizatzen dituen ikerketa batean eta aurten, lehen aldiz, 1,4 metroko marrazo muturluze eme bat markatzea lortu du. Ale honi Amalur izena jarri zaio, «espezie honek itsas ekosistemen orekaren parte integral gisa duen garrantzia azpimarratu nahi duen seinale». «Bi marka satelital jarri genituen abuztuaren erdialdean, mugimendu horizontal eta bertikalei buruzko informazioa lortzeko. Une honetan hegoalderako bidean dago, Madeira uhartea (Portugal) atzean utzita. Marketako batek denbora errealean ematen du bere posizioa, marrazoa azalera ateratzen den bakoitzean», azaldu du Aztiko ikertzaile eta arrantzaren kudeaketan aditua den Maite Erauskin-Extramianak. Marrazo hau 2023an eta 2024an markatutako urdinei gehitzen zaie (gazte indibiduo txikietatik helduetara). Adituak gidatutako taldea ari zen horiek monitorizatzen eta, proiektua oraindik fase goiztiarrean dagoen arren, datu berriak lortu dira haien lehentasunezko eremu eta sasoiei buruz. «Lortutako datuek marrazo urdinak ia urte osoan kokatzen dituzte gure kostaldean, eta ez soilik Galiziako uretaranzko udan egindako migrazioan, hasieran uste zen bezala», nabarmendu du Erauskin-Extramianak. Aztiren arabera, lehen analisiek ere Bizkaiko Golkoaren barruan marrazo urdinen mugimendu asko erakutsi dituzte, eta itsaspeko arroilen gunea espezie horientzat interes bereziko eremua dela dirudi. Bizkaiko Golkoan bizi diren marrazo espezieen patroiei buruzko ezagutza areagotuz, «giza eta arrantza jarduerekin bizikidetza harmoniatsua sustatzea» da Aztik gidatutako eta sustatutako ekimenaren helburua. Marrazoen irudi arriskutsua desmitifikatu «Garrantzitsua da marrazoen kokapenaren eta urte sasoiaren lehentasunak ezagutzea; izan ere, horri esker, espezie horien ustekabeko arrantza hilkortasuna murriztera eta haien populazioak berreskuratzera bideratutako kudeaketa neurriak garatu ahal izango ditugu» gehitu du Aztiko ikerlariak. Gizartea sentsibilizatzeko eta euskal kostaldeko uretan dauden marrazoen kontserbazioa sustatzeko, Ocean Collective elkarte alemaniarrarekin lankidetzan ari da Azti. Erakunde horrek hainbat bideo prestatu ditu proiektua eta euskal kostaldean dauden marrazo espezieen dibertsitatea ikuspuntu ekologiko eta ekosistemiko batetik ezagutzera emateko. Horrela, «gizarteak marrazoen inguruan izan duen irudia desmitifikatu» nahi dute, «itsasoko harrapari arriskutsuak direlakoan».