2024 ABEN. 18 - 16:02h Guda Dantza taldeak agur esango du azken kontzertu batekin Hamabi urteko ibilbidearen ostean, hamahirugarrenean esango du agur talde bizkaitarrak. 2025eko ekainaren 21ean igoko dira azkenengoz Guda Dantza taldekoak oholtzara, Bilboko Kafe Antzokian. Guda dantza taldeak bere ohiko freskotasun eta dibertsio puntuarekin iragarri du azken kontzertua. (GUDA DANTZA) NAIZ Sareetan kaleratu duten bideo labur batekin, Guda Dantza Uribe Kostako taldeak agurra iragarri du bidetik lau disko kaleratu ostean. Azken emanaldia ere iragarri dute, 2025eko ekainaren 21ean eskainiko dutena: «Guztiaren gainetik, bost lagun gara, gure nerabezaroko ametsa betetzen: musika talde bat aurrera eramatea. Horregatik, 2025a ospakizun-urtea izango da. Oraingoz, zerbait aurreratu dezakegu: azken kontzertu bat eskeiniko dugu. Ekainaren 21ean izango da, larunbata, Bilboko Kafe Antzokian. Ez zitzaigun aukera hoberik bururatzen. 2025ean sorpresaren bat edo beste izango da... eta auskalo, agian azken abesti bat!» Hauxe da agurra iragartzeko taldeak helarazi duen mezua: «Duela hilabete batzuetatik hona, instrumentuak saltzen hasi gara, entsegu lokala husten eta ibilbide honetan pilatu dugun guztia biltzen. Guda Dantza gara eta, bai, taldea uztea erabaki dugu 13 urteren ondoren. Ez dugu pornografia emozionalik nahi. Komunikatu malenkoniatsu bat duen argazkirik ez dugu igoko, ezta lau urte iraungo duen agur-bira faltsu bat egingo ere. Gurea askoz errazagoa da: solemnitatetik urrun dagoen itxiera bat nahi dugu, institutuko lagunekin banda bat sortzeak ekarri duen dibertimentutik gertu dagoena. Horren berri emateko bideo bat prestatu dugu, abenduaren 18ko goizean zehar gure sare sozialetan elkarbanatuko duguna». View this post on Instagram A post shared by GUDA DANTZA (@gudadantza) Ez dira urte gutxi izan eta saiakerak ere asko, baina bizitzak toki honetan eten du haien bidea. Festa handia izan dadila azkenekoa.