GAIAK

Materia iluna, detektatua izatetik gertuago euskal ikerlariak biltzen dituen talde bati esker

Donostia International Physics Center (DIPC) eta Nanyang Technological University (NTU) elkartzen dituen nazioarteko talde batek aurrerapauso bat egin du, kosmosaren sekretuak argitzera hurbildu gaitzakeena, unibertsoko «materia iluna» detektatzen lagunduta.

Ikerketan parte hartu duten DIPCko ikertzaileak. (DIPC)

Donostia International Physics Center (DIPC) guneko ikertzaile batzuk tartean dituen nazioarteko lantalde batek aurrerapauso zientifiko garrantzitsu bat egin du, materia iluna detektatzen lagundu dezakeen aurkikuntza gako bat egin baitu. Fenomeno kosmikoak azaltzeko funtsezko elementua den arren, materia iluna ezin da detektatu bide arruntak erabiliz, ez baitu elkarreraginik argiarekin eta materia arruntarekin.

‘Science’ aldizkarian argitaratu den ikerketa aitzindari horrek mugarri bat jarri du material topologikoen ikerketan, eta aukera berriak ireki ditu fotonikan eta komunikazio sistema sendoetan aurrerapausoak emateko.

«Teoria garrantzitsu batek dio materia iluna axioi izeneko partikula hipotetiko batzuez eratuta dagoela. Partikula horiek, 1970eko hamarkadan teorizatuak, unibertsoa eratu zenean sortu bide ziren, baina haiek detektatzea zaila da, apenas baitute elkarrekintzarik beren ingurunearekin. Hala ere, badirudi axioiak fotoi bihurtu daitezkeela eremu magnetiko sendoetan, eta hori oso garrantzitsua litzateke haiek detektatzeko», azaldu du DIPC-k ohar batean.

Nazioarteko talde honek lorpen garrantzitsua erdietsi du, frogatu baitu fotoiek (argi-partikulek) axioien portaera imitatu dezaketela hiru dimentsioko kristal egitura bereziki diseinatuak zeharkatzean. Kristal horrek aukera ematen du uhin luzera jakin batzuetako argia kristalaren ertzetan mugitu dadin norabide bakarrean eta galerarik edo interferentziarik gabe, oztopoak erraz saihestuz.

Mugimendu horrek axioien portaera teorikoa erreproduzitzen du, eta aurrerapauso handia da materia ilunaren ikerketa esperimentalean. Ikerketan aurkitutakoa lagungarri izan daiteke datu transmisioa eta konputazio kuantikoa sendoagoak izan daitezen, eta hori funtsezkoa da datu transferentzia sendorako, Donostian egoitza duen zentroak azaldu duenez.

Lan teorikoaren parte bat garatu duten DIPCko ikertzaile Chiara Devescovi eta Antonio Moralesen esanean, «ikerketak, material fotoniko berri bat badagoela frogatzeaz gain, argia hiru dimentsiotan kontrolatzeko eta erabiltzeko modu berri bat proposatzen du. Kristal fotonikoetan axioien portaeraren modukoa esperimentalki ikusi izanak asko lagundu du oinarrizko fisika ulertzen, eta hurrengo belaunaldiko teknologiak garatzeko oinarriak jarri ditu».

Komunikazio fotonikoetatik harago, «aurkikuntza honek plataforma esperimental berriak eskain ditzake axioien elektrodinamika eta fisikaren funtsezko beste printzipio batzuk esploratzeko, hala nola txirikorden eraketa kristal fotonikoetan. Ikerketak agerian jartzen du nolako garrantzia duen nazioarteko lankidetzak erronka zientifiko konplexuak konpontzen», gaineratu dute Aitzol Garcia-Etxarri, Ikerbasque ikertzailea, eta Maia Garcia Vergniory, DIPCko ikertzaileak eta Sherbrooke Unibersitateko irakasleak. Donostia International Physics Centerren (DIPC) egindako lanaren zuzendari izan dira biak.