Mila esker ilunpetik argia sortzen duenari
Euskal kulturgintza astindu zuen Jonan Ordorika soinu-teknikariaren heriotzak 2023ko abuztuan. Musikarako pasioak bultzatuta, sortzaile askoren maisu, bidelagun eta xaxatzaile izan zen, baita adiskide min ere. Bilboko Loraldiaren ekimenez, doinuz blaitutako omenaldi hunkigarria egin diote.

Arriaga antzokian, ‘Mila esker, Jonan Ordorika’ izenburupean, eskerrak ematea izan da 2023an zendutako soinu-teknikariren omenezko ekitaldia. Doluaren eta minaren gainetik, Ordorikaren ekinari esker loratu den musika gogoratu dute bost talde eta bakarlarik.
Teloia igo eta berehala, Hiru Truku izan da oholtzan agertzen lehena. Loraldiak saioaren berri eman zuenetik, Ruper Ordorika, Joseba Tapia eta Bixente Martinezek osatutako hirukotearen itzulera gogoz itxaron dute zaleek. Bi hamarkadaren ondoren, berriro zuzenean entzun ahal izan dira Bizkaiko kopla zaharrak eta antzinako baladak: ‘Zazpi nobio’, ‘Lapurrarena’, ‘Txikitin parian’… Txaloka eta giro alaian hartu du publikoak Hiru Trukuren itzulera, baina hunkitzeko tartea ere egon da, Ruper Ordorikak anaia gogoratu duenean.
Ondoren, Anarik, Rafa Ruedak, Micek eta Tapia eta Leturiak ere hartu dute oholtza. Bospasei abestiko kontzertu laburren artean, Jonan Ordorikaren ekarpenaren berri emateko elkarrizketak eta bideoak jarri dituzte. Besteak beste, Imanol Agirre Loraldiko zuzendariak, Txuma Murugarren musikariak eta Paco Loco teknikariak hitz egin dute. Pantailan entzun dira Mikel Urdangarinen eta Delirium Tremenseko Andoniren kantuak, eta Bernardo Atxagak Ordorikaren ‘bihotz zurigorriari’ eskainitako poema baten zatia irakurri dute Loraldiko ordezkariek.
Garbi geratu da bi pasio nagusi zituela: Athletic eta musika. Eta musikaren barruan, Lou Reed. Artista amerikarra hil eta gutxira, ‘Lou Reed, mila esker’ diskoa plazaratu zuen Ordorikak euskal musikari ugariren laguntzaz, eta Arriagan ere entzun dira horko doinu batzuk. Gainera, Hiru Trukuk ‘Walk On The Wild Side’ ikonikoaren bertsioa jo du, euskara eta ingelesa uztartuta.
Anarik ohiko doinu indartsu eta sakonez bete du antzokia. Jonan Ordorika lehenengo maketatik laguntzaile izan zuela oroitu du azkoitiarrak, ‘genesitik nago berarekin’. ‘Edertasun arraroa’ kantua aukeratu du bere txanda biribiltzeko, Arriagan sortu den giroa ere halakoxea iruditu zaiolako Anariri.
Rafa Ruedak ere luzaroan izan zuen ondoan Jonan Ordorika. Iraganaren minez bezala, memoriari eta itzuliko ez diren momentuei erreferentzia egiten dieten abestiak aukeratu ditu. Bakar-bakarrik igo da agertokira, baina Pi-LTren garaian ere Ordorikarekin lan egin zuenez, talde horren ‘Balak airean’ ezaguna ere eskaini dio publikoari.
Micek, Miren Narbaiza buru duen taldeak, esker oneko hitzak izan ditu Ordorikarentzat, ‘marroi’ guztietan laguntzeko prest baitzegoen, kontzertu handietan zein baliabide eskaseko emanaldi xumeetan. Azkarateko (Nafarroa) estudiora igo eta soinu-teknikariarekin diskoei azken ukituak egiten zizkieteneko erritualaz hitz egin dute taldekideek: ‘Orain nola ostia bukatuko ditugu diskoak?’.
Izan ere, urte luzez, Jonan Ordorikaren Azkarateko estudioa izan zen musikari askoren topaleku, diskoei azken ukitu magikoa ematen zien txokoa. Kontzertuetan ere, oholtza gainean zeudenei onena ateratzeko gai zen. Beti bigarren planoan, ezkutuan, baina sortzaileen eta entzuleen arteko ezinbesteko zubi. Loraldiko kideek nabarmendu dutenez, ilunpetik argia sortzen zuen. Soinu-teknikari aritzen diren guztientzat ere izan dira Arriaga Antzokiko esker onak. ‘Teknikaririk gabe, gure bizitza askoz tristeagoa litzateke’, horixe Imanol Agirreren aldarrikapena.
Musikagintzan paregabea izan zen, beraz, Jonan Ordorika. Hala ere, harreman profesionaletik harago, pertsona ona izan zela azpimarratu dute denek. 2023ko abuztu hartan, teknikariaren heriotzaren berri izan zutenean, adiskide min bat galdu zuten, beti laguntzeko prest zegoena, solasaldi atseginen zalea. Paco Loco lankideak aitortu du egunero hitz egiten zutela telefonoz, ‘batzuetan egun bakarrean zazpi aldiz’.
Handia da Jonan Ordorikak eragin duen hutsunea eta amaigabea mundu honetan utzi dituen adiskideen zerrenda. Dena dela, lasai egoteko eskatu die Rafa Ruedak entzuleei: ametsetan ikusi omen du Jonan eta, dagoen lekuan dagoela, pozik dago, afari eder baten bueltan berriro noiz elkartuko zain.