7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Hobeak


Pandemiatik hobeak aterako gara. Askotan pizten zaidan burutazioa da. Supermerkatu bateko aparkalekuan adibidez. Urrutitik ikusi duzu libratuko den toki hori, gerturatu zara inor ez aurreratzeko tentuarekin eta kaka. Auto bat bide erdian, zure maniobrari traba egiten, gizonezko bat erosketak autoaren maletategian sartzen ari den bitartean. Nolako patxada eta ordena. Erosketak ordena alfabetikoan jartzen ari da maletategian. Nolako mimoa. Eta zu zain, beste autoei traba egiten, hasperenka. Eta nola txikitatik erakutsi dizuten besteei traba egin gabe ibiltzea gizalegezkoa dela, amore eman eta beste buelta bat ematen duzu aparkalekuan alfer-alferrik. Ez, gizalegea ez da berdin partitu parte guztietan eta askotan tuntun mozola aurpegia jartzen zaizu.

Ostalaritzan lan egiten duen laguna ere askotan akordatzen da “hemendik hobeak aterako gara” lelo ponpoxo horrekin. Nolako beroak egin dituen eta zenbat edari zerbitzatu duten. Eta egarriak akabatzen ari denak, mahaian bapo eserita, nolako estutasunez eskatzen duen edatekoa behin eta berriz eta zein gorra eta mantsoa iruditzen zaion zerbitzaria; «aizan, ez al dun entzuten?» eta «hik ekartzerako berotuko dun». Burutik pasatu ere ez zaio egin ez dela jatetxeko jatun bakarra eta lanean dagoenarentzat beroa beroagoa dela.

Ba tristea geratu zaigu gero udako hizketaldia. Non geratu ote da arratsaldeko zortzietan balkoira arrastaka eramaten gintuen indar kolektiboa? Denok jendarte honetako parte beharrezko ginela sinistu genueneko harrotasuna noiz apaldu ote zaigu? Noiz hartu zuen esloganaren kiratsa “hemendik hobeak aterako gara” horrek?

Soziologo batzuek diote krisiek pertsonen eta jendartearen onena ateratzen dutela. Eta, gainera, krisien ondotik askotan jendartearentzat onuragarriak diren neurriak eta dinamikak etortzen direla. Alegia, krisietan jendarteak eutsi egiten diola, elkarri lagundu, agintariek konplitu ezin dituztenak bere bizkar hartu. Eta amaitzean, indar kolektibo horretatik, agintarien aurrean paratzen direla herritarrak, ozen esanez: herriak eutsi egin dio eta orain herriari merezi duena eman behar zaio. Bizitza bizigarriago bat, adibidez.

Ez dakit gure kasua ote den. Sentsazioa daukat gero eta gehiago norbera bereari begira bizi dela, bizirauten nahiko lan duela ondokoaren egoerari erreparatzeko ere. Itolarri horretan, kolektiboaren parte garela ahaztu ote zaigun... norbera bere arazoekin borrokan sumatzen dut, burua ezin altxatu. Ez da kasualitatea, kausa askoren ondorioa baizik. Baina, tira, akaso hobeak gara eta ni ez naiz enteratu, ezin aparkatu nabilelako oraindik.