7K - zazpika astekaria

Indar entrenamendua bizkarreko minen aurka


Gaur egun indar handia hartzen ari da indar entrenamenduaren kontzeptua. Jakina da indarra bizitzako edozein mugimendutan agertzen den fenomenoa dela, eta gaitasun hori gabe mugimendurik ezinezkoa dela.

Gaur aipatuko dugun indarraren kontzeptua berregokitze edo errehabilitazio prozesuetara bideratuko dugu, azken ikerketa eta joera berriei esker ezinbestekoa den kontzeptua bilakatu baita esparru honetan. Mugimendu bat dagoen unetik indar bat aplikatzen delako teoremari jarraituz, berregokitze prozesuetan ere ezinbestekoa da lehenengo egunetik gorputza mugimenduan egotea. Hortaz, lehenengo errekuperazio pausoa erabateko atsedena ekidin eta min hartutako estrukturekin erlazionatutako gainontzeko estrukturak mugimenduan jartzea izango da.

Aurreko artikuluetan hitz egindakoaren ildotik, gaur bizkarreko minen berregokitze kasuetan indar entrenamenduak duen garrantziaz arituko gara. Aurrez aipatu bezala, bizkarreko minen kasuetan ere lehenengo momentutik minari aurre egiteak berebiziko garrantzia du, era honetara giharren atrofia ekidin eta odol garraioa hobetzen baita. Fase honetan egin beharreko ariketen artean, gorputzeko artikulazioen mugikortasun ariketak eta pixkanaka gorputz enborreko giharren (CORE) aktibazio ariketak aurki ditzakegu. Bertan, torax zein aldaken mugikortasun egokia berreskuratzea garrantzitsua izango da, estabilitatea behar duen eremu lunbarrari karga arintzeko. Arnasketei dagokienez, lehenengo egunetik abdomeneko muskulu zeharkakoa eta zeiharrak, bizkarreko multifidoak, zoru pelbikoa… lanean jartzen dituzten arnasketa ariketak ikasi beharko dira, eta pixkanaka eta progresiboki hauek lantzeko posturen konplexutasun maila eta exijentzia handitu. Era berean, hasierako fase honetan exekuzio teknika egokiak eta higiene posturala ikasteko unea ere bada.

Behin lehenengo fase akutua pasatu ostean eta norberak bere gorputzaren kontzientzia (propiotzepzioa) berreskuratutakoan, era gradualean gain-karga handiagoko indar lanketa egin beharra dago. Bertan, gorputzari funtzionaltasuna emanaz eta betiere exekuzio teknika egokia erabiliz, giharren tonu egokia izango da helburua, hau da, indartsu jartzea.

Indartsu egotea lesioen prebentziorako ezinbesteko ezaugarria da.