2023 EKA. 11 ARKITEKTURA Arkitektura eta politika Babes ofizialeko 8 etxebizitza Palman - IBAVI IñIGO OCAMICA Lerrook udal-hauteskundeen biharamunarekin idatzitakoak dira. Politika jarraitzea gustuko dugunoi hilabete zalapartatsuak suertatu zaizkigu azkenaldikoak, eta badirudi bis-ak izango ditugula datozen bi hilabeteetan. Artikuluaren izenburua Josep Maria Montaner eta Zaida Muxi arkitekto eta urbanista bikote bikainari lapurtu diet, orain dela hamarkada bat idatzi zuten “Arquitectura y Política: Ensayos para mundos alternativos” saiakeratik. Udaberri asko pasatu dira geroztik; hogei urterekin irakurri nuen entsegu hori, eta 30ekin eta pasatu berri ditugun udal hauteskundeen ostean, bista atzera bota eta urte hauetan arkitektura eta politikaren erlazio horren irakurketa eginda, hainbat hiritan ikusi ahal izan ditugun adibideak ikusita, klabe ugari ikasi ditut. Sant Antoni-ko Superilla, urbanismo taktikoa. Arkitektoak: LEKU Studio. Argazkia: Del Rio Bani Saiakera horrek azalean bertan arkitektura garaikidearen gakoetako bat azpimarratzen du: gizartearekiko duen erantzukizuna, izan beharko lukeena behintzat. Aurreko krisiaren seme garenon belaunaldikook (karrera urte haietan egin eta lan merkatura krisi osteko urteetan sartu ginenok) uste dut azalean grabatuta dugula erantzukizun berri hori, prekaritate berri batez inguratuta hazi ginen-eta, ez baikenituen ugaritasun-urte haiek ezagutu, kanpotik eta egungo arazoen muina identifikatuta ez bada. Erantzukizun horrek ere eman dezake askotan antsietate puntu bat, eta ziur nago, gu bezala, beste arlo askotan ere zuetako asko hori guztia kudeatzen malabarismotan arituko zaretela. Arkitekturaren eta politikaren arteko harreman horretan, jarrera eta begirada kritikoa bai, baina markoaren definizioa arkitektoen esku ez dagoela ikasi dut. Politikariek definitzen dute markoa; beraiek dira arloa ireki eta baliabideen bitartez eremu hori ongarritu eta emankor bihur dezaketenak. Bertan errotuko da talentua, loratuko dira arkitektura eta hirigintza proiektu bitxiak. Estatuan, azken urteetan erreferente izan den hirietako batek, Bartzelonak, eta etxebizitza publikoaren arloan erreferente izan den autonomia erkidego batek, Balear Uharteek, joan den igandean bolante-kolpe gogor bat izan zuten. Eztabaida politikoan ohikoak diren azaleko borroka eta sektarismoetatik atera nahian, gaurko artikulua irudiz hornitzeko, azken urteetako Bartzelonak, batetik, eta IBAVIk (Balear Uharteetako Etxebizitza Institutua), bestetik, oparitu dizkiguten proiektu bitxien sorta erabili nahi izan dut. Hirigintzan Bartzelona historikoki beti izan da ikur, Cerdak diseinatu zuen zabalgunetik hasita. Azken urteetako Superillen modeloa zabalgune horren XXI. mendeko birplanteamendua besterik ez da, gure mendeko arazoei erantzuteko gai dena. LEKU Studio-ren Sant Antoniko interbentzio taktikotik hasi eta Cierto Estudio-k bukatu berri duen Consell de Cent-eko ardatz berderaino, proiektu-sorta oso oparoa dago eredu gisa hartzeko. Klima aldaketaren aurkako eta mugikortasun jasangarriaren aldeko lan-lerro eredugarria dela guztiz agerikoa da. Babes ofizialeko 14 Etxebizitza Sant Ferranen - IBAVI Bestalde, IBAVIk azken urteetan etxebizitza publikoa arkitekturaren kalitatetik eta era oso holistikoan ulertutako jasangarritasun batetik abiatuta egin du (zirkulartasuna eta bertako material eta tekniken berreskurapena ardatz nagusi hartuta); arkitektura oso emankorra egin du, nazioartean asko saritu eta goraipatu dena. Etxebizitza publikoari duintasun arkitektoniko eta espaziala emateko ahalegina. Azken finean, arloa ireki eta ongarritzen denean, emankor bihurtzen da eta ahalbidetu egiten da hori proiektu gisa loratzea. Beharbada, barne-eztabaidetan ikusten ez denez, kanpotik eta nazioartean aldarrikatu ditzakegu adibide horiek, Montaner eta Muxik azaltzen zizkiguten mundu alternatiboen saiakera gisa.