2023 EKA. 11 IRITZIA Asmatzeko ezgai JOKIN URAIN Badira ariketak, ofizio, afizio, denborapasa edo direnak direla, espresuki jarraitzaileak eta zaletuak ez izan arren parera etortzen zaizkigunak. Edo parean ipintzen dizkigutenak, baten batzuek garrantzi handikoak direla irizten dietelako, edo beste guztia ezkutatu nahi digutelako. Eta ezkutatzen digutela esango nuke; begirada eta arreta guztien katalizatzailetzat jarri diguten horixe besterik ez ikusteko moduan gainera. Jendetzaren zaletasuna erakartzen duten ekitaldi zehatzak dira, hedabideen bitartez zaletasuna biderkatuz. Kirola orokorrean, eta futbola batik bat, adibide argigarriak dira. Gero, beste kontu bat da zaletasun hori zer bilakatzen den, eta bilakatzen den hori gehiago edo gutxiago gustatzen zaigun. Futbolak ei du zale kopuru handiena munduan, 3.500 milioi inguru jarraitzailerekin. Kirolik ikusienen zerrendan bigarren postuan 2.500 milioi jarraitzailerekin kriketa topatzeak harritu nau, baina izan liteke India urrun samar dagoelako eta herrialde jendetsua delako, eta Australia ere ez dago soro barreneko sagastiaren ondoan, eta Ingalaterra... Eta herrialde haietan aritzen dira, batik bat, kirol horretan. Saskibaloia dago hirugarren postuan, 2.200 milioi jarraitzailerekin... 8.000 inguru kirol mota egiten omen dira munduan, eta zerrendaren buztanaren puntan dagoenak ere izango ditu zaleak. Izatez kirol zakarrak eta liskartsuak ez direnek ere lehia eta norgehiagoka izango dute oinarri. Irabazle-galtzaile erabakiko dira bukaeran, eta berdinketarik denean ere izango dute bataren edo bestearen alde ebazteko moduren bat. Eta jokalariak irabazi nahi badu, zaleak ez gutxiago; begiratu besterik ez dago zelakoak gertatzen diren futbol partidetako milaka ikusleen artean eta nola sutzen diren batzuk besteen taldeko zale eta jokalarien aurka. Galdu ala irabazi, zaletu bakoitzaren ohorea eta bizia jokoan daudela ematen du, berez jokalarien, talde teknikoen, direktiben eta enparauen soldata oparoa besterik ez dagoenean. Gauza batzuk apur bat itxuraldatzen dira denborarekin, baina funtsean originaltasun handirik erakutsi gabe. Duela bi mila urte inguru milaka ikusle eta zale sutsuren entretenimendurako aritzen ziren gladiatoreak, eta haien artean ospe handikoak ziren batzuk. Espartako, Krixo, Marko Atilio eta beste goresten eta xaxatzen zituzten ordukoek. Bi mila urte igaro eta Messi, Ronaldo, Vinicius... Behar dugu, nonbait, eta hori guztia bat-batean ezabatuz gero umezurtz geratuko ginatekeela dirudi, beste ezer asmatzeko ezgai. Futbolak ei du zale kopuru handiena munduan, 3.500 milioi inguru jarraitzailerekin. Kirolik ikusienen zerrendan bigarren postuan 2.500 milioi jarraitzailerekin kriketa topatzeak harritu nau, baina izan liteke India urrun samar dagoelako eta herrialde jendetsua delako, eta Australia ere ez dago soro barreneko sagastiaren ondoan, eta Ingalaterra...