2023 URR. 29 IRITZIA Nahiko argi JOKIN URAIN E dozein auzitan nahi izaten dugu gauzak argi egotea, argi esatea, argi izatea, argi eta garbi azaltzea. Are gehiago, auziak geuregan eragin zuzena izan dezakeenean, balizko ondorioak arrisku edo kalteren bat ekar diezagukeenean. Bai, argitasun falta engainutzat hartzeko adina esperientzia badugu gehienok, ez direlako gutxi hain justu engainurako tarteak asmatzen aritzen direnak, engainutik etekina eta onura ateratzen dutenak. Eta argitasun faltaren aroa ematen du honek. Euskal Hereneko lehendakariak ere, Iñigo Urkulluk, kezkaz begiratzen dio bizi dugun ilunaldiari, jeltzaleen kontrako «estrategia argi bat» antzematen duelako. «Egia da, gure bila datoz», esan zuen lehengo hilean. Oposizioko taldeen estrategia aipatu zuen, sindikatu eta gainerakoena, eta baita «komunikabide eta iritzi preskriptore jakin batzuena ere». Eskuinetik eta ezkerretik jazarpena. Hara Gorroño bera, errukirik gabe bazterrak nahasten ari zaiena. «Zergatik elikatzen da artifizialki ondoez sozial bat? Zeini egiten diote mesede batzuk bortxaz helarazten saiatzen diren hondamen irudiak?», galdetu zuen Urkulluk. Inguruari erreparatuta, denak begi zeharka berari begira ikusten ditu, denak keinu mehatxarian, harrapari, ahulguneren bat antzeman orduko zintzurrera jauzi egiteko prest, eta asko dira. Etsai asko dira, egia, eta asko izateak nahasmena sor lezake, zehaztasun falta, engainua eta amarrua nolabait. Baina jazarpena ziurra da, nonbait, eta ziurtasuna izatea pauso bat aurrerago joatea da. Abantaila. Eta abantaila da estualdian lagunak aukeratzen jakitea ere. Confebask-en 40. urtebetetzean esker emate eta aintza hitzaldia egin du hilabete honetan, Guggenheim museoan, espainiarren erregearen ondoan: «Jauna, zurekin batera diren herri agintari eta ordezkariok, Confebask-eko arduradun eta kideok, baita CEOE presidente, Enpresa elkarteetako ordezkariok, jaun andreok» eta enparauak goratu zituen. «1983a, sufrimendu eta saminaren urte haiek, uholdeak, krisi ekonomikoa, industria birmoldaketa, SIDA, ETA…». Dena zen anabasa bat, eta herri hau hondamendi hartatik atera zuten Confebask-eko arduradunek, CEOEko presidenteak, Enpresa elkarteetako ordezkariek eta espainiarren erregeak. Zer gutxiago eskerrak ematea baino! «Enpresen geroa esku ezin hobeetan dago», esan zuen azkenik Lehendakariak. Langilerik ez zuen aipatu, baina esan gabe nahiko argi adierazi zuen hauen geroa zer atzaparretan dagoen. Bai, argitasun falta engainutzat hartzeko adina esperientzia badugu gehienok, ez direlako gutxi hain justu engainurako tarteak asmatzen aritzen direnak, engainutik etekina eta onura ateratzen dutenak. Eta argitasun faltaren aroa ematen du honek.