7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Denbora


Herriaren erdi-erdian dagoen etxe batean bizi ziren, dozena bat etxebizitzako atarian. Igogailurik gabeko eskailera bihurriak, lau solairu eta, bosgarrenean, teilatura ematen zuen atea. Teilatu zabala zeukan; aulkiak hartu eta lasai ederrean eserita egon zitezkeen bertan. Eta arropa eskegitzeko soka luze-luze pare bat alderik alde.

Eguzkiak eta haizeak elkarri helduta dantza egiten zuten egunak bikainak ziren maindireak lehortzeko. Bezperatik egiten zuten plana etxekoandreek, bizilagunek. «Eguraldi ona emana zagon. Bihar maindireak garbitu eta teilatura igoko gaitun lehortzera». Eta halaxe egiten zuten, etxeko maindireak garbitu, bustitako arropak hartu eta eskaileretan gora, teilatura. Maindireak luze eta zabal eskegitzen zituzten soka oparo haietan; etxe bakoitzekoak soka banatan. Eguzkitan eta haize finetan lehortutako maindireak bezalakorik ez dago. Lotara doana desberdin pausatzen da oihal horietan. Ametsek ere bide gozoagoa hartu ohi dute. Maindireak lehortzen jarri, aulki banatan eseri eta hitz egin. Izarak lehortu arteko beste lanik ez zeukaten bi emakume horiek, elkarri kontuak esatea gustura.

Gaur egun hainbeste aipatzen den ahizpatasun horretatik asko izango zuten teilatu gaineko topaketa horiek. Bi emakumeak imajinatzen ditut zaintzaren nekeak partekatzen; errezetak aipatzen; merkatuko prezioen igoeraz kexu; elkarren minak samurtzen; herriko fabrikako greba aipatzen; heriotzaren bat; ezkontzaren bat; seme-alaben azken parranda; senarraren azken purrustada... Finean, bi emakume gauza garrantzitsuei buruz hizketan.

Duela berrogei bat urteko kontuak dira. Denbora berdin neurtzen zen orduan eta gaur, minutu kopuru bera kabitzen zen orduko erlojuetan eta gaurkoetan. Eta, hala ere, iruditzen zait bi garai erabat desberdin direla. Desberdintasun handiena hain juxtu horixe dela uste dut, denborak gure gaurko bizitzetan beste dimentsio bat duela. Bi emakume horientzat maindireak zabaldu eta lehortu arteko denbora gozamenerako tartea zen, elkar zaintzeko aukera. Inoiz ez zuten denbora galtzen. Eta gaur denbora eztarrian trabatuta dugula ematen dugu eguna, hara eta hona, denbora galtzeko beldurrez eta aldiro uneak galduz.

Eta hori guztia pentsatzen ari naiz arropa garbigailuari bost minutu falta zaizkiolako bukatzeko eta sukaldeko aulki batean eserita nagoelako pantaila horri begira. Hemen nago, noiz bukatuko zain, arropa zabaldu eta arrapaladan etxetik abiatzeko.