2024 ABU. 25 IRITZIA Komunitatea AMAGOIA MUJIKA Batzuetan kexatu egiten gara. Batzuetan, gehiegi kexatzen gara. Komunitatea, pertsona bat bestearekin lotzen dituen sare hori, jendea auzo eta herri egiten duen zementu hori, ahultzen ari omen da. Herriko kaleak pantailetara begira ibiltzen dituenak ez du begirik topatzen albotik pasatzen den gorputz horretan. Begirik gabe ez dago ‘gero arterik’, ‘zer moduzik’, ‘aspaldikorik’. Lehen bizilagun guztiek elkar ezagutzen zuten atarian. Orain, bizilagun berriak noiznahi eta nonahitik iristen dira eta egunaren amaieran eskaileretan topo egitean askotan ‘eguneko hitzak’ agortuta dauzka batek edo besteak. ‘Gabon’ lehor bat eta bakoitza bere zulora. Albisteei begira izugarri enpatikoak bihurtzen gara, etxeko sofan kiribilduta. Munduko bazter urrunetakoak laguntzeko premia sartzen zaigu, baina herriko bankuan egunero eserita ikusten ditugunak aztoratu egiten gaituzte, nahiz eta disimulatzen saiatu. Lehen herria lotzeko erabiltzen zen kola eraginkorragoa ote zen. Pertsonek egoerak, tokiak, lanbideak, zaletasunak, borrokak, garaipenak, porrotak, ametsak, historia... partekatzen dituzte eta elkarrekin zapaldutako lur txatal horiekin egiten da puzzlea, herria. Eskolako lagunak, musika eskolakoak, auzoko tabernako bezeroak, lankideak, seme-alaben lagunen gurasoak, gurasoen lagunak, okindegiko bezeroak, yoga klasekoak, autobus geltokian topo egiten dutenak, asteroko pala partidakoak, kultur taldekoak, anbulatorioko sendaketa gelan maiz-maiz topatzen direnak, behin ikastaro bat elkarrekin egin zutenak... Herria josteko hari ugari dago. Nostalgiaren olatuan gozo, garai batekoa hobea zela esateko tentazioa izaten dugu gehienok tarteka. Garai bateko gazteak, garai bateko militanteak, garai bateko sindikatuak, garai bateko tomateak. Garai batekoak, hobeak beti. Akaso garai horietan norbera ere hobea zelako? Gazteagoa, seguru. Sugarragoa, segur aski. Gure jendarteari zementu soziala falta zaiola esaten da, ez bakarrik tabernetako terrazetan, baita gogoeta formalagoetan ere. Komunitatea zartatzen ari dela. Batzuetan kostatu egiten da fokua norabide egokian jartzea. Garai bateko komunitateari begiratzea akaso ez da ez osasuntsua ez eraginkorra, egungo herriak bestelako ezaugarriak dituelako. Gure herrietako parkeetan, dendetan, eskoletan, kirol taldeetan gertatzen ari den aniztasuna pista garrantzitsua izan daiteke. Aniztasun horretatik diseinatu beharko da gaurkorako zementu soziala. Izan ginen komunitatea ez gara berriz izango. Ea topatzen dugun berria josteko hari egokia. Gure jendarteari zementu soziala falta zaiola esaten da, ez bakarrik tabernetako terrazetan, baita gogoeta formalagoetan ere. Komunitatea zartatzen ari dela. Batzuetan kostatu egiten da fokua norabide egokian jartzea. Garai bateko komunitateari begiratzea akaso ez da ez osasuntsua ez eraginkorra, egungo herriak bestelako ezaugarriak dituelako.