7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Efemerideez


S.apurgarria,

Efemeriderik gabe ezerk ez duela irauten dirudi. Ahantzi duzu Zadie Smith irakurri zenuela uda aitzin, ze disko loratu zen udaberriko argitan, ze pelikula ikusi zenuen neguko mantapean. Amaitu dira fogeozko balak, ikasturtearen zinezko hasiera aldarrikatu du urriak, haitzek itsasoari nola begiratzen diezu jaien azken hondarrei, laster jantzi beharko dizkiozu elurretako gurpilak autoari. Ohartzerako, ahalegin bikoitza egin beharko duzu igande arratsaldeak ez astelehentzeko, lekaleak eskatuko dizkizu gorputzak, berokia janzteko oroitarazi beharko diezu semeei ala, besterik gabe, ur tanta bat lainoan bezala galduko zara zure baitan. Ez dakit etengabe urrats bat aurrerago proiektatzeko zure obsesioak nola ez zaituen ernegatzen.

Palestinaz mintzo dira hedabideak, Ekialde Hurbilaz nahiz Mendebalde Urrunaz, inpotentziaz zein indiferentziaz, eta zuri hitz maiztuak besterik ez zaizkizu otutzen ebidentziaz harago jo ahal izateko. Horrek ere ernegatu behar zintuzke.

Efemerideak behar dituzu zer pentsatu jakiteko, gaur gogoratu eta bihar ahanzteko, gauzek irauten dutela sinesteko. Bestelako itun bat sinatu nahi zenuke denborarekin, zure burua enegarrenez engainatu. Porrota ez da helburua ez betetzea, bidea maitatzeari uztea baizik. Idealik gabeko politikak indibidualismoa hauspotzen duela leitu diozu Lea Ypiri. Belateko tunelak itxita daudenetik bestelako geografietan barna zabiltzala ohartu zara bat-batean. Akordatzen zara orain autopistatik ikusi ez arren behiala zeharkatzen zenituen herriez? Nork deliberatzen ditu urratzen dituzun bideak? Bizi zaren hiriko geltokitik tren gehiago irteten dira egunero Madrilera edo Bartzelonara, Gasteizera eta Donostiara baino. Ez nahastu politika eta politika, heldu efemerideei, eutsi zure kautako lurralde antolamenduari.

Urtebete barru ordenagailuz aldatu beharko duzula aurreratu dizu informatikariak. Ezingo omen da eguneratu. Noiz erosi zenuen kalkulatzen saiatu zara lehenik, zure eguneratzeak benetan zuk erabakitzen ote dituzun egin duzu zalantza gero. Zure obsolezentzia ere programatuta dago, agian. Horregatik heltzen zara efemerideetara, efemerideek memoria eraisten dutela susmatu arren.

Beste zutabe bat fundamentuzko iritzirik gabe. Ez ernegatu. Iritziekin irautea baino samurragoa da efemerideekin bizitzea.