2024 AZA. 10 IRITZIA Negu demografikoa Amaia Uribe Negu demografikoa datorrela diote titularrek. Jaiotzak baino 8.858 heriotza gehiago egon ziren 2023an Euskal Autonomia Erkidegoan. Eta, lehen aldiz, haurrak baino txakur gehiago daude Hego Euskal Herrian; batez beste, 10 umeko 11 txakur. Gure familian, hasi gara negu demografiko horren hotzikarak igartzen. 23 lehengusu-lehengusina ditut nik. Denak zuzenak. Nire gurasoen neba-arreben seme-alabak. Nire semeak, ordea, ez du lehengusu-lehengusina zuzenik. Bat bera ere ez. Seme-alaba gero eta gutxiago ditugu eta gero eta beranduago. Lana aurkitzeko, karrera eta masterra izatera derrigortzen gaituzte. Gero, bi urte ematen ditugu bekadun moduan. Ostean, zortea izanez gero, soldata duina kobratzen hasten gara. Baina soldata hori askotan ez da nahikoa etxe bat ordaintzeko. Konturatu orduko, urteak pasatzen dira familia bat mantentzeko moduko egonkortasuna lortu arte. Eta ez dute denek lortzen. Eta zer esan, kontziliazioaz? Emakume askok erabaki egin behar izan dugu gure lanean aurrera egitea edo ama izatea. Eta behin ama izanda, ezinezko ordutegien labirintoan sartzen gara. Haurrak eskolan sartzen diren ordua baino lehenago sartu behar dugu lanera, eta haurrek eskola bukatzen duten ordua baino geroago atera. Familia eta lana uztartzea ezinezkoa bihurtzen da, eta azkenean, itota, lanaldi murrizketa eskatu behar izaten dugu. Datua deigarria eta kezkagarria da. Lanaldi murrizketa eskatzen duten langileen artean, 10etik 8 emakumeak dira. Nola nahi dute, bada, haur gehiago izatea? Arazoaz jabetuta, Eusko Jaurlaritza seme-alaba bakoitzeko hilean 200 euro ematen ari da. Haurrek dakartzaten gastuak ezagututa, neurri bikaina iruditzen zait. Baina argi daukat arazoa estrukturala dela. Gazteen soldatak hobetu beharko lituzkete eta etxebizitzen prezioak kontrolatu. Lan kontratu egonkorragoak sustatu beharko lituzkete eta kontziliazioa erraztu. Bestela, familiek txikitzen jarraituko dute. Umea nintzenean, Gabonetan ia hogei lagun batzen ginen mahaiaren bueltan. Aurten, Gabon Zahar gauean, sei baino ez gara izango. Eta seguru, zuetako askoren mahaietan ere antzekoa gertatuko dela. Emakume askok erabaki egin behar izan dugu gure lanean aurrera egitea edo ama izatea. Eta behin ama izanda, ezinezko ordutegien labirintoan sartzen gara. Haurrak eskolan sartzen diren ordua baino lehenago sartu behar dugu lanera, eta haurrek eskola bukatzen duten ordua baino geroago atera. Familia eta lana uztartzea ezinezkoa bihurtzen da, eta azkenean, itota, lanaldi murrizketa eskatu behar izaten dugu.