2024 AZA. 10 IRITZIA Trikuarena Jokin Urain Inuitek ba omen dute elurra izendatzeko hitz zerrenda luze samarra. Elur mota bakoitzari izen bat ematen diotela alegia, elur maluta den edo elur pinporta, mara-mara ari duen edo zir-zir, erauntsia edo lurrean dagoena, eta elurraren kolorea, ñabardurak eta gainerakoak. Kontuan hartu beharreko zehaztasunak mendeen mendeetan hiztegira ekarrita. Bertara joandakoan igual ez da hainbesterako izango, baina arrazoiren batengatik iritsiko zitzaigun entzutea. Distantziak handitu egiten ditu mitoak ere, tarteko kontalarien bertsioak ugaldu ahala. Gutxi edo gehiago, hizkuntza guztietan gertatuko da gauza edo izaki bat izendatzeko hitz ezberdinak erabiltzea. Geurean ere bai: kirikinoa, sagarroia, trikua, kirikolatza esate baterako. Gozo-gozo igurtziz eta igurtziz erbia bere kabiatik kanporatu zuen patari txiki hau desagerrarazten dugun egunean —errepideetan autoekin akabatuz batik bat— erabilerarik gabe geratu eta ahaztu egingo dugu bere izena ere. Horrelaxe joaten baitira itzaltzen animalien, lekuen, tresnen izenak. Batzuetan gerta liteke itzaltzen doazen eta ahazten ditugun hitzek izendatzen zituzten kontzeptuak nola edo hala berriro adierazi edo esan beharra. Orduan asmatzen hasten gara, edo beste hizkuntzetan bila hasten gara, geurearen indusketa ez delako beti probetxuzkoa izaten, edo geurean aurki ditzakegun hitz zaharrak zaharregitzat jotzen ditugulako. Modernoa nahi, eguneratuta egoteko. Ahaztuen eta esanezinen hutsuneak bete behar ditugunean badirudi modernian eta, beraz, batik bat ingelesera joz aurkitzen dugula konponbidea. Dotorezia, jasotasuna eta ez dakit zenbat apaingarri gehiago ematen dizkiogu horrela geure hizkerari, inguruari, gauzei, lekuei eta behar denari. Ulertezintasuna ere ematen diogu, jakina, baina ezjakinaren arazoak dira horiek, zer nahi duzu! Begien bistan zeuden zaharkeria eta hutsuneak konpontzeko ekarriak eta ezarriak baitira Basque Culinary Center sukaldaritzan, Master Cup emakumeen pilotan eta beste hamaika super-super. Eta horrelaxe mordoxka, bata bestearen segidan, ezarian-ezarian, triku berriak erbi zaharrak beren kabiatik larratzera. Duela hilabete batzuk aipatu genuen egitasmoa atzendu samar nuela aitortuta, prokrastinatzen ari al nintzen galdetu zidan lagunak. Gerotik gerora ibiltzearen axularkeria itsusiari berritasun eta dotorezia apur bat eman beharra zegoen gure diskurtso eta txosten modernoetan. Batzuetan gerta liteke itzaltzen doazen eta ahazten ditugun hitzek izendatzen zituzten kontzeptuak nola edo hala berriro adierazi edo esan beharra. Orduan asmatzen hasten gara, edo beste hizkuntzetan bila hasten gara, geurearen indusketa ez delako beti probetxuzkoa izaten, edo geurean aurki ditzakegun hitz zaharrak zaharregitzat jotzen ditugulako. Modernoa nahi, eguneratuta egoteko.