2024 AZA. 17 IRITZIA Gortinez Sustrai Colina S. apurgarria, Arraro zabiltzala entzun dizut, plazerezko zereginei ere obligazioz heltzen diezula, egunkariak irakurtzeari uzteko zorian zaudela, agendaz beste egitekotan, ez daukazula frankiziaren alde zaharreko kafetegi berriak eragindako ilarekin asaldatzeko kemenik. Maixan Arbelbide zendu dela aditu duzu irratian, Arberoako ikastolak su hartu duela, segurtasunaren gosea ase behar dela aurrena, ez dagoela aski hartzaile Durangoko azokarako argitaratuko den guztiarentzat. Uxue Alberdiren “Hetero” gomendatuko nizuke, lo-kuluxka bazkalondoan, afari solidario bat L.rekin eta, behin hasita, zutabe arin bat idazteko ausardia. Irrigarria zara zure burua serioegi hartzen duzunean. Irten zure baitatik, erreparatu zure jardunari bestelako distantzietatik, egin barre eta ekin berriro biharamunik ez balego bezala. Autolaguntza liburuetako mantra baino gehiago da: zerk eusten zaitu zeri heldu ez dakizunean? Ez da aukera bat lanik egin gabe hobeki biziko zinatekeela erantzutea. Jateko zuk baino gehiago irentsi behar du jendeak. Gortinak jostera eraman zenituenetik, etxepeko plaza ikusten duzu idazmahaitik. Horregatik zabiltza arraro. Zelatatu zaitzaketelako. Ez duzulako zuk erabakitzen zer erakutsi eta zer gorde. Inoren balizko begiradak biluzten zaituelako. Zure bunker intimoa ez delako jada guztiz segurua. Zer pentsatuko lukete zutaz interneteko zure ibileren berri izango balute? Nola azalduko zenieke, azken aldian, ohean baino gehiagotan lo egiten duzula sofan? Ohartuko al lirateke kabitu ezinak zure bisaia duela noiznahi? Agertzen ala ezkutatzen duzunak definitzen zaitu? Poliziak zaborra arakatzen du froga bila. Zenbat polizia daramazu zure kautan? Zenbat zabor? Oinez ibiltzen ikasten da lehenik, arrastaka gero. Ez zenuke kezkatu behar: inor ez da zazpigarren pisuko bizilagunei begira bizi. Arduratu behar zenuke: inori ez zaio etxean egiten duzuna axola. Zerk izutzen zaitu gehiago, denek ikusi ahal izateak ala inork ez ikusteak? Nola ez zara buru osasun optimoarekin obsesionatuko? Gortinak josita itzuliko dizkizute bihar. Gabonetako argiak piztuko dituzte etzi. Ez ahaztu tunel amaierako izpia iragarki panel bat besterik ez dela. Arraro segitzea nahi nuke, desira kontsumoarekin ez nahastea, zure frankizia izan beharretik askatzea, ez gotortzea zure alde zaharrean eta, besterik ezean, obligazioei plazerez heltzea. Irrigarria zara zure burua serioegi hartzen duzunean. Irten zure baitatik, erreparatu zure jardunari bestelako distantzietatik, egin barre eta ekin berriro biharamunik ez balego bezala. Autolaguntza liburuetako mantra baino gehiago da: zerk eusten zaitu zeri heldu ez dakizunean? Ez da aukera bat lanik egin gabe hobeki biziko zinatekeela erantzutea. Jateko zuk baino gehiago irentsi behar du jendeak.