2015 MAI. 10 LIBURUEN TXOKOA Bobby Sands: Martxa baten lehen notak Denis O'HearnTxalaparta, 2015563 orrialde, 22 euro MIREN ARTETXE Denis O’Hearn soziologoak biografia hau idatzi zuen arte ezer gutxi genekien Bobby Sands-en bizitzari edo nortasunari buruz. Bagenekien 1981eko maiatzaren 5ean, 66 eguneko gose grebaren ostean, Belfasteko Long Kesh kartzelako ospitalean hil zela. Bagenekien ere Ipar Irlandako langile klaseko familia batean hazitako IRAko kidea zela, eta, gose greba berean beste bederatzi burkide heriotzaraino eraman zituen borrokak mundu mailako ikono bihurtu zuela Bobby Sands. Hortik aurrera, ezer gutxi. Denis O’Hearnek zazpi urte behar izan zituen biografia hau osatzeko eta Julie Duchatelen hitzetan –frantsesezko edizioaren itzultzailea–, «aparteko» historia islatu du. «Giza historia bat da batetik, eta bat-bateko maitemin batena, bestetik –dio–. Maitemina bai, baina… liburu batekin. Liburu hau berezia delako». Aitzol Iriondok eta Iurgi Garaitagoitiak ekarri dute euskarara. Adiskide paregabea • Elena Ferrante • Igela, 2015 • 500 orrialde. 18 euro • Elena Ferranteren Napoliko tetralogiako lehen nobela den honetan Lenù eta Lila izeneko bi nesken haurtzaroa eta nerabezaroa kontatzen dira, naturaltasunez eta inolako dramatismorik gabe. Napoliko auzo pobre bateko XX. mendearen 50eko hamarkadako giro xume eta grisa deskribatzen da eta, haien bizitzarekin batera, guztira bederatzi familiaren gorabeherak azaltzen zaizkigu. Mosaiko horren bitartez, zoragarri deskribatzen da nolakoa zen gizartea garai hartan, nolako balio, ezaugarri eta miseria zituen. Elena Ferrante idazle misteriotsua da benetan, inork ez baitaki ziur nor den, baina italiar literaturako gaur egungo idazle punta-puntakotzat jotzen du zalantzarik gabe nazioarteko kritikak. Jururú • Jose Enrike Urrutia Capeau • Pamiela, 2015 • 144 orrialde. 12 euro • Kubako ekialdean kokatzen da, Kristobal Kolonek gidaturik, espainiarrek 1492an Amerikan zapaldu zuten aurreneko lurra. Horixe dugu Jururu badia. Hantxe bizi da, tarteka Euskal Herrira joan-etorriak eginez orain arte, Iurretan 1954an jaiotako Jose Enrike Urrutia. Euskal letragintzan aspaldiko ezaguna den egile honek –seigarren lana du hau– uharte hura du maitatutako bizitokia, eta hain zuzen Kuban ikusitakoak eta ezagututako pertsonaiak bihurtu ditu narraziogai. Euskara ederrean idatzitako 23 ipuinak sortzeaz gain, badiako paisaiak pintatu ditu Urrutia Capeauk eta gisa horretan osatutako margolanetako batzuen koloretako erreprodukzioak ere liburuan jasota daude. Jende desegokia • Gaizka Zabarte • Susa, 2015 • 256 orrialde. 18,50 euro • Gaizka Zabarte idazle zaldibiarraren bigarren nobelaren osagai nagusiak mendekua, amodioa eta desamodioa dira, guztiak «komedia gaizto» baten ardatzean biraka. Bilbon kokatuta, Peter Zuazo postari eta idazle ohiaren abenturak eta desbenturak marrazten ditu eleberri honek. Desegokituen Elkartearen eskutik Peter Zuazok topaketa batzuetan parte hartzeko proposamena jasotzen duenean abiatzen da istorioa. Hortik aurrera, kontakizunean sei pertsonaien gorabeherak jarraituko ditugu, guztiak gizartearekin arazoak dituztenak. Atertu arte itxaron • Katixa Agirre • Elkar, 2015 • 213 orrialde. 18,75 euro • Euskal Herrian barrena bikote bat protagonista duen road movie baten itxura duen nobela bizia, luma trebez idatzia, gauzatu du Ikus Entzunezkoetan doktore eta EHUko irakaslea den Katixa Agirrek. Haur literaturako hainbat kontakizunez gain, helduentzako bi ipuin liburu ere kaleratu ditu, baina hauxe da bere lehen eleberria. Hiru istorio handi harilkatzen dira 66 atal laburreko road movie honetan, gatazkaren aurreko jarrerak hizpide hartu dituelarik. «Gatazka gure bizitzan ezinbestekoa da, gatazka batean bizi gara, eta hobe dugu hori onartu eta ahalik eta hoberen konpondu», idazlearen hitzetan.