7K - zazpika astekaria
LA HIGUERA DEL CHE

Heriotzatik sortutako kondaira


Berrogeitamar urte igaro dira Rene Barrientosek eta Alfredo Ovando jeneralak, estatu-kolpe baten bitartez, Boliviako Gobernuko boterea lortu eta gobernu diktatorial bat osatu zutenetik. Langileei eta gehienbat meatzariei eskubideak murriztu zizkieten, eta horrek Bolivian sekula izan diren istilu eta gatazka handienak eragin zituen. Egoera larri hori ikusirik, Gobernuari aurka egiteko asmoz, Ernesto Che Guevara Boliviara abiatu zen eta zenbait gerrillari kubatar eta boliviar lagun zituelarik, guztiek batera, iraultzari ekin zioten.

Ez zuten arrakastarik izan, ordea. Beraiek uste ez bezala, ez zuten bertako nekazarien inolako babesik izan eta salaketa bat zela medio, La Quebrada del Churo izeneko lekuan atxilotu egin zituzten. Ondoren, Armada boliviarrak, CIAren babespean, Che La Higuera izeneko herrixka txikira eraman eta bertako eskolan hil zuen 1967ko urriaren 9an. Egun oraindik Bolivian bizi den Mario Teran, Boliviako Armadako jeneral ohia, izan zen hiltzailea. La Higueran hil zuten gizona eta bertan hasi zen bere kondaira.

Mendian galduta dagoen Boliviako herrixka honek 42 biztanle baino ez ditu egun. Nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi diren bertako biztanle bakanek badakite gertaera historiko bat bizi izan zutela, eta hori baliatuta sektore turistikoa erakarri nahian dabiltza. Denda txiki eta ostatu umil batzuek osatzen dute herriko kale bakarra, eta agerian uzten dute herrian poliki-poliki gertatzen ari den aldaketa. Che hil zuteneko eskola, “La escuelita”, bertan dago oraindik eta bere ondoan, busto bat eraiki zen 1978an, Che-ren omenez. Busto hori askotan txikitu izan dute Boliviako gobernu militar desberdinek. Hala ere, esku anonimo batzuek behin eta berriz berreraiki dute. Evo Morales presidentearekin, “Cheren ibilbidea”, hau da, Ernesto Che Guevarak Boliviako gerrillarekin jarraitutako ibilbidea, indarra hartzen ari da, orain arte debekatuta baitzegoen.

Segidan, jasotako testigantza eta bizipenen bitartez, historian barneratu ez ezik, duela mende erdi inguru, gerrillariek eta bertako biztanleek sentitutakoa berpiztuko dugu.

SUSANA

Cheren gorpua 1967ko urriaren 10ean iritsi zen helikopteroz Vallegrandeko Señor de Malta Ospitalera, La Higuerako eskolan hil ondoren. Susana Osinaga bertako erizaina zen garai hartan eta bere ardura izan zen gorpua garbitu eta prestatzea jendeak ikus zezan. Gaur egun Susana oraindik Vallegranden bizi da, La Higueratik bost bat ordura maldan behera. Ez da herri txikia, 8.000 biztanle ditu eta bertan aurki daitezke Che Guevararen gorpua jarri zuteneko garbitokia, bai eta bere lehenengo hilerria ere Kubara aberriratu aurretik.

«1967ko urriaren 9an hil zuten Ernesto Che Guevara La Higuerako eskolatxoan eta hilotza egun bat beranduago ekarri zuten Vallegrandeko Señor de Malta Ospitalera helikopteroz. Nik bertan egiten nuen lan erizain gisa. Oroitzen naiz sendagileak esan zidanean Cheren gorpua iritsiko zela eta nire ardura izango zela garbitu eta txukuntzea jendeak garbitokian bisita zezan. Egia esan, onartu behar dut, nik ez nekiela nor zen Ernesto Che Guevara eta zergatik ote zen hain garrantzitsua nire nagusiarentzat; beraz, nire lanari ekin nion, besterik gabe. Gorpua oso zikin zegoen, garbitu, arropa aldatu eta formola injektatu nion.

»Ondoren, kontu handiz garbitokian utzi nuen jendeak azken agurra eman ziezaion. Asko izan ziren hilotza ikustera hurbildu zirenak. Esaten dutenez, begiak mugitu zituen… hamaika kondaira daude honen inguruan. Azkenik, eskuak moztu behar izan genizkion Boliviako Armadaren aginduz eta La Pazera bidali zituzten, haren nortasuna egiaztatu ahal izateko. 28 urtez Che Guevararen gorpuaz ez genuen ezer jakin. Inork ez zekien non zegoen, harik eta militar boliviar batek gerrillariak non lurperatu zituzten azaldu zuen arte eta, honi esker, aberriratu ahal izan zituzten. Vallegranden badago hilerri bat haien oroimenez, nahiz eta benetako hilotzak Kuban dauden.

»Gaur egun, jada konturatuta nago zein egintza historiko garrantzitsu bizi izan nuen».

Susanak harro erakusten du bere gaztetako argazkia, militar boliviarrekin batera, Che Guevararen hilotzaren ondoan.

YOANDRYS ETA ANNIE

Yoandrys eta Annie La Higuerara urte baterako bidalitako kubatar mediku bikotea da. Kubako Gobernuaren diru-laguntzari esker eraikitako Don Ernesto Che Guevara kontsultategian egiten dute lan. Kubak dirua ematen du orobat Boliviako “Che-ren ibilbidea” sustatzeko.

«Evo Morales Presidentetzara heldu zenetik, Kuba eta Bolivia elkarlanean ari dira. Guk gure medikuntza ikasketak Kuban burutu genituen guztiz doan, eta ondoren Boliviara bidali gintuzten urtebetez gure ikasketak osatzeko. Hasiera ez zen batere erraza izan. La Pazera iritsi ginenean, bertakoek ez ziguten harrera onik egin, ez zutela gure laguntzarik behar esaten ziguten. La Higueran, ordea, oso gustura sentitu gara hasieratik, etxez etxe ibiltzen gara egunero norbaitek arazoren bat badu edo gaixo badago lagundu ahal izateko. Guk ez dugu baliabide handirik eta gaixotasun larriren baten aurrean, Vallegrandeko ospitalera jaitsi behar izaten dugu, ahal den moduan. Ez da bide erraza. Bost orduko bidea da, errepide txar batetik eta ez dugu garraio antolaturik. Autoa duen bizilagunen batek jaitsi behar izaten gaitu, ez dago beste irtenbiderik. Arazo bat da. Hala eta guztiz ere, harro sentitzen gara hemen egoteaz. Pozik gaude gure lana eginez. Orain Kubako Gobernuak soldatak igo dizkigu. Gauzak pixkanaka hobetuz doaz. Hilabete gutxi barru bukatzen da hemengo gure lana eta Kubara itzuliko gara; gure ordez, beste kubatar mediku bikote bat etorriko da. Urte batzuk barru, La Higuerara bueltatu nahiko genuke, pixkanaka bada ere herria aldatzen ari baita, eta aldaketa hau noraino iritsiko den ikusi nahiko genuke. Kubako Gobernuak dirua eman du ‘Che-ren ibilbidea’ gune turistiko bilaka dadin eta benetan sinesten dugu horrela izango dela; Che Guevarak merezi duen omenaldia izango du Bolivian».

IRMA

La Higueran ez dago supermerkaturik. Ez dago botikarik. Herrikoek Vallegrandera jaitsi behar izaten dute zerbait behar dutenean. Badago, bai, Tienda La Estrella izeneko janari denda txiki bat. Irma da horren jabea. Irmak 69 urte ditu eta herrian bizi da bere bi semeekin. Badute aukerarik hirian bizi ahal izateko beren gainerako senideekin batera, baina ez daude prest. Bizitza oso lasaia da La Higueran eta ez omen lukete ezergatik aldatuko lasaitasun hori. Bere eguneroko zereginak bukatu ondoren, etxeko atarian esertzen da Irma eta 1967an gertatutakoaz hitz egitea oso gustuko du.

«Nik 21 urte nituen. Gerrilla La Quebrada del Churoko inguruetan zegoen, herritik kilometro gutxira. Boliviako Armada, haien zain. Tiro hotsak entzun genituen eta, korrika, beldurturik, geure etxeetan babestu ginen. Arratsaldeko bostak aldera ekarri zuten Che herriko plazara eskuak lotuta. Militar boliviarrez inguratua zegoen, kasik ezin zuen zutik egon. Azkenean, neure etxeko leihotik ikusi nuen. Eskolatxora eraman zuten eta barruan denbora bat igaro ondoren, bertan hil zuten. Hurrengo egunean, hilotza helikopteroz Vallegrandeko Ospitalera eraman zuten; oraindik gogoratzen dut, gaur izango balitz bezala, helikopteroaren soinua. Benetan, gutako inork ez genekien ezer Chez eta gerrillaz. Ezer ez genekien haren asmoez, eta batzuetan pentsatzen dut, jakin izatera, lagundu egingo geniola. Ez zen hala izan. Egia da nekazariek salatu egin zutela eta ez geniola lagundu. Historia ezin daiteke aldatu. Hala ere, bada jende asko Bolivian, iraultza honetan, Fidel Castrok Che bakarrik utzi zuela, ez ziola lagundu, ez ziola babesik eman pentsatzen duena, era batera edo bestera komeni zitzaiolakoan. Egia ote? Nork daki».

AGAPO ETA BENITA

Agapo eta Benita nekazari senar-emazte maitagarriak dira. Abra del Picachon, La Higueratik oso kilometro gutxira dagoen herri txiki batean, bizi dira. Beren etxe xumean kontatu dute gerrillarekin bizitako guztia. Benita hunkitu egin da istorioa oroitzean.

«1967ko irailaren 24 edo 25ean iritsi ziren. Egia esan, ez gara ados jartzen. Oso atseginak ziren denak, eta haietako bat altua, sendoa eta aurpegi politekoa zen. Bazkaria elkarrekin banatu genuen eta herriko festak zirenez, bertan gurekin geratu eta batera ospatu genituen. Altu eta sendo hark nire koinatarekin egin zuen dantza. Egia esan, egun polita igaro genuen. Orduan, une hartan, ez genekien inolaz ere zein ziren. Geroago, Ernesto Che Guevara buru zuen gerrilla zela jakin genuen. Gaur egun dakidan guztia jakinda, mila aldiz galdetzen diot neure buruari zer pentsatuko ote zuen Chek burua altxatu eta Abra del Picacho eta La Higuera herrietatik pasa zenetik ezer ez dela aldatu ikusiko balu».

ROGER

Roger da La Higuerako eskola bakarreko maisua. Hamabi ume besterik ez ditu. Horiek handitzen direnean, aukera bakarra izango dute: Vallegrandeko eskolara joatea.

«Urtebete daramat La Higueran maisu. Harrigarria da gauzak nola aldatu diren: hasteko, herriari izena aldatu zaio, orain La Higuera del Che izena du. Gainera, Che hil zuteneko eskolatxoa ere berritu eta museo bilakatu da. Cheren ibilbidea ezagutaraztearekin batera, gure herria turismo gune bihurtzen ari da. Hala ere, gauza asko daude hobetzeko, garraioa, adibidez; astean behin baino ez dugu garraio antolatua eta ez da nahikoa.

»Nik, maisu izanik, irakaskuntzan izan diren aldaketak azpimarratu nahi ditut: Evo Morales presidente denetik, Chek eta bere gerrillariek Bolivian bizi izan zuten guztia gertatu bezalaxe irakatsi ahal izan diet ikasleei. Aurreko gobernuekin, berriz, guztiz debekatuta geneukan horrii buruz hitz egitea. Aurrerapauso handia izan da eta gaur egun umeek ere badakite nor den Che, zein izan zen bere asmoa Bolivian eta nola hil zuen Barrientosen gobernuak CIAren laguntzaz».