2015 UZT. 12 LUMA BERRIEN AZTARNAK Isilean barrezka Oskia Zalakain Gereziondo hartaz maitemindu zen Matilde, bederatzi urte zituela; baserriaren atzealdeko bidexkatik haratago zegoen (eta oraindik dagoen) gereziondoaz. Zuhaitzaren oparotasun geldoa maite zuen, egoten jakite hura. Heriotzaren esperoan bezala, baina beldurrik gabe. Bisitan joaten zitzaion usu eta, adar okertupeetan jezarrita, enborraren kontra, sustraien gainean, maitasunaren istorioa irakurtzen zion arbolari. Maitasunaren istorioa besapean hartuta gereziondo loratuarengana joan zen arrats haietako batean, arbolak gehiago irakur ez ziezaiola eskatu zion Matilderi, «Beste zuhaitz bat maite dut, sentitzen dut». Matilde, pixkanaka altxatu, gona beltzaren gaineko hosto zatiak astindu eta poliki urrundu zen, bihotza zatitzen zitzaion bitartean. Horregatik dira hain estuak bere ezpainak, horregatik dio beldurra heriotzari. Inoiz ez dut Matilde gerezirik jaten ikusi. Bisitan datorkit Matilde niri ere; etxeko atea zeharkatzen du, zapatak kentzen ditu naturaltasunez eta bere presentzia nirearen gainean jartzen da, bere aromak nireari irabaziko balio bezala. Bere bizitza irakurtzen dit. «Eguzkia ari du gaur», dio sukaldeko lurrean bere burua erortzen uzten duen bitartean. Leihotik sartzen den eguzki argiak printzak ateratzen dizkio bere ile beltzari. Istant horretan koadro beltz argitsu batek ederki islatuko luke Matilderen esentzia. Hasieran isilik egon ohi da, zigarroa erreaz. Garagardo bat eskatzen dit bere begi handi horiekin analisi piroteknikoak egin bitartean. Matilde bere eskizofreniarekin, Matilde sinestesikoa, inoiz egingo ez zenukeena eginarazten dizuna. Bere horretan poema, mugimendu konpasatu eta malenkoniatsudun poema. Bere begietan islatutako tristuraren putzua, bere irribarre ironikoa. Liburuak begiradarekin lerratzeko ohitura bere hori, zigarroaren kea ahoarekin heldu bitartean. Ispiluari begiratzen dio, beste aldean inor egongo ez balitz bezala. Eta isiltasuna. Isiltasun sekretu hain berea, begirada sufrituarekin nahaste homogeneoan. Logela osoan zabaltzen du aroma, antibiotiko eta eau de roses usain hori. Hain da txikia bere gorputza, hain “malabarikoak” posturak. Polaritatea dauka, kargadun bihurtzeko erraztasuna, positibo edo negatibo, baina beti kargadun entea izateko beharra. Estatizitatea, geldotasun aktiboa, ezinegon famelikoa. Hilezkortasuna hainbeste maite du. Espontaneoki ideala, kasik irreala da. Ingurura begiratzen du, lau pareten baimenaren esperoan, bere gogoeta nire belarrietarantz askatzeko. Matilde: Bizitza bere mila aurpegiekin, beti atzetik dabilkigun itzala. – Eta hasperen bat sortuko da segur aski bere bi titi ttipien artean. Ni: Ez al da ba heriotzarena, beti atzetik dabilkigun itzala? Matilde: Bizitza, heriotza, azken finean gauza bera. Hilda egongo gara segur aski eta, hala ere, heriotzaren beldur bizi gara… Ni: Baieztatzen ari zarenean ere galdezka ari zara; badakit desagertzeari paniko irrazionala diozula eta! (aulki batera igotzen naiz eta han goitik, tragikotasun komikoz, esperpentikoki, nire bi eskuak bihotzean jarririk, noizbait Matilderen ahotik irtendako letra berak errezitatzen dizkiot:) «Elkarrekin bizitzera kondenatuta gaude, ni eta gaixotasuna, gaixotasuna eta ni». Barrez hasi gara biok, errezitaldiaren ostean. Gure barreek elkarrekin jolasean dabiltzan bi txoritxo dirudite. Barrearen ostean isiltasuna geratzen da airean zintzilik, hozkailu zaharraren sinfonia baino entzuten ez dela, Matilderen pentsamenduekin batera, zarata goxoan. Matilde: Egia, ez dago munduan hiltzeari nik bezainbesteko beldurra dion inor, baino jada hilda nagoela pentsatzeak heriotzari aurre egiten laguntzen dit. Zigarroaren kea bota dit aurpegira, tabako, kanela eta ezintasun usainduna. Begira geratu natzaio. Garagardoari tragoa eman eta edalontzia pasatu diot goxotasunez, begirada begiradaren gainean, ezpainak ezpainen gainean, bizigogoa argi printzen artean. Ni: Hilda bazeunde, ez zenuke heriotzaz arduratu beharrik: arduraturik zaudelako, bizirik zaude. Bizitzaren amaia ezereza da, errautsa, haizea. Ezerez horri aurre egiteko izen baten bila gabiltza, behin erraustuta norbaitek gogora gaitzan. Matilde: Berandu da baina gure hilezkortasunarentzat! Bizitza hipotesi fantastiko bat da! Ahanzturaren putzuan usteltzera kondenaturik gaude! Eta ez dugu izenik sikiera! Etsipenak badu komikotik zerbait eta biok irribarre egiten diogu elkarri, benetan baino aldi berean gezurretan gabiltzalako. Matilde pixkanaka altxatu eta lehen ni igo naizen ahulki berera igo da. Zigarroari eusten dio eta metafisikoki darama ahora pentsatuz «Gaur bai, gaur iritsiko gara nonbaitera». Esku-ahur luzatu hutsari bere begi handiekin begira eta ahotik kea bota bitartean dio: «Izen ala ez izen…» Barrez hasten gara biok berriro, garagardoak apur bat burua berotuta. Barrearen hegaldia gure inguruan biraka dabil eta oihartzun egiten digu sabelaren barruan. Bizitza ez baita barre egitea besterik. Oskia Zalakain Ederra. Donostian jaioa (1990). Ilarduian (Araba) bizi da. Farmazian lizentziatua, Gasteizen egiten du lan. Idazle eskolako graduondoko lehen kurtsoa amaitu berri du. Ilustración: Kristina Fernandez