2016 API. 03 baso-soiltzea Indonesian Hortzak garbitzeko, basoak suntsitu? Nekazaritza eredua aldatu eta negozio egiteko aukera moduan ikusten denean, natura suntsitu egiten dugu gizakiok. Indonesian dugu horren adibiderik garbiena, Greenpeace nazioarteko talde ekologistak egin berri duen txostenaren arabera. Jose Angel Oria Ekologistek palma-olio gehien kontsumitzen duten konpainia multinazionalen jarduera aztertu dute eta ondorioen artean nabarmendu dute baso-soiltzea eragiten dutela enpresa horiek, ez baitituzte hartu arazoa konpontzeko adituek gomendatu dituzten neurriak. Indonesia da oihan gehien duten herrialdeetako bat, baina dagoeneko Alemaniaren azaleraren tamainakoa galdu du, eta desagertzeko arriskuan dauden espezie batzuk, orangutanak esaterako, mehatxupean ipini ditu. Olio-palmondoa (Elaeis guineensis) Arecaceae familiako landare monokotiledoneoa da. Jatorriz mendebaldeko eta erdialdeko Afrikakoa bada ere, mundu osoko eskualde tropikaletan lantzen da gaur egun, baita Indonesian ere, palma-olioa ekoizteko. Afrikako zenbait eskualdetan oraindik ustiategi tradizionalak dauden arren, olio-palmondoarena, bereziki, esportaziora bideratutako ekoizpen industriala da gaur egun, eta horrexek eragiten ditu horrenbeste arazo. Munduko ekoizle handienak Indonesia eta Malaysia dira, alde handiz gainera. Hauen ondotik Thailandia, Nigeria, Kolonbia, Papua Ginea Berria, Boli Kosta eta Ekuador daude. Olio-palmondoaren laborantzak eragin kaltegarri handiak ditu ingurumenean: baso-soiltzea, ongarri eta pestiziden erabilera eta bioaniztasun galera. Bertako biztanleek ere kalteak jasaten dituzte, enpresa handiak beren lurrez jabetzen direlako. Askotan giza eskubideen urraketak gertatzen dira, batez ere negozioari enbarazu egiten dioten herritarrak bertatik kanporatzeko prozesuan. Olio-palmondoen plantazio kopuruak gora egin du azken urteotan, nazioarteko merkatuak gero eta palma-olio gehiago eskatzen duelako, eta hori litzateke Indonesian oihanek atzera egin izanaren arrazoi nagusia, Greenpeacek egiten duen irakurketaren arabera. Nazioarteko talde ekologistak gogorarazten du gai hori kontsumitzen duten konpainia handienek orain bi urte deforestazioaren aurkako konpromisoa agertu zutela, eta orain Greenpeacek neurtu egin ditu ustezko konpromiso horretatik irtendako fruituak. Palma-olioa kontsumitzen duten hamalau konpainiarik handienak aztertu ditu eta emaitzak kezka areagotzeko modukoak dira. Ekologistek egin duten neurketaren arabera, oso enpresa gutxik egin dituzte urrats esanguratsuak olioa lortzeko prozesuak baso-soiltzerik ez duela eragiten bermatzeko. «Konpainia gehienak oso mantso mugitzen ari dira», erantsi dute egileek. Enpresa ezberdinen jardueren arteko aldea beti txikia da. Bakar batek ere ezin du bermatu bere produkzioak ez duela deforestazioa larriagotzen. Zentzu horretan, Colgate-Palmolive (higiene produktuak merkaturatzen ditu), Johnson&Johnson (botikak eta zaintza pertsonalerako produktuak) eta PepsiCo (edariak eta janariak) dira daturik txarrenak eskaintzen dituztenak. Txostenaren egileen arabera, «konpainia horiek ezin dute bete beren bezero eta kontsumitzaileei agindutakoa». Egunero erabiltzen dugun makina bat produktutan ageri da palma-olioa, Colgate hortzetako pastan, Neutrogena eskuetako kreman edo Doritos izeneko janaurrekoetan, esaterako. «Horrexegatik, deforestazioari laguntzen ez direla ari kontsumitzaileei bermatzeko ardura dute marka handiek. Palma-olioa modu arduratsuan ere ekoitz daiteke, basoak suntsitu gabe, bertako komunitateei kalterik eragin gabe eta orangutanen eta beste abereen populazioak suntsitu gabe», adierazi du Miguel Angel Soto Greenpeaceko Basoen Kanpainako arduradunak. Ingurumenari egindako kaltea. Indonesiak bere aberastasunaren zati garrantzitsu bat galdu du azken 25 urteotan: 31 milioi hektarea oihan 1990az geroztik, hau da, Alemaniaren azalera, gutxi gorabehera. Palma-olioaren industria da baso-soiltze horren arduradun nagusia, Greenpeaceko adituen iritziz. Eta espezie askorentzat, basorik gabe geratzea habitata galtzea da, bizirik jarraitzeko aukera guztiak galtzea alegia. Batez ere desagertzeko zorian dauden espezieentzat, orangutanentzat, esaterako. «Orangutanak desagerrarazteko arriskua areagotu gabe hortzak garbitzeko eta aperitiboa hartzeko gauza izan beharko genuke. Zentzu horretan, PepsiCo, Colgate-Palmolive eta Johnson&Johnson konpainiek huts egin diete kontsumitzaileei. Gehiago saiatu beharko dute beraien produkzio-katetik palma-olioa kentzeko edo tropikoetako basoak zaintzen dituzten ekoizleei bakarrik erosteko», Miguel Angel Sotok erantsi duenez. Palma-olioaren ustiapenak arriskuan jarri ditu beste espezie batzuk ere: Sumatrako tigrea, Javako errinozeroa eta milaka landare eta animalia txiki. «Biodibertsitate galera handia dago», ohartarazi du Greenpeaceko kideak. Palma-olioaren ekoizpena ikaragarri hazi da azken hamarkadotan. Giorgio Trucchi UITA Elikagaigintzako Langileen Nazioarteko Batasuneko adituak emandako datuen arabera, 1960an 2 milioi tona ekoitzi ziren, eta 60 milioi tona inguru 2014an. Gainera, Munduko Bankuak uste du 2014ko kopuru hori bikoiztu egin daitekeela 2020rako. Asiako herrialdeak izan dira ekoizpenaren hazkunde ikusgarri horren protagonista nagusiak: %126ko hazkundea 2000tik 2011ra (Indonesiak eta Malaysiak mundu osoko ekoizpenaren %83 suposatzen dute). Ameriketan %95eko hazkundea izan zuten, %70ekoa Karibeko herrialdeetan eta %43koa Afrikan. Inportatzaileei dagokienez, India, Txina eta Europar Batasunak mundu osoko inportazioen %51 pilatzen dute. Palma-olioaren %80 inguru elikagaiak egiteko erabiltzen da, %15 zaintza pertsonalerako produktuak ekoizteko eta %5 erregai bihurtzeko. Euskal Herrian Petronor konpainiak 60.000 tona olio inportatzen ditu urtean gaur egun, Desazkundea erakundeak, Anticoke Koordinakundeak eta Kima Berdea elkarteak orain hiru hilabete jakinarazi zutenez. “Petronor eta PNV: krimen klimatikoen bikote erantzulea” izenburuko artikuluan, konpainia horren eta alderdiaren artean dauden ate birakariak ere salatu zituzten, jeltzaleek Parisen abenduan egin zen klima aldaketaren inguruko goi-bilera zela-eta agertu zuten jarrera kritikatzeaz gain. Petronorrek orangutanen habitata suntsituz ekoitzitako palma-olioa fintzen du. Eneko Garmendia ingurumen ekonomialariaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako palma-olio gehiena Indonesiatik dator: 2010ean, 35.000 tona baino gehiago inportatu ziren (%96, Indonesiatik). Zergatik horrenbesteko arrakasta? Jorge Chullen UITAko kideak esplikatzen du palma-olioa gauza askotarako erabil daitekeela eta, gainera, oso efiziente dela, bai gizakiok kontsumitzeko bada eta bai erregai moduan edo industrian erabiltzeko bada. Horrek eragin du, bere iritziz, Indonesia eta Malaysia bezalako herrialdeek, beren baldintza klimatiko egokiak baliatzeko, plantazio erraldoiak sortu izana, bertako herritarren kalterako, jakina. Beste herrialde batzuk ere bide bera aukeratzen ari dira, Honduras, Guatemala eta Afrikako zenbait, esaterako: muturreko pobreziaren aurkako borrokaren aitzakiarekin, palmondo monolaborantzaren hedapen ikaragarria bultzatu nahi dute, eragin kaltegarriei jaramonik egin gabe, garapen eredu hori jasangarri moduan aurkeztuz. Olio-palmondoaren ekoizpena, errentagarria izan dadin, plantazio erraldoien bitartez egin behar da. Monolaborantzak ordura arteko nekazaritza ereduak ordezkatzen ditu, bertako gizarteei zein ingurumenari sekulako kalteak eraginez. Basoak suntsitzen dira, lurrik gabe uzten dira nekazariak, komunitateek bertatik ihes egin beharra izaten dute, elikagai segurtasuna bukatzen zaie, lurra erabat kutsatuta uzten dute ongarriek zein pestizidek, bioaniztasuna galtzen da eta aldaketa klimatikoa eragiten duten faktoreak larriagotzen dira, Jorge Chullenek esplikatu duenez. Bestalde, lan eskubideak eta sindikalak ere bortxatzen dira monolaborantzaren eredua ezartzen denean. «Olio-palmondoa ekoizten dutenek kontrakoa esaten badute ere, laborantza horrek lanpostu gutxi sortzen du, eta lan prekarioa, eskubiderik gabekoa, azpikontratazioak eta miseriazko soldatak bultzatzen ditu», Jorge Chullen UITAko kidearen arabera. François Houtart irakasleak nekazaritzak azken 50 urteotan izan duen bilakaera aztertu du, jatorrizko herrien eta betiko nekazarien jardueraren aldeko apustua egin behar dela ondorioztatzeko. 1970eko hamarkadan bizkortu zen aldaketa, eta monolaborantza ikaragarri hedatu zen eredu berriarekin. Konpainia handiek dute gauza guztien inguruko kontrola, eta betiko nekazariak lanik gabe geratzen dira. «Iraultza Berdea» deitu zitzaion fenomenoari. Eredu berriak langabezia biderkatzen du, nekazaritza eremuetatik hirietara sekulako migrazioak eragiteaz gain. «Hegoaldeko herrialdeetan milioika lagun joaten dira hirietara, baina bertan ez dute baldintza egokirik aurkitzen. Asian Iraultza Berdearen presioak milioika lagun pobretzea eragin zuen, Indian ehunka mila nekazarik bere buruaz beste egitea, Hego Korean egunean hiruzpalau pertsona suizidatzea, eta frantses Estatuan, suizidio bat bi egunetan behin». Suteak eta klima aldaketa. Indonesiaren kasuan, bertako herritarrak egoera larrian daude palma-olioaren monolaborantzaren ondorioz. Baso horietan indigenak bizi dira (edo ziren), eta bost milioi lagunek baino gehiagok utzi behar izan dituzte beren lurrak. Lehen, oihanak ematen zienarekin bizi ziren jatorrizko herri horiek. Industria eredua ailegatu zenean, ordea, dena goitik behera aldatu zitzaien. Bakar batzuk hasi ziren lanean sailetan, enpresa erraldoi horietako baten menpe, jakina. Beraien garai bateko iraupen ekonomia soldatagatik aldatu zen, bertakoen kalterako. Greenpeacek irudi ikusgarri bezain kezkagarriak eskaini ditu Indonesian gertatzen ari denaz jabetu gaitezen. Olio-palmondoen plantazioek oihanari lapurtzen diote lurra. Bioaniztasuna galtzeaz gain, suteak izateko arriskuak gora egiten du baldintza horietan, Indonesian bertan ikusi ahal izan denez. Txostenak dio plantazioak zabaltzeko eragindako baso-soiltzea izan zela iaz Indonesiak jasan zituen suteen arrazoi nagusia. Ekonomialariek egin dituzten kalkuluen arabera, 16 milioi dolarreko kalte zuzenak eragin zituen suak, eta kea ikaragarri zabaldu zenez, milioika pertsonari (Indonesian bertan zein Malaysian eta Singapurren) osasun arazoak eragin zizkion (arazo horiek eragindako kostu ekonomikoa kalkulatu gabe dute adituek). Indonesiako agintariek eskainitako datuen arabera, kearen eraginez 500.000 herritarrek arnas nahasmendu akutuak jasan behar izan zituzten. Klima aldaketaren garaian, suteek beste arazo bat larriagotzen dute, berotegi efektua eragiten duten gasak isurtzen baitituzte, edonor harritzeko neurrian gainera: iazko urriko eta azaroko egun jakin batzuetan, Indonesiako basoetako suek gas kutsakor gehiago isuri zuten atmosferara, AEBetako ekonomiak berak baino. Aurten horrenbeste sute izan ez dadin, Greenpeacek palma-olioa kontsumitzen duten konpainiei eskatu die basoak zaintzeko neurriak berehala hartzeko, baina orain bi urte hartu zituzten «konpromisoekin» zer gertatu den ikusita, baikor izateko arrazoi gutxi geratzen da. Greenpeacekoek aztertu dituzten hamalau konpainia horietako bat bera ere ez dago deforestazioarekin zerikusirik ez duela esateko moduan. Are gehiago: enpresa gehienek ezin dute esan beraiek erabiltzen duten palma-olioaren zein zati den modu egokian ekoitzia (konpainia horiek plazaratutako arauen arabera) eta zein ez, eta konpainia bakar batek ezagutzen du bere olioaren %100aren jatorria. Kasu gehienetan, salatutako konpainiek ez dute egiaztatze prozesu independenterik ahalbidetu, erabiltzen duten palma-olioa baso-soiltzea saihesteko politikak betetzen dituen enpresa bati erositakoa dela baieztatzeko. Aipatu hamalau konpainia multinazional horietako inork ez du jakitera eman bere enpresa hornitzaileen zerrenda osoa, batzuek beren hornitzaile nagusien berri eman badute ere. Era berean, ez dakigu oraindik enpresaren bati (bakarren bat izango balitz) palma-oliorik ez erostea erabaki ote duten baso-soiltzearen aurkako politikak ez betetzeagatik.