7K - zazpika astekaria
Elkarrizketa
Aitor gorosabel

«Disko bereziena da, erritmo lasaiagoak eta maitasunari loturiko kantak dira orokorrean»

Su Ta Gar taldeak ibilbide luze eta oparoa dauka Euskal Herriko musikaren munduan. Ia hiru hamarkada daramatzate errepidean eta udazken honetan kaleratu behar duten “Maitasunari pasioa” disko berria beren estudioko hamaikagarren lana da. Urriaren 22an eta 23an GARArekin erosteko aukera izango da. Aitor Gorosabelek, taldeko gitarrista eta abeslariak, onartzen du hauxe dela egin duten diskorik «bereziena». Eta hala da, etiketetatik harago eta salbuespenak salbuespen, eibartarrek doinu gogorragoak landu izan dituzte heavy metal musikaren bueltan. Oraingoan ordea, lasaiago datoz, samurrago. Amodiozko gutun bat izango balitz bezala. Unai Bergara diseinatzaile bilbotarrak ere horrelaxe irudikatu du CD eta binilo formatuetan.


Diskoa irekitzen duen “Bazoaz” kantuan laburbildu daiteke kanta berrien berezitasun eta ezberdintasuna. Gitarra akustikoa hasten da, Gorosabelen ahotsa sartzen da rapeatuz eta gero melodikoagoa bihurtzen da. Estribillo gogoangarri eta sentibera iristen da eta bukaeran Su Ta Gar taldearen indarra agertzen da, heavy klasikotik hurbil eta gitarra bakarlaria beti bezala maisutasunez astinduz. Ez da berritasun bakarra, piano doinuak ere inoiz baino gehiago entzuten dira.

Abesti berriak zuzenekoan entzuteko oraindik itxaron beharra izango dute jarraitzaileek. Urriaren 29an Bilboko Kafe Antzokian egongo diren arren, Gabonak igaro eta otsailetik aurrera hastekoak dira disko berriaren aurkezpenekin. Aitor Gorosabelek berak erantzun die gure galderei.

Osasun arazoak direla-eta, azken udan hainbat kontzertu bertan behera utzi behar izan dituzue. Eraginik izan dute “Maitasunari pasioa” disko berriaren grabaketan?

Instrumentu guztiak grabatuta zeuden uztaileko eskuko istripuaren aurretik. Martxoko eztarriko ebakuntzak, ordea, bai, diskoa atzeratu behar izana eragin du. Nire asmoa, ebakuntza aurretik abestea zen, baina infekzio bat hartu nuen eta ebakuntza osterako utzi behar izan nuen. Uztail eta abuztuan grabatu ditut ahotsak. Arazoak arazo, oso pozik geratu naiz azken emaitzarekin.

Hiru urte igaro dira aurreko diskoa kaleratu zenutenetik, agian eperik luzeena izan da material berririk gabe, sorkuntza mailan zalantzarik izan al duzue kanta berriak egiterakoan?

Betiko zalantzak. Sorkuntza ez da gauza mekaniko bat eta beti daude une emankorragoak eta hain emankorrak ez direnak. Bestalde, estudioko lanen artean tarte luzeagoak egon dira, horien artean zuzenekoak egon direlako. Batez beste bi urterik behin kaleratu izan dugu produkturen bat. “Maitasunari pasioa” diskoa, pasa den udaberrian kaleratzeko asmoa geneukan, baina nire eztarriko martxoko ebakuntzak dena atzeratu du.

Su Ta Gar-en moduko ibilbidea duen talde batentzat beharrezkoa al da disko berri bat ateratzea?

Bai Euskal Herri mailan eta bai mundu mailan lehen lerroan dabiltzan talde edo artistek, sarriago edo gutxiagotan, baina lan berriak etengabe kaleratzen dituzten ustean nago ni. Salbuespenak egongo direla ukatu gabe, noski.

Esan Ozenki eta Gor bezalako diskoetxeekin kaleratu zenituzten bere garaian lehen diskoak, baina orain dela hamarkada bat Jo Ta Ke ekoizpenak sortu eta zuen kabuz argitaratu dituzue diskoak. Zergatik egin zenuten autogestioaren aldeko apustua?

Gure buruaren eta sortzen genituen produktuen jabeak, jabe bakarrak, izan nahi genuelako hartu genuen bide hori. Guretzat erronka bat zen, gainera, eta horri aurre egin nahi genion.

Zer gomendatuko zeniokete beste talde bati, diskoetxe batekin lan egitea edo autoekoizpena?

Talde bakoitzak bere bidea egin behar du. Ez dago formula miragarririk. Lana delegatu edo banatzeak onura asko ditu baina gauza txarrak ere bai. Autogestioak berdin. Gauza onak ditu eta txarrak. Lehenengoaren kasuan erabaki gutxiago eta ardura gutxiago hartu behar dituzu eta lan gutxiago egin. Baina ez daukazu zure lanaren gain erabakiak hartzeko gaitasunik, ezta jabetzarik ere. Bigarren kasuan, zure lanaren gain erabakitzeko gaitasun osoa eta jabetza dauzkazu baina sortzeaz eta grabatzeaz gain disko bat kaleratzeak eskatzen duen guztia norberak egin behar du: grabaketa estudioa, diseinua, fabrikazioa, banatzailea, promozioa, teknologia berrietara egokitzea, inbertsioa eta abar luze bat kudeatzea.

Zer adierazi nahi izan duzue “Maitasunari pasioa” izenburuarekin?

Lehenengo eta behin, Su Ta Gar-en disko bereziena dela jakin behar du jendeak. Ez nuke balada disko bat dela esango, ezta akustikoa dela ere. Baina bai gure ibilbidean zehar disko guztietan beti agertu izan diren kanta lasaiagoen ildoari jarraitzen dion kanta sorta dela. Su Ta Gar-en betiko estilo indartsua mantenduz betiere.

Erritmo lasaiagoak izate horrek hitzak ere samurragoak izatea eskatu digu. Hori kontuan izanda, maitasunari loturiko kantak dira orokorrean; ingurukoei maitasuna, familiari, galdu ditugunei, bikote edo bikote ohiari, Euskal Herriari…

Bestalde «pasio» hitza askotan agertzen da. Borxa Arrillagak idatziriko “Ezer pasiorik gabe” kanta zoragarri bezain gogorrak gutariko bakoitzean pasioak eta berau galtzeak zein garrantzi izan dezakeen islatzen du.

«Maitasun» eta «pasio» hitzek izenburuan derrigor joan behar zutela uste izan dugu, bata bestearen osagarri direlako hein handi batean.

Esan bezala, kantu lasaiagoak daude disko honetan, argi zeneukaten hasieratik zerbait ezberdina egin nahi zenutela?

Bai. Aspalditik dago gure jarraitzaile askoren artean honelako eskaera bat. Hauetariko askok gure disko ezberdinetako kanta lasaiekin beren disko propioa egina dute eta askotan galdetu digute ea noiz kaleratuko genuen mota honetako disko bat. Guk ere zerbait ezberdina egiteko beharra edo gogoa geneukan eta horregatik izan da. Naturaltasunez.

Eta zer erantzun espero duzue jarraitzaileen aldetik?

Galdera ona. Hori ezin da jakin. Guretzat esperientzia berria eta ezberdina da. Jarraitzaileentzat ere hala izango da. Guztiek ez dute berdin hartuko, ezta biziko ere. Gu pozik gaude gure lanarekin eta emaitzarekin. Jendeak ere horrela jasotzea nahiko genuke.

Heavy metal edo doinu gogorragoen zaleen kritikak jasotzea espero duzue?

Heavy metal zaleek orokorrean egurra nahi dute. Baina oso sentiberak dira era berean. Gainera, metal musika unibertso bat da. Era askotako estiloak eta jarraitzaileak ditu. Batzuek beste batzuek baino hobeto hartuko dute, baina orokorrean lasai geldituko direla uste dut. Orain arte egin dugun musikak, gainera, jarraitzaile heavy eta ez heavyak ditu. Gure musika gogoko ez duten heavy eta ez heavyak dauden moduan. Disko honekin berdina gertatuko da. Batzuei beste batzuei baino gehiago gustatuko zaie. Heavya izan edo ez. Pertsona bakoitza, belaunaldiak, modak... ikusiko da zer gertatzen den.

Musika eta hitz gehienak zuk zeuk egin dituzu, kanta berriekin lokalera agertzean zer harrera jaso zenuen?

Oso ona, egia esan. Kantak grabatuta jartzen dizkiet lokalean eta entzuten ari garen une horretan urduri xamar egoten naiz gustatuko ez zaien beldurrez. Egia esan, norberarengandik sortu den zerbait norberak neurtzea oso zaila da, eta disko ezberdin bat izanda, gehiago. Taldekideek lagundu didate sortzen ari nintzen heinean eta zalantzak izan ditudan uneetan kantuetan benetan sinesten.

Maitasuna eta sexua “Sumendia sutan” abestian agertzen dira kantu gehienen hitzetan. Hala ere, badago kanta bat “Erresistentziara kondenatuak” gatazka politikoa zuzenean jorratzen duena.

Kanta honetan bizi dugun egoera politikoa islatu nahi izan dut. Baina gaur egunera heldu arte, gure aitona-amonez gogoratuz, nire barruan dauden sentsazioak, pentsatzeko modua eta haurra nintzenetik bizitako bizipenak islatu nahian. Urteetako zapalkuntza, errepresioa… horren aurrean eta horri aurre egiteko, babes modura izan dugun, askotan, gehiegizko hermetismoa. Hori onartzea. Gure akatsak onartzea. Hori alde batetik. Eta bestetik, aipaturiko urteetan jasaten ari garen kolonizazio eta bidegabekeria guztien aurrean-eta, Euskal Herriak nola jarraitzen duen eusten Estatu espainolaren eta frantsesaren artean indarrak hain desorekatuta egonda. Eta desoreka hori berdintzeko era nola lortu. Gatazka politiko hau behingoz konpontzeko eta askatasuna lortu eta gero, Euskal Herriari eta euskal herritar askori egin dietenagatik etsaia barkatu al izateko. Zoritxarrez bidea luzea izango da eta zalantzak ditut Euskal Herri aske bat noizbait ikusiko dugun. Ziur naiz baina, ez gaituztela desagerraraziko. Hortik “Erresistentziara kondenatuak”. Abestiaren pasarte batean, ziegan dagoen preso bat agertzen da. Arnaldo Otegi etortzen zitzaidan burura. Beste asko bezala bidegabeki kartzelatua, baina preso politiko guztien figura irudikatu nahi du.

Aipatu duzun bezala Borxa Arrillagaren hitzak ere badaude eta David Bowie ekartzen du gogora.

Bowie hil eta gutxira idatzi zituen. Ez dut Borxarekin hitz egin zehazki “Bowiek, denborari” kanta honen inguruko bere interpretazioaz, baina hitzak irakurrita, nik behintzat zera interpretatzen dut: unibertsoaren sorrerak ekarri gaituela hona eta bertan, nahiz eta batzuek beraien gaitasunengatik distira egin eta askorentzat jainkoak izan (Bowie kasu), denok berdinak garela.

Erritmo lasaiagoekin batera, piano eta teklatuaren erabilera nabarmentzen da hainbat kantutan. Zuk zeuk grabatu duzu edo nola sortu zen ideia?

Esan bezala, disko berezia egin nahi genuen. Aspalditik ez dugu pianoa diskoetan sartu eta ukitu berezia emango ziola pentsatu genuen. “Bowiek, denborari” kantako organoa sartzearen ideia estudiora sartu aurreko azken entseguan bururatu zitzaigun. «In extremis» esaten dena. Oso gustura geratu gara. Azkenean horrelako gauzatxoek kolorea eta indarra eman diote diskoari.

Bestalde, “Eguna argitzean” eta “Erresistentziara kondenatuak” kantak, pianoarekin sortutakoak dira. Bigarrenaren kasuan bi bertsio daude; pianorik ez daraman diskoko bigarren kanta eta diskoaren amaieran agur bezala doan pianozko bertsio originala.

Aipatu duzun “Erresistentziara kondenatuak II” kantuan beste estilo batean ondo moldatu zaitezkeela erakusten duzu.

Ez da gaitasuna erakustearren. Kanta pianoarekin sortu nuen eta gerora moldatu nuen gitarrara eta gure ohiko estilora. Pianoarekin sorturiko bertsio originalaren zatitxo bat ez sartzeak pena ematen zigun eta diskoa bukatzeko polita geratzen dela iruditu zaigu.

Disko berri honek zuzenekoetan beste modu batera aurkezteko aukera eskaintzen du. Zein formatutan aurkeztuko duzue?

Gure asmoa antzokietan aurkeztea da. Ikus-entzuleak eserita. Oraindik ez dakigu ziur aurkezpenak noiz egingo ditugun. Uztailean istripu bat izan nuen eta ezker eskuko atzamar bateko tendoi bat eta nerbioa moztu nituen. Oraindik errekuperatzen nago eta pixka bat luze joango da. Betiko formatuko kontzertuetan Aitor Losada ermuarra ari da gitarran ni ordezkatzen atzamarra sendatu artean. Dena dela, eta dena ondo badoa, Gabonak pasatu ostean hasiko gara.

Asko aldatu da gaur egun kontzertuetara hurbiltzen den publikoa?

Ikuspuntuaren arabera. Mundua azkar aldatzen doa. Globalizazioa dela eta, teknologia, komunikatzeko era, musika entzuteko era, erosketak egiteko era, parrandak egiteko era. Krisi ekonomikoak eta multinazionalek bultzatuta kalea aldatu egin da. Gazteak lokaletan biltzen dira, edo kalean leku jakin batean. Tabernetatik ibiltzeko ohitura asko jaitsi da. Kontzertuetara joatea oso selektiboa bihurtu da, baita dohain bada ere. Modak agintzen du eta oso modan bazaude gainezka egongo da, hortik aurrera inor ez. Baina aldi berean gaurko gazteak garai hartakoengandik berdin-berdinak dira gauza gehienetan. Ingurua aldatu da eta gazteak egokitu besterik ez dira egin.

Eta zuek nola bizi dituzue kontzertuak eta musika bera?

Aurrekoarekin lotuta doa. Gure kasuan zorionez, nahiz eta agian olatuaren gailurrean ez egon, askorentzat ez gara modaz pasatzen. Plazetan jotzen dugularik jende pila egoten da. Gehienetan plazak gainezka. Musika bizitzeko moduari dagokionez, asko ez dela aldatu esango nuke. Gure bizitzaren parte da musika eta gu musikaren parte.

90eko hamarkadan Euskal Herriko gazte belaunaldi oso bati eragin zenioten musika talde garrantzitsuenetako bat zarete. Zuen kantu asko, “Jo ta ke” esaterako, betiko geratuko diren kantu horietakoak izango dira.

Grabatua betiko geratuko da. Bizirik irauten duen ala ez, aldiz, denborak esango du. Belaunaldiak berehala aldatzen dira-eta. Joera eta moda berriei tokia utzi behar zaie. Eta aurretik egon denarekin zubiak mantentzea zaila da. Gero eta zailagoa bizi garen mundu globalizatu eta teknologiko honetan. Oreka bilatu behar da. Horretarako transmisioa oso garrantzitsua da.

Zuen konpromisoagatik zentsura ere pairatu behar izan duzue Estatu espainolean. Baretu al da azkenaldian zuen kontrako sorgin ehiza?

Bai, baina ondorioak utzi ditu. Etiketa bat ezarri dizute eta hori betiko da. Gu bezalako talde bat kontratatzea arazo bihurtu zen antolatzaileentzat eta beste formula batzuk bilatu zituzten. Modak aldatzen doazen heinean ez bazaituzte kontratatzen, gutxika-gutxika desagerrarazi egiten zaituzte. Dena dela, azken urteotan guk antolatuta egin ditugun kontzertuetan, Madrilen adibidez, ez dugu arazorik izan. Eta kontzertuak arrakastatsuak izan dira. Hamar urte jo ezinik egon eta gero. Dena dela, mamua ezkutatu besterik ez da egin. Edozein momentutan ager daiteke.

Disko berriarekin ba al daukazue atzerritik biraren bat egiteko asmorik?

Badabiltza Estatu frantsesetik eta Alemaniatik deika, eta agian kontzertu solteak bai baina birarik momentuz ez.

Bere garaian, Bildu koalizioa jaio zenean, 2011ko udal eta foru hauteskendeen kanpainarako kantua egin zenuten. Nola ikusten duzue gaur egungo egoera politikoa?

Garai hura heldu aurretik baino apur bat hobeto, baina ez askoz hobeto. Orduan errepresioa bortitza zen, edonor atxilotu al zuten abertzalea eta ezkertiarra izateagatik; torturatu eta kartzelan sartu. Ilegalak ginen ideologia honetako denak. Nire ustez, behin betiko su-etenak, guztiz ez bada ere, egoera hori baretzen lagundu du. Alderdiak legeztatzen lagundu du. Hein batean hobeto gaude, nahiz eta hor jarraitzen duen errepresioak, gazteriaganakoak batez ere, eta egoera bidegabe askok eta askok ere bai.

Bestalde, blokeo egoera luzatzen dihardute. Presoak politikoki erabili, sakabanaketa politika mantenduz. Zoritxarrez, ez Estatu espainolak ez frantsesak ez dute sekula Euskal Herria –Euskal Autonomia Erkidegoak, Nafarroak eta Iparraldeak nola bat egin alde batera utzita– subjektu politiko eta nazio bezala onartuko. Ezta hemen gatazka politikorik dagoenik ere. Bilateralki ez da sekula akordiorik lortuko erabakitzeko eskubidearen inguruan. Eta lortzekotan, subiranotasuna espainiar herritarrengan dagoela esango dute. Indarrak hain desorekatuta dauden bitartean, eta nahiz eta abertzale guztiak, ezker-eskuin, bat egin, Estatu espainolak azken muturreraino eramango du eskura duen edozein baliabide apurketarik gerta ez dadin, legeen bitartez edo militarki ere bai, behar izatekotan. Horregatik gaude zoritxarrez “Erresistentziara kondenatuak”. Eta eustea ez da gutxi izango.