2016 URR. 30 MASAI TRIBUA Lehoiak ehizatzetik haiek babestera Lantzak etxean utzi eta haien ordez GPS gailuak hartuta irteten dira lehoiak harrapatzera. Masai kulturako gazte talde bat Lion Guardians proiektuari esker felido ezagunen babesle bilakatu da. Ehizarako duten sena baliatzen dute, baina ez animalia akabatzeko, irrati bidez beraien kokapena adierazi eta babesteko baizik. Azken eguneraketa: 2016 AZA. 03 - 09:40h François Ausseill Ehiztariak izaten jarraitzen dute, euren helburu nagusia lehoiak topatu eta «harrapatzea» delako; baina horretarako erabiltzen dituzten bitarteko eta moduak oso desberdinak dira orain. Kenyako hegoaldeko lurretan bizi den masai tribuan hainbat gaztek felido handiak babesten dituzte, modu horretan euren komunitatea ere zaintzen dutelako. Haietako bat da Leiyio Lengete. Gerlariak manta gorri bat darama bizkarrean, urdin koloreko beste bat gerrialdean lotuta eta kolore biziko eskumuturrekoak daramatza, berriz, besoetan, orkatiletan eta lepoan. Horrekin nahikoa ez eta, metalezko uztai txikiak eta trentza luzedun ilea dotoreago egiten duen diadema koloretsua ere badaramatza aldean. Ez du, ordea, lantzarik; haren ordez GPS gailu bat ari da bere gorputzean lotzen. Lion Guardians izeneko elkarteak kanpamentu bat jarri du Selenkay inguruan, Tanzaniako lurretan egonagatik gertu dagoen Kilimanjaro Afrikako mendi garaienetik gertu. Iraileko egun epelean, «zaintzaile» masaiak oinez abiatu dira sastraka batzuetan barrena aurreko gauean basora sartu ziren hiru lehoiren bila. Haien arrastoak topatzea ez da erraza, lur lehorra duen zuloz beteriko eremu honetan. Atzeman dute, ordea, hiru animaliak beste hainbeste norabidetan banatu direla jana bilatzeko. Bi ordu beranduago masaietako batek isiltzeko agindua eman die gainerakoei, hiru lehoiak distantzia gutxira dituzte jada. Aspaldi ez dela, gizonek animaliak akabatuko zituzten zalantzarik egin gabe. Azken batean, «olamayio» esaten dioten errituaren parte da lehoien harrapaketa eta ehiztari batek lor dezakeen entzute eta gorespen hitz handienak dakartza. Kultura honetan, gizon izateko trantsizio errituaren parte da animalia honen ehiza. Era berean, komunitatearen abereei eraso egiten dietelako ere akabatu izan dituzte lehoiak, mendeku gisara. Lengete eta gainerako gerlarientzat egun horiek amaitu dira: behin aurkitu dituztenean, euren kokapena igorri dute GPSz kanpamentura eta bertatik iritsi da autoz Stephanie Dolrenry, proiektuaren buru zientifiko eta sortzailea. Egungo zientziaren aurrerapenak uztartu dituzte masaiek denbora luzean pilatu duten jakintza eta eskarmentuarekin. Azken helburua eremu zabal honetan dauden lehoiak zenbatu, argazkietan jaso eta haien portaera aztertzea da. «Proiektua ez da bakarrik lehoietara mugatzen, komunitatera bertara ere gerturatu nahi dugu», azaldu du Dolrenryk. «Zaintzaileek denbora asko ematen dute ganadua bilatzen, galdu diren artzainak topatzen, baita mendian galdutako umeak etxera bueltan eramaten ere. Zaintzaileak bertan daude eta gai dira beste inor baino azkarrago jarraipena egiteko», nabarmendu du 37 urteko amerikarrak. Iaz, esaterako, milioi bat dolarrera iritsiko ziren galerak ekidin zituzten, galdutako abereak aurkituta. Arriskuan dagoen animalia zaindu. Proiektuak, izan ere, komunitatetik gertu izaten laguntzen die gerlariei eta, era berean, lehoiekin erlazio estua izaten jarraitzen dutenez, tradizioari lotuta segitzen dute. Esaterako, lehoi batek abere bat hildakoan, komunitateko kideak konbentzitzen dituzte lehoien kontra ez egiteko, esanez arriskuan jarriko luketela ganadua errekuperatzeko egiten duten lan hori, baita masai komunitatea bera ere. Azken batean, bizitza basatiaren babesle direlako. Proiektua guztiz onuragarria izan da inguruan bizi diren lehoientzat; 2007tik 2016ra lau aldiz biderkatu dute kopurua eta jada 150 dira. Baina orokorrean Afrikan bizi diren lehoiak gero eta gutxiago dira. Neurriak hartu ezean, bi hamarkadetan desagertuko dela aurreikusi zuen Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaile talde batek. Inguruaren eraldaketa eta gizakien jarduera dira arriskurik handiena. Ezin da jakin zehatz-mehatz zenbatekoa den Afrikan bizi diren lehoien kopurua. 2012. urtean 32.000 ziren, XX. mendearen erdian milioi erdi ere baziren. Lehoientzat ez ezik, beste animalia batzuentzat ere onuragarria izan da proiektua: aspaldian agertu gabeko bufaloak ikusi dituzte inguruan; elefanteak taldeetan mugitzen dira eta inguruan Kenyan ikusten zaila den beste animalia batzuk ere aurkitu dituzte, afrikar altzea edota jirafa gazela esaterako. Kenyan ez ezik, Lion Guardians taldeak Tanzanian, Ruandan edota Zimbabwen ere proiektuak ditu helburu berberak lortzeko eta batez ere AEBetako diru pribatua du finantza iturri. Selenkay inguruan bost «zientzialarirekin» hasi ziren lanean, baina gaur egun 40 baino gehiagok jarduten dute eta bakoitzari 108 euro ordaintzen dizkiete. Proiektura batu den azken gazteetako bat da Mitiaki Kitasho. Orain dela urtebete eskatu zuen proiektuan sartzeko aukera, ilegalki elefante bat lehenik eta lehoi bat ondoren akabatu ostean. Bi alditan egon zen espetxean arrazoi horregatik. «Ez da komunitatea babesteko eta nire ospea eta errespetua handitzeko hil ez dudan animaliarik», onartu du. Baina gerlari trebe horien ausardiak ez du jada janik jartzen mahaiaren gainean eta espetxetik irten orduko proiektuko arduradunei eskatu zien lana. Orain, masai gerlarien antzera, gustuko duen hori egiten jarraitu dezake, lehoiei jarraipena egiten alegia.