7K - zazpika astekaria
Elkarrizketa
Najat el Hachmi

«Mina elkarbanatzea erresistentzia tresna da eta, zenbaitetan ahazten badugu ere, literatura bera horixe ere bada»


Marokon (Nador, 1979) jaioa, 8 urte zituenean Kataluniako Vic herrira etorri zen bere familiarekin batera. Dioenez, bere jaioterriko emakumeen bilkuretan sortu zitzaion idazle izateko grina, han ernatu zitzaiolako «kontatzeko» beharra. Dagoeneko lau liburu –“Jo també sóc catalana” (2004), “L’ultim patriarca” (2008), “La caçadora de cossos” (2011), eta “La filla estrangera”(2015)–, argitaratu ditu eta Durangoko Azokan izan da Txalapartak euskaratu eta argitaratu duen “Azken patriarka” liburua aurkezten. Bosgarren lana jada esku artean duela aurreratu du eta hor ere immigrazioa, jatorria, hizkuntza, familia eta belaunaldien arteko gatazkak hizpide hartuko ditu. Gai nagusi hartuak ditu, izan ere.

Zortzi urterekin zure jaioterria utzi eta Kataluniara etorri zinen zure familiarekin. Umetan bizi izandako prozesu hura zure idazkien ardatz bilakatu duzu. Hain sakona al da migrazio prozesuak uzten duen orbana?

Errealitatea ikusteko modu oso desberdinak hartzen ditu bere baitan migrazioak eta barne gatazka handiak eragiten ditu. Horregatik da, nire ustetan, horren gai aberatsa literaturarako. Maila pertsonalean ere prozesu konplexua da, nire nobelan aipatzen ditudan emakumeei, errealitatean daudenei bezalaxe, inork ez zien eman, izan ere, errealitatea, ez jaioterrikoa eta ez hartu zituzten eremuetakoa, ulertzeko tresnarik. Asko miresten ditut, beraz, emakumeek egoera horiei aurre egiteko sortu eta erakutsi zituzten errekurtsoak.

Emakumeak istorioen erdigunean jarri nahi izan dituzu.

Bai, ni tipikoki patriarkala den herrialde batetik nator eta hori ulertzen, zer den ezagutzen eta, batez ere, nola aldatzen den asmatzen saiatzen naiz. Gainera, badut erabat ezkutuan geratzen den nire familiako emakumeen mundu hori agerian jartzeko borondatea. Nire ustetan, idazle batentzat garrantzitsua da zer zaren eta nondik zatozen azaltzea eta nik nire liburuetan islatu dudan emakumeen mundu hau ia apenas aipatu da orain arte. Lan hori egitea, istorio bat kontatzetik harago doa.

Emakume musulmanek ikusten ez den bizitza asko dutela esana duzu, bai...

Nik gogoan daukat txikia nintzela emakume haiek kontatzeari ematen zioten garrantzia handia zela. Emakumeak edozein zereginetarako elkartu eta haietako bat zerbait kontatzen hasten zenean, gainerakoak isildu eta adi-adi entzuten zioten. Izan ere, kontatzea erresistentzia tresna bilakatzen zen eurentzat. Injustizia asko gertatzen den eremuan, eta emakume horiek asko pairatzen zituzten, egoera horiek jasateko modu bakarra hori kontatzea zuten. Gertatutakoa kontatzeak eta gainerakoak entzuteak ondorio terapeutikoa zuen, nolabait esateko. Mina elkarbanatzea erresistentzia tresna da eta, zenbaitetan ahazten badugu ere, literatura bera horixe ere bada: eskubide oinarrizkoenak zapaltzen ari zaizun sisteman pertsona gisa eskubide horiek baditugula gogorarazteko baliabide ederra.

Euskaraz argitaratu duzun “Azken patriarka” liburuan eta “La filla estrangera” lanean immigrante baten alabaren ahotik mintzatu zara eta haustura hartu duzu ardatz.

Hausturak kontraesan asko eragiten dizkie migrazio prozesua bizi izan duten pertsonen seme-alabei, batez ere alabei. Jatorrizko kulturako egoki jotzen ez ditugun elementuak aldatu nahi ditugu, baina hari erabat atzea eman gabe. Zaila da eta negoziazio handia eskatzen duen prozesua da. Erabat haustea proposatzen zaigu maiz, baina ez da soluzio bat. Garrantzitsua da norberarentzat balioan jartzea jatorriko kulturako hainbat elementu, positiboak direnak eta elikatzen zaituztenak; gainerakoan, zeure buruaren aurka egingo duzu, pertsona bat bere jatorria ere badelako.

Baina agindu asko ematen zaizkiela diozu, ezta?

Bai, esaterako, emakume marokoarrei leku guztietan esaten zaie zer egin behar duten: nola jardun behar duten, nola jantzi... Euren jatorriko herrietan ere gizonek baino presio gehiago jasaten zuten, gehiago begiratzen zaielako. Ezarritako arauen kontra eginez gero, badirudi ezarritako estruktura guztia zalantzan jarriko dutela eta horregatik zigortu egiten dituzte. Hala, neska gazteak egiten dugun edozer gauzak sekulako esanahia izango duela pentsatuz hazten gara. Baina ez jatorriko herrietan bakarrik, hemen ere emakumeak gizonak baino gehiago behatu eta aztertzen dira. Adibidez, inork ez die gizonezko atzerritarrei nola jantzi behar duten esaten, baina emakumezkoei bai. Azken batean, nire ustez, atzerritarren desberdintasunak ezabatu nahi izaten dira edota azaleko elementu gisa hartu. “La filla estrangera” liburuan protagonista arraro gisa deskribatzen du bere inguruak. «Begira zer ondo hitz egiten duzun... zein ondo moldatzen zaren...». Azken batean, bistakoa da ez dutela bere aldetik ezer espero eta hori islatzen da komentario horietan, hori ere bazterkeria da.

Alabek, gainera, askoz ere garbiago dituzte baldintza horiek eta euren gurasoei bistararazi behar izaten dizkiete haiek ez direlako ikusteko gai. Argi dute ez dela euren lurra, lanera etorri direla eta oso modu naturalean barneratzen dute diskriminazioa. Seme-alabek ez, ordea. Gizartean txertatzeko ahalegina egin dugu, eta gure lagun taldean beste bat garela pentsatuz hazi izan gara. Horregatik oso frustragarria da lan munduan barneratu nahi eta zailtasunak ditugunean gure jatorriagatik. Kasu honetan, diskriminazio zantzuen transmisioa kontrako norabidean egiten da, seme-alabetatik gurasoetara. Kontuan hartu behar da helduek migratzen dutenean ez dutela pentsatzen lurralde horretan betiko geratuko direnik, denbora bat igaro eta itzuliko direla uste dute. Seme-alabek ez dugu itzultzeko lekurik eta ez dugu gauden tokikoak garela aldarrikatzea beste aukerarik.

«Azken patriarkan» patriarkatu bortitza deskribatzen duzu, baina, agian, ez dagoela hemen sumatu duzunetik hain urrun diozu.

Denetariko iritziak jaso ditut. Hori han gertatzen dela esan didate, eta indarkeria azalean bizi izan duen emakume batek, berriz, era batean ikusi du bere burua islatuta istorioan. Nik uste dut hau konpondua dagoela edota bere kabuz konponduko dela pentsatzea akatsa dela. Liburuan aipatzen dudan matxismorik gogorrenean erreparatzen badugu soilik, nahigabean eta isilean gertatzen den horri ez diogu begiratuko eta ez dugu ezer lortuko. Hori ez da matxismoarekin bakarrik gertatzen, besteengan ikusten duguna gugan ikusteko gaitasunik ez dugu. Esaterako, orain sarri aipatzen da Britainia Handian Brexitaren ostean arrazakeria handitu dela. Ni txunditu egiten nau jendea ikustea harrituta hemen ohikoak diren jarrera batzuk aipatzen. Edota erlijioaren eta estatuaren arteko harremana erlijio musulmanarekin baino ez dela gertatzen pentsatzea; hemen ere ez daude bi alorrak erabat bereizita, ez behintzat herrialde laiko batean egon beharko luketen adina.

Ez dira hain handiak desberdintasunak, hori azaldu nahi duzu literaturaren bidez?

Nire lehen helburua ez da hori, baina ezinbestean gertatzen da. Ni nire errealitatea ulertzen eta islatzen saiatzen naiz, baina ez direla horren errealitate urrunak ondorioztatzen dut beti. Lurralde desberdinetakoak diren idazleen artean ere nabari da halakorik. Zuk urrutiko autore baten lana irakurtzen duzunean desberdintasunak sumatzen dituzu, baina ez duzu haiekin konektatzen; pertsonen sakontasunarekin konektatzen da eta hori unibertsala da: gauza bertsuek egiten digute min, gauza bertsuek arduratzen gaituzte...

Pasa den uda honetan, harrabotsa sortu da burkiniaren inguruan eta Nizatik iritsitako irudiek –emakume bati burkinia kenarazi zion Poliziak hondartza batean– jende asko haserrearazi zuten.

Bai, baina nire ustez patxadaz egin behar da hausnarketa. Nik uste dut askoz ere gehiago inbertitu behar dela hezkuntzan eta emakumeak jakitun izan daitezen zergatik daramaten zapia. Azken denboran erlijioaren inguruan diskurtso atzerakoiak ari dira asumitzen. Horiei aurre egin behar zaie batez ere nesken artean, izan ere, erlijioak garrantzi identitario handia hartu du eta ez luke behar. Entzun dut islamaren aurka egiten delako erantzuna dela, baina niri deigarri egiten zait erlijioarekin gertatzea eta ez adibidez hizkuntzarekin, ahozko literaturarekin... Mezu horiek bereziki kaltegarriak dira neskentzat, euren gorputzak eta sexualitatea kontrolatzen dituztelako, baina ezin dira soilik debekuaren bitartez aurre egin. Nizako irudia erabat iraingarria da, baita emakumeen opresioaren kontrako edozein sinbolo baztertzen duenarentzat ere, baina niri ez zait gustatzen gertaera horien kontrako aldarriak zapiaren edota edozein motatako opresio sinboloren aldeko keinu bilakatzea. Akaso janzteko modu batekin identifikatzeko erabiliko dituzte sinbolo horiek; agian, beren jatorriko elementu bat izateko, baina jakin behar dute modu honetan emakumeek euren gorputza arazoa dela onartzen dutela, gizonak ekidin ezin duen desira kontrolatu behar dutela onartzen dutela. Islamofobiaren aurka egiteko ez da matxismoa babestu behar.

Beste liburu bat duzu esku artean, baina orain amaren ahotik mintzatuko zara.

Ama-alaben arteko harremanak asko interesatzen zaizkit, sentimendu asko eta sakonak hartzen dituztelako beren baitan. Idazteko orduan garrantzitsua da emozionalki sakonak diren eremuak aztertzea. Amatasuna bera ere asko interesatzen zaidan gaia da, baina oraindik ez dut sakonean landu alabaren paperean aritu naizelako. Kontraesan asko sortzen zaizkie emakume hauei egokitze prozesuan eta konplexutasun hori maila literarioan guztiz aberatsa da, nahiz eta egunerokoan erabat deserosoa izan eurentzat.