7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Eskutitz minak


Urteetan zehar jaso izan ditudan gutunak gordetzen zituen kutxa galdu dut. Eskuetatik atera eta bihotzera bidalitako hitzak desagertu dira nonbait. Galdu dudala diot baina, egia esan, eskutitzetako hitzek hegan ihes egin dutela irudikatzea nahiago dut; iritsi bezala joan direla pentsatu, barrenean arrastoa utzita. Kutxa, ordea, misterioa da, ez baitakit nola egin duen ihes. Beharbada aspaldiko garai batera joan da kaxa bere kasa, gutunak idazten genituen garai erromantiko horretara bertara.

Beste garai bateko egun haietan airean gutun asko ibiltzen omen zen, ditxosozko egun zoriontsuen argudioz. Baina gaur inork gutxik bidaltzen ditu posta bidezko zorion gutun alai edota elurrezko postal koloretsuak. Euskal herritarrok, ordea, ohiko posta tradizionalaren kopuruaren batez bestekoa igoko dugu, ziur asko. Presoek oraindik ere gutunak jasotzen dituztelako, lehen baino gutxiago agian, baina maitasunez idazten diegu oraindik.

Askotan, amodioarekin ere lotu izan dira eskutitzak. Azken boladan, baina, gorroto gutunak deskubritu ditut eta, kontraesana badirudi ere, maiteago ditut. Oholtzan ikusitako antzerki paregabeak Francoren bilobari gutuna idaztea proposatzen du. Gutunak konta lezake nolako minak jasaten ditugun oraindik eta zenbat azalpen behar dugun erresuminez ito ez gaitezen. Ondo pentsatzen jarrita, oso luzea litzateke azalpen eske bidali beharko genukeen minezko eskutitzen zerrenda.

Nik Olentzerori idaztea erabaki dut, erresuminduta, bai. Eta mesedea eskatu diot. Ager dadila behingoz etxean, baina berak maite duen gisan. Izan dadila nahi duena. Ken ditzala gainetik jarri dizkioten erretzeko moduko etiketa bereizleak. Izaki mitikoa gizaki tipiko bihurtuta. Merkataritzarako errentagarriagoa da gizon bizar zuriduna eta barre algaraka jarduten den halakoa edukitzea. Ederto balio du kapitalismoaren onurarako heterosexuala eta bikoteduna izateak ere, jakina. Berdintasunaren izenean Mari Domingi ezarri genion, erosketak berdindu bitartean berdintasuna isilarazteko. Gutun-azala itxi bezala, etxeko ateak irekiko dizkiogu gaur. Etor dadila bizarrik gabe, triparik eta zakilik gabe, eta takoiak jantzita, hala maite badu. Bera datorrenerako, mozkorraren mozkorrez, gutun berriren bat idazten harrapatuko gaitu. Beraz, ea garaiz janzten ditugun dantzaldirako takoiak. Dantzan egin eta gero, erresuminez erreko ditugu olentzeroak eta minak, toki askotako tradizioari jarraituz, herri askotan Olentzerok gaur sutan bukatu behar duen lez. Etxean bihozminez biziko dugu erreketa, mina gure bizitzako bidaidea delako. Baina gutunetako desioak idaztean bezala, poza ere izango dugu, idatzitako tradizio zaharrak erreko baitira, egiteko dauden usadio berriak sortzeko. Gure eskuetan dantzan dabilen arkatzaren hitzek idatziko dituzte ohitura berriak. Gure egunerokoa orri zuri bat baino ez da eta, oraindik ere, marraztu ditzakegu erretzeko modukoak ez diren tradizioak.